Prebentzio kultura “gero eta sendoagoan, berritzaileagoan eta lan munduak planteatzen dituen arrisku berrietara egokituan” aurrera egiteko eskatu du Torres Lehendakariordeak

0
  • Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak berretsi du laneko segurtasunarekin eta osasunarekin duen konpromisoa, eta nabarmendu du “lanaren etorkizuna pertsonak erdigunean jarriz eraiki behar dela”

 

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak eskatu du aurrera egiteko prebentzio kultura “gero eta sendoagoan, berritzaileagoan eta lan merkatuak planteatzen dituen arrisku berrietara egokituagoan”, eragile sozial eta ekonomiko guztiekin, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziarekin eta Osalan –  Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearekin batera.

Bilbon, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziaren (EU-OSHA) bulego berrien inaugurazioan, Torresek berretsi du Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak lan ingurune seguruekin duen konpromisoa. “Lanaren etorkizuna pertsonak erdigunean jarriz eraiki behar da”, adierazi du.

Eraldaketa teknologiko, digital eta demografikoaren testuinguruan, Torres Lehendakariordeak defendatu du aldaketa horiek “arrakasta” izango dutela “enplegu seguru, osasuntsu eta kalitatezkoekin batera doazenean”. Era berean, apustu egin du lehiakortasunak eta langileen babesak eskutik helduta egin behar dutela aurrera: “Ez dira helburu kontrajarriak, txanpon beraren bi aldeak dira”.

Inaugurazio ekitaldian, Roxana Mînzatu Europako Batzordeko Eskubide Sozialen eta Gaitasunen, Kalitatezko Enpleguaren eta Prestaketaren presidenteorde exekutiboa eta William Cockburn EU-OSHAko zuzendari exekutiboa ere izan dira. Torresek eskerrak eman dizkie bertaratzeagatik eta zorionak eman dizkie etapa berri horrengatik.

Lehendakariordeak nabarmendu du Euskadirentzat “harro egoteko modukoa” dela nazioarteko erreferentziazko Europako erakunde baten egoitza hartzen jarraitzea. Azpimarratu du EU-OSHAk hiru hamarkada baino gehiagotan Bilbon izan duen presentziak hiria eta Euskadi “gogoetarako, ikerketarako eta laneko segurtasuna eta osasuna jarduera ekonomiko eta sozialaren erdigunean jartzen dituzten politikak bultzatzeko topagune” bihurtu dituela.