La Cubana Bilbora iritsi da

0

Bai, La Cubana Bilbora iritsi da. Gaur goizean bertan —eta eklipsea baino lehen—, konpainiak bere ikuskizun berria aurkeztu du: La cuisine de ma cousine. Emanaldiak bihartik, abuztuaren 13tik (osteguna), irailaren 13ra bitartean izango dira Arriaga Antzokian. Hilabete irauten duen egonaldi horretan, 29 emanaldi eskainiko dituzte. Proiektu hau su motelean landu da eta osagaiak arretaz nahastu dituzte, Bilbora puntu-puntuan iristen den antzerki-errezeta bat sortzeko.

La Cubanak izenburu frantsestua duen “komedia ero” bat sortzea erabaki du agertokietara itzultzeko. La cuisine de ma cousine “sukaldaritzako melodrama” bat da (“made in” Cubana, bere erara egindakoa): oraingo honetan, gastronomiaren munduan murgiltzeko balioko digu eta, ohikoak dituzten osagaiak erabilita —umorea, musika, abestiak, kolorea, erritmoa, sorpresak, parte hartzea eta, oraingoan, baita bertako konplizitate handia ere—, azkenaldian guztiok hartu gaituen “zoramen gastronomiko” horretan barrenduko gara. Zoramena ez da soilik «aho txikientzat» egindako platerak dastatzean ongi jateagatik sortzen, baizik eta baita «itxurak egiteko» behar horregatik ere, denek jakin dezaten zer jaten ari garen eta non jaten ari garen. Arriaga Antzokia munduko gastronomiaren epizentro bihurtuko da udara honetan. Eta horixe da oraingoz esan dezakegun guztia…

Kataluniako konpainiak beti utzi izan du zapore bikaina Bilbon eta idilio berezia du Aste Nagusiarekin. Arriagara uda batean egindako azken bisita 2018an izan zen, Adiós Arturo ikuskizuna antzeztu zutenean. Aurretik, arrakasta handia izan zuten bestelako antzerki eta musika ikuskizun eroekin, hala nola Campanadas de boda (2013), Mamá, quiero ser famoso (2004) edo Cegada de amor (1995) lanekin. Horrez gain, publikoak gogoan du Cómeme el coco, negro (2007), Ayala Antzokian antzeztu zena.

Sinopsia

Brigitte Raventós sukaldari katalana, mundu mailan hedatuta dagoen La cuisine de ma cousine izeneko jatetxeen katearen jabea, “sentimenduen sukaldaritza” sortzeagatik da ezaguna, eta baita hamaika izar gastronomiko eskuratu izanagatik. Orain Bilbora iritsi da, berarentzat hiri berezia den horretara -bertan jaiotako Fernando Garciarekin ezkonduta dago duela 30 urte-, eta arrazoi horregatik gehi nazioartean duen ospeari helduta, Bilboko Udalak Hiriko Alaba Adopzioaren domina eman dio ekitaldi berezi batean. Berak, eskertuta, Su motelean prestatutako sentimenduak (Simmered Feelings) bere azken masterclass-aren nazioarteko aurkezpena Bilbon egitea erabaki du. Zer dela eta hautatuko du Bilbo horrelako ekitaldi handi baterako? Gu gustuko gaituelako al da? Ondo bazkaltzen dugulako? Ba ote da ez dakigun zeozer?