Gaurko Gobernu Kontseiluan argi berdea eman zaio Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren eta Zarauzko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmenari, Irita eremuan 230 etxebizitza eta zuzkidura-apartamentu berri eraikitzea, udalerrian aurreikusitako etxebizitza publikoko jarduketa nagusia eta gaur egun Gipuzkoan proiektatutako alokairu publikoko sustapen handienetako bat bultzatzeko.
Proiektuaren baitan, babes publikoko 130 etxebizitza (BOE) eraikiko dira alokairu-erregimenean, eta 100 zuzkidura-apartamentu (AD) txandakako erregimenean, bost urtez. Proiektuak 34,6 milioi euroko inbertsioa izango du; horietatik 32,1 milioi eraikuntzari dagozkio eta 2,5 milioi urbanizazio-obrei. Jarduketa jada jasota dago Visesaren 2027rako Programa Kontratuan, eta 2030ean gauzatuko da.
Era berean, Azkoitiko Udalarekin eta Azkoitia Lantzen enpresarekin sinatutako hitzarmenaren gehigarria baimendu da, Txalon Errekako lau lurzatitan babes sozialeko 111 etxebizitzaren sustapenean aurrera egiteko.
4,46 milioi euro gizarte-ekonomiako enpresak sortzen eta finkatzen laguntzeko
Gobernu Kontseiluak dirulaguntzen bi deialdi onartu ditu, Euskadin Gizarte Ekonomiaren ekosistema sustatzeko. Guztira, 4,46 milioi euroko zuzkidura izango du 2026ko ekitaldirako. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak azaldu duenez, «laguntza horiek kooperatiba eta lan-sozietate berrien sorrera sustatzera eta lehendik daudenen lehiakortasuna eta kudeaketa indartzera zuzenduko dira, laguntza tekniko espezializatuko jardueren bidez».
Deialdi nagusiak 4.025.000 euro ditu, eta helburua da ekintzailetza kolektiboa sustatzea, gizarte ekonomiako enpresa berriak eratzea eta bazkide langileak sartzea. Bigarren deialdiak, 440.000 euro bideratuko ditu gizarte ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emateko deialdira, euskal kooperatiba eta lan sozietateen kudeaketa eta lehiarako gaitasuna hobetzeko.
1,25 milioi euro Basque Quantum estrategia sendotzera
Gobernu Kontseiluak 1,25 milioi euroko zuzeneko laguntza onartu dio Ikerbasque Fundazioari, Basque Quantum (BasQ) estrategia indartzeko. Ekimenaren helburua da Euskadik teknologia kuantikoen arloan dituen gaitasunak sendotzea eta alor horretan nazioarteko erreferentziazko polo bat eraikitzen aurrera egitea.
Laguntzaren bidez, BasQren gaitasunak indartu ahal izango dira hainbat arlotan: ikerketa; prestakuntza eta gaikuntza; berrikuntza eta transferentzia teknologikoa; azpiegitura zientifiko-teknologikoen kudeaketa; Euskadiko ekosistema kuantikoaren gobernantza eta koordinazioa; eta komunikazio eta zabalkunde jarduerak.
190 Ikasiker beka, unibertsitateko ikasleak ikerketara mundura hurbiltzeko
Gobernu Kontseiluak 2026-2027 ikasturterako Ikasiker programaren deialdia onartu du. Guztira, 190 beka emango dira unibertsitateko ikasleek Euskadiko ikerketa-talde eta -zentroetan parte hartu eta ikerketa-jardueraren berri izan dezaten. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak 330.000 euro bideratuko ditu laguntza hauetara.
Onuradunek ikerketa-proiektuetan parte hartu, talde eta zentroetako jarduera ezagutu eta zientzia-jardueraren berezko metodologiak eta lan egiteko moduak ezagutzeko aukera izango dute.
Ikasiker programa Euskadin erroldatuta egon eta graduko azken-aurreko edo azken mailan edo master ofizial batean matrikulatuta dauden ikasleei zuzenduta dago.
Deialdiak 2.000 euroko 150 beka aurreikusten ditu ikasturtean zeharreko lankidetzetarako, eta 750 euroko 40 beka udako aldirako. Dedikazioa astean sei eta hamabost ordu artekoa izango da, betiere eskola-ordutegiaren barruan, eta laguntzek prestakuntza-izaera izango dute soilik.
Antimikrobianoen kontrako erresistentzia zaintzeko eta kontrolatzeko euskal estrategia
Era berean, Gobernu Kontseiluak Biosistemak – Osasun Sistemetako Ikerketa Sanitarioko Institutuari 26.250 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea onartu du. “Helburua argia da: Euskadin antimikrobianoen kontrako erresistentziari (RAM) buruz dagoeneko nork eta zer proiektuk lan egiten duten mapatzea, eta, mapa horretatik abiatuta, zaintza- eta kontrol-estrategia bat diseinatzea, «Osasun bakarra» (One Health) ikuspegiarekin, hau da, gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna integratuz» adierazi du Ubarretxenak.
Neurria Osasunaren Euskal Itunean (1. ildo estrategikoaren 1.2 ekimena, «One Health ikuspegia, Osasuna eta Aldaketa Globala») eta Euskadiko 2030erako Osasun Planean (6.6.3 helburua) sartzen da. Izan ere, MKEa lehentasun gisa adierazten dute eta sektore arteko erantzuna eskatzen dute.
1,15 milioi, tokiko erakundeen eta irabazi-asmorik gabeko erakundeen bizikidetza, bake eta giza eskubideen proiektuetarako
Gainera, Gobernu Kontseiluak 1,15 milioi euro bideratu ditu giza eskubideen, bakearen eta bizikidetza demokratikoaren arloko proiektuak, programak eta jarduerak laguntzeko, tokiko erakundeek zein irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek bultzatuta. Helburua da tokiko eremutik eta gizarte zibiletik egiten den lana indartzea, bizikidetzaren kultura, giza eskubideen errespetua eta balio demokratikoak sustatzeko.
Partida globaletik, 250.000 euro bideratuko dira Euskadiko udalerri eta gainerako toki-erakundeetara, toki-erakunde autonomoetara, tokiko enpresa-entitate publikoetara eta arlo horretako proiektuak, programak edo jarduerak garatzen dituzten tokiko merkataritza-sozietateetara. Bigarren deialdiak 900.000 euroko zuzkidura du, eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei zuzenduta dago; besteak beste, giza eskubideekin, bakearekin eta bizikidetza demokratikoarekin lotutako proiektuak dituzten gizarte-ekimeneko fundazio, elkarte eta kooperatibei.
Giza Eskubideen René Cassin 2026 Sariaren deialdia
Gobernu Kontseiluak René Cassin 2026 Giza Eskubideen Sariaren deialdia onartu du. Sari honek publikoki bereizten ditu giza eskubideak sustatzen eta defendatzen nabarmen lagundu duten pertsonen eta erakundeen jarduna eta ibilbidea. Saria 25.000 eurokoa da, eta hainbat eremutatik gure gizartean giza eskubideak defendatzen, sustatzen eta zabaltzen laguntzen duten ekimenak eta ibilbideak aitortzea eta ikusaraztea du helburu.
Deialdi honen berrikuntza nagusien artean, nabarmentzekoa da atzerriko pertsonei eta erakundeei edo atzerrian bizi direnei ere parte hartzeko aukera ematea, baldin eta toki-erakunderen baten bidez aurkezten badira. Aldaketa honek aukera ematen du sariaren irismena handitzeko eta nazioarteko proiekzioa bultzatzeko, Euskaditik kanpo garatutako eta giza eskubideen defentsarekin duten konpromisoagatik nabarmentzen diren ekimenak eta ibilbideak txertatuz.
80.000 euro Euskadiko memoria demokratikoari buruzko dokumentalak ekoizteko
Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Gogora-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak sustatutako dirulaguntza-lerro bati, Gerra Zibiletik gaur egunera arte Euskadiko memoria demokratikoa berreskuratzen laguntzen duten zinemarako, telebistarako eta/edo ikus-entzunezko plataformetarako dokumentalak ekoizteko. Deialdiak 80.000 euroko aurrekontua du, eta bi laguntza-modalitate aurreikusten ditu: film laburrak (gehienez 10.000 euro jaso ahal izango dituzte) eta film luzeak (gehienez 20.000 euroko dirulaguntza).
100.000 euro joko patologikoa prebenitzeko programetara
Gainera, Gobernu Kontseiluak onartu du 2026rako dirulaguntzen deialdia, Euskadiko irabazi-asmorik gabeko erakundeek joko patologikoari buruzko informazio, sentsibilizazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerak gara ditzaten. Ekimen honek 100.000 eurorekin lagunduko ditu joko patologikoaren aurrean zaurgarritasun-egoerak antzematera, joko arduratsuaren ezaugarriak zabaltzera, joko problematikoarekin lotutako arrisku-adierazleak eta arrisku-faktoreak ezagutaraztera eta teknologia berrien erabilerari lotutako arriskuez ohartaraztera bideratutako proiektuak. Halaber, jokabide horiek prebenitzeko eskuragarri dauden baliabide publiko eta pribatuak ezagutarazteko ekintzak ere diruz lagundu ahal izango dira.
Programak, beste kolektibo batzuen artean, adingabeei, gazteei eta nerabeei, familiei eta hezkuntza-komunitateari zuzendu ahal izango zaizkie. Deialdia prebentzio unibertsaleko, informazioko eta sentsibilizazioko jardueretara mugatzen da, eta ez ditu barne hartzen laguntza-, terapia- edo errehabilitazio-izaerako ekimenak.
“Rialia 20” Industria Turismoko proiektua
Gobernu Kontseiluak zuzeneko dirulaguntza ematea eta Enkartur – Enkarterriko Turismo Elkartearekin lankidetza-hitzarmena sinatzea onartu du, “Rialia 20” industria-turismoko proiektua antolatu, koordinatu, ekoitzi eta gauzatzeko, Rialia Industria Museoaren hogeigarren urteurrena dela eta.
240.000 €-ko finantzaketarekin, kultura-programa bat egin nahi da, Rialia Industria Museoak industria-ondarearen interpretazioan duen zeregina sendotzeko eta Enkarterri, Meatzaldea eta Ezkerraldea kultura-turismoaren helmuga gisa kokatzen laguntzeko. Horretarako, 2026ko urriaren 17an, jardueren programazio oso bat egingo da egun osoan (10:00etatik 20:30era), eta memoria, berrikuntza, parte hartzea eta kultura uztartuko dira, urteurrena herritar guztiei irekitako esperientzia bihurtzeko.
Larreinetako funikularraren mendeurrena
Azkenik, Gobernu Kontseiluak zuzeneko dirulaguntza onartu du Larreineta funikularraren mendeurrenarekin zerikusia duten oroitzapeneko, dibulgazioko eta turismoa sustatzeko jarduerak egiteko, ondare-elementu hori balioan jarri eta turismo-proiekzioa emateko.
Eusko Trenbideak – Ferrocarriles Vascos SAri emandako zenbatekoa, 75.000 €-koa, hainbat jarduketa finantzatzera bideratuta dago, besteak beste: Bideomapping espezifikoa, oroitzapeneko erakusketa iraunkorra eta Funikularraren historiari buruzko liburua argitaratzea.






