- Neurri hauek prebentiboak dira, bihar, asteazkena, kontsulta-kopurua areagotzea aurreikusten delako, eguzki-eklipsean begiei esposizio ezegokia emateagatik.
- Osakidetzak jarduera asistentziala berariaz monitorizatuko du eklipsearen egunean eta ondorengo egunetan, eta, horretarako, baliabideak egokituko ditu eta neurri egokiak hartu, eskariaren bilakaeraren arabera, arreta egokia bermatzeko une oro.
Osakidetzak dispositibo berezi bat aktibatu du larrialdietan arreta oftalmologikoa indartzeko, bihar, asteazkena, abuztuak 12, eguzki-eklipsean begiei esposizio ezegokia ematearen ondoriozko kontsultak areagotuko direla aurreikusten delako. Euskal Osasun Zerbitzuak etengabeko jarraipena egiten die asistentzia-eskaera puntualki areagotzea eragin dezaketen egoerei, une oro arreta egokia, arina eta segurua bermatzeko helburuarekin.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleak indartzea
Osakidetzak oftalmologiako espezialisten presentzia bermatuko du hiru lurralde historikoetako ospitaleetako larrialdietan. Hala, Gurutzetako, Txagorritxuko eta Donostiako unibertsitate-ospitaleetan, abuztuaren 12ko eta 13ko arratsaldeko eta gaueko guardietan, ohiko estaldura emateaz gain, oftalmologiako hainbat espezialista ere bertaratuko dira, eta ospitale bakoitzean beste laguntzaile bat ere egongo da, gehigarri. Horrela, erantzuteko gaitasuna indartuko da eklipsearen gauean eta biharamunean.
Era berean, hiru ospitale horietako oftalmologia-zerbitzuek goizeko ordutegiko jarduera egokitzea aurreikusi da abuztuaren 13, 14 eta 15ean, eta, beraz, behar diren neurriak gaitu dira eklipsean eguzki-argiarekiko esposizioarekin lotutako kontsulta urgenteak dituzten balizko paziente gehiago artatu ahal izateko.
Oftalmologia-zerbitzua duten gainerako ospitaleetako jarduketa
Oftalmologia-zerbitzuak dituzten baina larrialdi-guardiarik egiten ez duten Osakidetzako Erakunde Sanitario Integratuetako (ESI) ospitale guztiek, hala nola Gipuzkoan Mendaroko Ospitaleak, Zumarragako Ospitaleak, Bidasoako Ospitaleak eta Debagoieneko Ospitaleak, eta Bizkaian Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak, Galdakaoko Unibertsitate Ospitaleak eta San Eloy Ospitaleak eta Urdulizko Ospitaleak, beren larrialdi-zerbitzuetan jarduera areagotzea aurreikusi beharko dute abuztuaren 13, 14 eta 15ean, eta, ondorioz, beharrezko baliabideak gaituko dituzte fenomeno astronomikoa behatzearen ondoriozko sintomak izan ditzaketen pazienteak artatzeko.
Arreta koordinatua eta jarraipen asistentziala
Osakidetzako ESI guztietako Larrialdietako eta Oftalmologiako zerbitzuak jakinaren gainean daude, eta prest daude eklipsean begiei esposizio ezegokia ematearekin lotutako edozein intzidentziari erantzuteko. Lehen maila asistentzialean, larrialdietako profesionalek hasierako balorazioa egingo dute, eta, beharrezkoa izanez gero, oftalmologiako espezialistengana bideratuko dituzte pazienteak, arreta espezifikoagoa emateko.
Osakidetzak etengabe monitorizatuko du jarduera asistentziala eklipsearen egunean eta hurrengo egunetan, eta, horretarako, baliabideak egokituko ditu eta oftalmologian beharrezkoak diren espezialistak aktibatu larrialdietako taldeak indartzeko, unean uneko eskariak hala beharko balu. Era berean, espezialisten lan-agendetan eta kontsultetan berariazko espazioak aurreikusi dira, kaltetutako pazienteei arreta urgentea emateko eguzki-jardunaldiaren ondorengo egunetan.
Herritarrentzako gomendioak
Osasun Sailak eta Osakidetzak herritarrei gogorarazten diete oso garrantzitsua dela segurtasun-gomendioei jarraitzea eta soilik gailu homologatuak erabiltzea fenomeno astronomiko hau behatzeko, ikusmen-osasuna babesteko eta erretinan balizko lesio okular larri eta konponezinak prebenitzeko, begiei esposizioa eman eta handik hainbat ordura edo egunera ager baitaitezke kalteak, berehala minik sentitu gabe.






