- Bake eta bizikidetza demokratikoaren kultura, giza eskubideen errespetua eta balio demokratikoak sustatzen dituzten ekimenak babestuko dituzte laguntzek
Eusko Jaurlaritzak, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren bitartez, 1,15 milioi euro bideratuko ditu tokiko entitateek zein irabazi asmorik gabeko entitate pribatuek bultzatutako giza eskubideen, bakearen eta bizikidetza demokratikoaren arloko proiektu, programa eta jarduerak laguntzera.
Gobernu Kontseiluak, María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak proposatuta, bi laguntza-deialdi onartu ditu gaur. Deialdi horien helburua da toki-eremutik eta gizarte zibiletik egiten den lana indartzea, bizikidetza-kultura, giza eskubideen errespetua eta balio demokratikoak sustatzeko.
Partida osotik, 250.000 euro Euskadiko udalerri eta gainerako tokiko entitateetara, tokiko erakunde autonomoetara, tokiko enpresa-erakunde publikoetara eta arlo horretako proiektuak, programak edo jarduerak garatzen dituzten tokiko merkataritza-sozietateetara bideratuko dira.
Bigarren deialdia, berriz, 900.000 eurokoa da, eta irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuei zuzenduta dago, besteak beste, giza eskubideekin, bakearekin eta bizikidetza demokratikoarekin lotutako proiektuak dituzten gizarte-ekimeneko fundazio, elkarte eta kooperatibei.
Terrorismoaren eta giza eskubideen urraketen biktimen elkarteek ere jaso ahal izango dituzte laguntza horiek, bai egoitza Euskadin dutenek, bai, egoitza Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo izanik, elkartekideen artean ekintza terroristen edo Euskadin izandako giza eskubideen urraketen biktimak dituztenek ere.
Tokiko esparrutik eta gizarte zibiletik sustatutako lanak laguntzea
Tokiko entitateentzako laguntzei esker, udalerriek eta herritarren gertuko beste erakunde batzuek garatutako ekimenak babestu ahal izango dira, eta giza eskubideen eta bizikidetzaren aldeko politikak eremu hurbilenera eramaten lagunduko dute.
Bestalde, irabazi-asmorik gabeko entitateei ematen zaien laguntzak gizarte zibilak hainbat arlotan egiten duen lana indartzeko aukera emango du, arlo hauetan bereziki: giza eskubideen sustapena, bakearen kultura, bizikidetza demokratikoa, elkartasuna, eta biktimei aitortza eta laguntza.
Bi deialdi horien bidez, Eusko Jaurlaritzak indartu egin du giza eskubideen, bizikidetza demokratikoaren eta bakearen errespetuan oinarritutako gizartea eraikitzeko konpromisoa, Euskadin balio horiek egikaritzen laguntzen duten tokiko entitateen eta gizarte-entitateen lana babestuta.
Irabazi-asmorik gabeko entitateei laguntzak emateko 2025eko deialdian 110 entitatek parte hartu zuten, eta giza eskubideak, bizikidetza, bakea, biktimei babesa, aniztasuna eta elkartasuna sustatzearekin lotutako 241 proiektu garatu zituzten. Deialdiak 900.000 euroko zuzkidura izan zuen, 2026ko kopuru bera. Udalerriei zuzendutakoan, 31 tokiko entitatek parte hartu zuten, eta 48 proiektu sustatu zituzten, 250.000 euroko zuzkiduraren bidez.






