Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendaria, Ana María Sánchez Herráez, Gasteizko Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoko langile eta arduradunekin (KIUB) bildu da gaur, eta bihar amaituko du KIUBekin Irungo bulegoan egingo den topaketa-erronda.
Ekimen hau, Sánchez Herráezen hitzetan, «Euskadiko udalerri guztietan kontsumo zerbitzu sendoago, arinago, hurbilago eta eraginkorrago baterantz aurrera egitea» helburu nagusi duen plan baten barruan kokatzen da. Horretarako, Kontsumobidek lan egingo du erakundeen arteko sinergiak aprobetxatzeko eta herritarrentzako zerbitzua hobetzeko beharrezkoak diren baldintzak ezartzeko, arreta publikoa indartzeko eta kontsumitzaile guztiek babes bera jasoko dutela bermatzeko, bizilekua edozein dela ere.
Gaur Gasteizen eta bihar Irunen egingo den hitzorduek amaiera emango diote Euskal Autonomia Erkidegoko KIUB guztiekin egin den bilera sortari. Entzute aktiboko prozesu bat izan da, egungo egoeraren diagnostiko zehatz bat egitea helburu duena. Diagnostiko horrek agerian utzi du etengabe handitu dela udalerriek artatutako kontsulten eta erreklamazioen bolumena eta konplexutasuna. Teknikariek helarazitako premien artean, honako hauek nabarmentzen dira: barne-koordinazioa estutzeko premia eta lan-sare partekatuak sortzea, prozesuen digitalizazioa eta automatizazioa bultzatzea, kasu konplexuetarako protokolo bateratuak artikulatzea edo etengabeko prestakuntza eskaintzea, eta, horrez gain, merkataritza-sektorearekiko lankidetza indartzea, kontsumo-arbitrajea sustatzeko.
Erakundeen arteko lankidetza-estrategia horri jarraipena emateko, Kontsumobide dekretu berri bat prestatzen ari da. Dekretu horrek esparru juridiko eta ekonomiko egonkorragoa emango die KIUBei, administrazioen arteko artikulazioa hobetuko du eta tresna teknologiko komunak ezarriko ditu bikoiztasunak saihesteko eta kudeaketa optimizatzeko.






