Mikel Torresek aldarrikatzen du enplegua dela gizarteratzeko tresnarik onena

0
  • Euskadiko 40 gizarteratze-enpresek 2.200 langileri eman zieten lana 2025ean eta 50 milioi euroko fakturazioa izan zuten, gizarte-kohesioari eta garapen ekonomikoari egindako ekarpena indartuz.

 

Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartearen ‘Gizarte – txostena 2025’ aurkeztu du gaur Donostian, eta bertan aldarrikatu duenez, “enplegua da oraindik ere gizarteratzeko tresnarik onena. Enplegu duina, lagundua, gaitasunak aitortzen dituena eta pertsonei konfiantza itzultzen diena”.

2025eko datu sozioekonomikoen aurkezpenean, Torresek eredu horren indarra nabarmendu du, bai eta laneratzeko enpresek duten zeregina nabarmendu ere “lehen mailako inbertsio sozial eta ekonomiko gisa, baina baita kohesio sozialerako eta aukera-berdintasunerako tresna gisa ere”.

EAEko 40 laneratze-enpresek 2.200 pertsonari eman zieten lana 2025ean, aurreko urtean baino % 11,9 gehiagori. Horietatik 1.341 gizarteratze- eta laneratze-prozesuetan zeuden (guztizkoaren % 61), eta urte arteko % 11,2ko hazkundea ekarri du horrek. Gainera, langileen % 53 emakumeak dira, eta horrek agerian uzten du laneratze-enpresek “lan-merkatuan oraindik ere badauden desberdintasunen aurkako borrokan” egiten duten ekarpena, azpimarratu du lehendakariordeak.

“Gizarteratze enpresez ari garenean pertsonez ari gara. Arrazoi desberdinengatik, lan merkatutik aldenduta dauden eta beren bizi proiektua berreraikitzeko aukera, akonpainamendu eta ate bat behar duten pertsonena”, defendatu du Torresek.

Bere dimentsio sozialarekin batera, Mikel Torres lehendakariordeak erakunde hauen ekarpen ekonomikoa balioan jarri du. 2025ean, laneratze-enpresek 67,7 milioi euroko diru-sarrerak izan zituzten guztira, 2024an baino % 9,7 gehiago, eta 50 milioi euroko fakturazioa produktu eta zerbitzuen salmentagatik, aurreko ekitaldiarekin alderatuta % 8,4 gehiago.

Era berean, fakturazioaren % 83 sektore pribatutik dator, eta datu horrek erakusten du, Torresen hitzetan, gero eta enpresa gehiagok aitortzen dituztela laneratzeko erakundeen “kalitatea, profesionaltasuna eta ekarpen soziala”.

“Gizarteratze enpresak ez dira soilik politika sozial bat. Politika ekonomiko inteligentea ere badira. Enplegua, jarduera, autonomia pertsonala eta gizarte-kohesioa sortzen dute. Eta gizarte batek benetan aurrera egiten duela gogorarazten digute, bere hazkundea pertsona guztiengana iristen denean”, azpimarratu du Torresek.

Enplegu inklusiboarekiko konpromisoa

Zentzu horretan, Mikel Torres lehendakariordeak Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bitartez, enplegu inklusiboarekin duen konpromisoa berretsi du. Halaber, laguntza ekonomikoa, laguntza teknikoa, ekimen berriak bultzatzea eta lehendik daudenak indartzea uztartzen dituen estrategiaren bidez. “Izan ere, portzentajeen eta zifren atzean bizi-ibilbideak, gainditze-istorioak eta bizitzak aldatzen dituzten aukerak daude”, ziurtatu du.

Torresek, era berean, administrazio publikoentzat gizarteratze postu bakoitzak sortzen duen itzulera azpimarratu du: “Gastu soziala murrizten laguntzen du eta, batez ere, gizarte kohesionatuagoa eraikitzen laguntzen du. Zailtasun pertsonal, sozial edo ekonomikoengatik inor baztertuko ez duen gizarte bat”.

“Enplegu osoa lortzeko bidean aurrera egiten ari den Euskadin, benetako arrakasta ez da soilik enplegu gehiago sortzea, baizik eta pertsona guztiek aurrerapen kolektibo horren parte izan dezaketela bermatzea, eta inor ez dadila bidean atzean geratu. Gizarteratze-enpresa bat dagoen tokian enplegua dago. Enplegu lagundua dagoen tokian aukerak daude. Eta aukerak dauden tokian gizarte justuagoa, indartsuagoa eta oparoagoa dago”, amaitu du lehendakariordeak.