Osakidetzak suizidioaren prebentzioa indartu du nerabe eta gazteen artean prestakuntza espezializatua eta ikerketa klinikoaren bidez

0
  • 2.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena suizidioa prebenitzeko Bizi Programan. Programa horrek eskaintza handituko du, nerabeak eta gazteak berariaz ardatz dituen online ikastaro berri baten bidez
  • iSUPERA-A beste proiektu bat da, eta Gipuzkoako osasun mentaleko zentroetan aplikatzen da jada, jokabide suizida izan duten nerabeei krisi berriei esku-hartze terapeutiko espezializatuen bidez aurre egiten laguntzeko
  • Gainera, Osakidetzako OSAKek aukera eman du zaurgarritasun-egoeran dauden 4.000 pertsona inguru goiz identifikatzeko eta haien jarraipen espezializatua egiteko
  • Jarduketa horiek Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategian txertatzen dira, eta Euskadiko Osasun Itunaren helburuetan aurrera egiten dute, arrisku-egoeren detekzio goiztiarra hobetzeko, esku-hartze egokia errazteko eta zaurgarritasun-egoeran dauden adingabeei eta gazteei lagundu ahal izateko

Osakidetzak prestakuntza- eta ikerketa-ekintza berriak jarri ditu abian, EAEko nerabeen eta gazteen artean jokabide suizidaren prebentzioa indartzeko, garrantzi sozial eta sanitario bereziko eremua baita. Ekimenek arrisku-egoeren detekzio goiztiarra hobetzea, esku-hartze egokia erraztea eta kalteberatasun-egoeran dauden adingabeen eta gazteen laguntza indartzea dute helburu.

Osakidetzaren lan-ildo berriak konbinatu egiten ditu: alde batetik, gazteekin ohiko harremana duten pertsonen prestakuntza (Bizi programa); eta, bestetik, jokabide suizida izan duten nerabeei ematen zaien arreta hobetzeko ikerketa aplikatua (iSUPERA-A proiektua). Horrela, Osakidetzak osasun, hezkuntza, gizarte eta komunitate arloetatik erantzun prebentiboagoa, koordinatuagoa eta hurbilagoa bultzatzen du.

Gaur, irailaren 10ean, Suizidioa Prebenitzeko Munduko Eguna ospatzen da, Osasunaren Mundu Erakundeak bultzatuta. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak berretsi egiten du prebentzio aktibo eta ebidentzian oinarritutako baterako konpromisoa, eta helburu argi bat du: lehenago detektatzea, nerabeei, gazteei eta haien inguruneei ondoezeko edo krisiko egoerei aurre egiteko behar dituzten baliabideak eskaini ahal izateko eta hobeto laguntzeko.

Jarduera berri horiek, gainera, bat datoz Euskadiko Osasun Itunarekin, zeinak eredu asistentzial parte-hartzailea, lankidetzakoa eta hurbila sustatzen baitu, prebentzioa, komunitateko lana eta pertsona eta kolektibo zaurgarrienentzako arreta indartzera bideratuta.

Alerta-seinaleak detektatzeko ikastaro berria

Hala, Osakidetzak, Osasun Eskolaren bidez, nerabe eta gazteen suizidioa prebenitzeko online ikastaro berri bat jarriko du abian urteko azken hiruhilekoan, Bizi prestakuntza-programaren barruan.

Prestakuntza herritarrei zuzenduta egongo da, baina fokua nerabeekin eta gazteekin lan egiten edo harremanak izaten dituztenengan dago: hezkuntza-esparruko profesionalak, eragile komunitarioak, gizarte-zerbitzuetako langileak eta gazteekin lan egiten duten erakundeak.

Ikastaroak tresna praktikoak eskainiko ditu alerta-seinaleak identifikatzeko, arrisku-egoera posible baten aurrean jarduteko eta pertsona behar bezala bideratzeko osasun mentaleko baliabide komunitario eta sanitarioetara. Helburua da nerabe eta gazteengandik gertuen daudenek ondoez emozionala lehenago ezagutu ahal izatea eta nola lagundu eta entzun jakitea, bai eta eskura dituzten baliabideak aktibatzen jakitea ere.

Eduki berria Bizi Programari gehitzen zaio. Programa hori 2025eko apirilean hasi zen, eta, harrezkero, 2.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena beren prestakuntzetan, Osakidetzaren Osasun Eskola + plaformaren bidez, zeinak eduki guztiak eskuragarri baititu osasun mentalaren ataletik.

Krisi berriak prebenitzeko ikerketa

Prestakuntzarekin batera, Osakidetzak iSUPERA-A ikerketa-proiektua garatu du Gipuzkoan, jokabide suizida izan ondoren osasun mentaleko zentroetan artatutako nerabeei berariaz zuzendua.

Programak nerabeei krisi-egoera berriei aurre egiten laguntzeko asmoa du, eraginkortasun kliniko frogatuko teknika psikologiko espezifikoen eta terapien bidez, Osakidetzako osasun mentaleko zentroetako errealitate asistentzialera egokituta.

Esku-hartzea Gipuzkoako osasun mentaleko zentroetan aplikatzen da jada, eta osasun mentaleko medikuek eta erizainek egiten dute. Zortzi saiotan egituratzen da, eta aurrez aurreko arreta eta jarraipen digitala konbinatzen ditu, nerabe bakoitzaren beharretara egokitutako etengabeko arreta erraztuz.

Orain, helburua da programa hau Osakidetzaren ohiko praktika klinikoan sartzea eta nerabeek tratamendu espezializatuetarako duten sarbidea zabaltzea, jokabide suizidako gertakari berriak prebenitzeko.

4.000 pertsona inguru identifikatu dira OSAKen bidez

Ekimen horiek Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategiaren barruan kokatzen dira, eta estrategia horren lehentasunezko ildoetako bat suizidioaren prebentzioa da. Eremu horretan, Osakidetzak Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea (OSAK) ere badu, suizidio-saiakuntza baten ondoren erantzun azkarra, jarraitua eta koordinatua bermatzeko lehentasunezko osasun-protokoloa.

2022an abian jarri zenetik, OSAKek aukera eman du zaurgarritasun-egoeran dauden 4.000 pertsona inguru goiz identifikatzeko eta jarraipen espezializatua eskaintzeko. Programak aukera ematen du saiakera baten onodren bizirik daudenak osasun mentaleko profesionalen jarraipen-zirkuitu batean sartzeko, saiakera berrien arriskua murrizteko eta asistentziaren jarraitutasuna bermatzeko.

Suizidioaren prebentzioak osasun-zerbitzuen, hezkuntza-ingurunearen, sare komunitarioen, familien eta gizarte osoaren inplikazio komuna eskatzen du. Horregatik, Osakidetzak prestakuntza-, sentsibilizazio-, arreta- eta ikerketa-baliabideak indartzen jarraitzen du, gero eta erantzun goiztiarragoak eta nerabeen eta gazteen beharretara egokituak emateko.