Garapenarako estrategia positiboen XV. jardunaldiak urriaren 5ean eta 6an egingo dira Bilbon

0
  • ‘Eskubideen aurkako olatu atzerakoiaren aurrean: erresistentzia feministak’ lelopean, mugimendu feministetatik eta gizarte-eragileetatik sortzen ari diren erresistentzia eta alternatibak eztabaidatuko dira.
  • Egitaraua eskuragarri dago jada, eta izen-ematea irailaren 28ra arte egin ahal izango da.

Vitoria-Gasteiz, 2026/09/16

eLankidetza – Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Agentziak eta Bilboko Udalak Garapenerako Estrategia Positiboen XV. Jardunaldien egitaraua aurkeztu dute, eta parte hartzeko izen-ematea zabalik dago dagoeneko. Topaketa urriaren 5ean eta 6an egingo da ‘Eskubideen aurkako olatu atzerakoiaren aurrean: erresistentzia feministak’ lelopean, Bilboko Bizkaia Aretoan. Aurtengo edizioak arreta berezia jarriko die autoritarismoen gorakadaren aurrean garatzen ari diren estrategia feministei. Egitaraua eskuragarri dago jada, eta izen-ematea irailaren 28ra arte egin ahal izango da.

Horrela, jardunaldien aurtengo edizioak aztertuko ditu mundu mailan indartzen ari diren joera autoritarioek eta emakumeen zein sexu eta genero disidentzien eskubideen aurkako erasoek dakartzaten erronkak. Horren aurrean, mugimendu feministetatik eta gizarte-eragileetatik sortzen ari diren erresistentzia eta alternatibak izango dira eztabaidaren ardatz nagusia.

Bi egunetan zehar, hainbat herrialdetako adituek, aktibistek eta erakundeetako ordezkariek hausnarketa eta esperientziak partekatuko dituzte hitzaldi, mahai-inguru eta tailerren bidez. Jardunaldiek elkargune izan nahi dute garapenaren, giza eskubideen eta justizia globalaren alde lan egiten duten pertsona eta erakundeentzat.

Programaren baitan egingo diren solasaldien artean daude: ‘Generoaren aurkako diskurtsoen eta praktiken nahiz korronte antidemokratikoen aurrerapenari eta eraginei buruzko nazioarteko azterketa konparatua’ inaugurazio saioa urrian 5ean; ‘Ekintza politiko feminista eskubideen atzerakadaren eta generoaren aurkako diskurtsoen aurrean’ eta ‘Erresistentzia feministak berrarmatze- eta bizitzaren militarizazio-garaian’, urriaren 6an; eta zenbait tailer, eskubideen aurkako diskurtsoei nola aurre egin, gorroto arrazista edota narratiba feministak eta estrategia digitalak lantzeko, besteak beste.

Datozen asteotan jardunaldien eta parte-hartzaileen inguruko informazio osagarria zabalduko dira.