- Akordioari esker, biktimen erroldak eta hobien mapak koordinatu ahal izango dira, egia, memoria eta justiziarako eskubidean aurrera egin dadin
Gobernu Kontseiluak, María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak proposatuta, Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren eta Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko Ministerioaren arteko lankidetza-hitzarmena onartu du gaur. Elkarlan horri esker, Gerra Zibilean eta diktadura frankistan desagertutako pertsonei buruzko informazioa eguneratu eta partekatu ahal izango da.
Akordioak aukera emango du bi administrazioetako biktimen erroldak eta desagertutako pertsonen kokapen-mapak koordinatu eta eguneratzeko eta haien integrazioa eta baterako kontsulta errazteko.
Datuak eta informazioa elkarri helarazteak, halaber, biktimen erroldak eta desagertutako pertsonen kokapen-mapa modu koordinatuan eguneratzea ahalbidetuko du. Horrek Euskaditik kanpo desagertutako euskal herritarrak bilatzea eta identifikatzea erraztuko du, eta, era berean, gure lurraldean hildako beste autonomia-erkidego batzuetako pertsonak identifikatzeko aukerak areagotuko ditu. Era berean, hitzarmenak Euskadiko hobien mapa eguneratzea eta Estatu osoko mapa integratuan sartzea bultzatuko du. Horrela, biktimen eta haien familien egia, memoria eta justiziarako eskubidea indartuko da, Estatuko Memoria Demokratikoaren Legeak eta Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legeak jasotzen duten moduan.
Jarduketa hori Gogora Institutuaren 2025-2028 aldirako Jarduketa Planean jasota dago. Planak memoria demokratikoaren, ikerketaren eta biktimen aitorpenaren arloan administrazioen arteko koordinazioa indartzearen aldeko apustua egiten du. Testuinguru horretan, Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluak hitzarmena sinatzeko baimena eman zuen ekainaren 4an egindako bileran. Bilera horretan parte hartu zuten Imanol Pradales lehendakariak eta María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak.






