Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 1,7 milioi euro inguru bideratuko ditu Prestakuntza planak garatzera eta hauteskunde sindikalei lotutako jarduera indartzera

0
  • Gizarte eragileen kualifikazioa finantzatuko dute laguntzek, eta Euskadin hauteskundeetan parte hartzeko, jarraipena egiteko eta ikuskatzeko lanak sustatuko dituzte

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Mikel Torres Lehendakariordeak proposatuta, sindikatuei eta enpresa erakundeei zuzendutako dirulaguntzen bi agindu onartu ditu ostegun honetan, 1.666.776 euroko zuzkidura ekonomikoarekin, gizarte eragileen kualifikazioa indartzeko eta Euskadiko hauteskunde sindikalei lotutako organoen funtzionamendua bermatzeko.

Alde batetik, 829.539 euro bideratuko dira sindikatuentzat eta enpresa erakundeentzat, erakunde horiei lotutako pertsonek beren jarduera eremuetako gaietan duten kualifikazioa hobetzera bideratutako Prestakuntza planak garatzeko. Deialdi horren helburua da gizarte eragileek sustatutako Prestakuntza programak indartzea eta egoera soziolaborala hobetzen laguntzea, haien koadroak eta langileak gehiago trebatuz.

Diruz lagundutako ekintzek 2026an hasi beharko dute, eta 2027ko martxoaren 30a baino lehen amaitu. Aurreikusitako baliabide guztietatik, % 60 erakunde sindikaletara bideratuko da, eta % 40 enpresa erakundeetara. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez.

Bestalde, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 837.237 euro bideratuko ditu Sindikatuen Hauteskundeen Batzordea eta Lurralde Batzordeak osatzen dituzten sindikatuentzat, bai eta 237/2000 Dekretuan araututako ikuskapen erregimenean parte hartzeagatik ere. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak izango dira erakunde onuradunak, eta bakoitzak 209.309,25 euroko dirulaguntza jasoko du.

Zenbatekoa zati berdinetan banatuko da, 2026ko ekainaren 22an Sindikatu Hauteskundeen Batzordean ordezkaritza duten erakunde sindikalek eta Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak lortutako akordioaren ondoren. Finantzaketa horrek Euskadiko hauteskunde prozesu sindikalak behar bezala garatzen direla zaintzeko ardura duten organoen funtzionamenduari erantzuten dio.