Prezipitazio-defizitak nekazaritza eta abeltzaintza sektorean duen eraginari aurre egiteko zortzi neurri eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari

0
  • Nafarroarekin, Kantabriarekin, Galiziarekin eta Asturiasekin batera adostutako proposamenak aparteko laguntzak jasotzen ditu animalien elikaduraren gainkostuari aurre egiteko, bai eta ustiategiek klima-aldakortasunera egokitzeko duten gaitasuna hobetzeko neurriak ere
  • Planas ministroak konpromisoa hartu du proposamen horiek epe labur zein ertainera aztertu eta analizatzeko, eta bost autonomia-erkidegoei ahalik eta lasterren erantzuteko
  • Amaia Barredo: “Berehalako erantzuna behar dugu kaltetutako ustiategientzat, baina baita gure lurraldeen errealitatea kontuan hartuko duten tresnak ere

Euskadik, Nafarroak, Kantabriak, Galiziak eta Asturiasek jarrera bateratua adostu dute 2026an izandako prezipitazio-eskasiaren eta horrek nekazaritza eta abeltzaintza sektorean izan duen eraginaren aurrean. Gaur arratsaldean, irailaren 16an, Madrilen, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioan egin den Nekazaritza eta Landa Garapeneko Sektore Konferentziara eraman dute proposamena.

Bost autonomia-erkidegoen ustez, euri-eskasiak eta tenperatura altuek larri murriztu dute larreen eta bazka-landareen ekoizpena. Bereziki garrantzitsua da egoera hori, lurralde horietako abeltzaintza-jardueraren zati handi bat eredu estentsiboetan eta bazka-ekoizpenean oinarritzen baita. Elikagaien eskuragarritasun txikiagoak bazka eta animalien elikadura gehiago erostera behartzen ditu ustiategiak, eta horrek gainkostua eragiten du haien jardueran.

Hori dela eta, bost autonomia-erkidegoek zortzi neurri proposatu dituzte, bai aurtengo kanpainaren eragin ekonomikoa arintzeko, bai sektoreak etorkizuneko klima-gertakarietara egokitzeko duen gaitasuna hobetzeko.

“Sektoreak ezin du bere gain hartu bere errentagarritasunari zuzenean eragiten dion aparteko egoera batek sortutako gainkostua. Aurtengo egoerak epe laburrean erantzun bat ematera behartzen gaitu, baina, era berean, erakusten digu gure tresnak aldatu egin behar ditugula aldatzen ari den klima eta lurralde-errealitatera egokitzeko”, adierazi du Amaia Barredo sailburuak. “Helburua ustiategien errentagarritasuna eta jarraitutasuna babestea da, eta klima-aldakortasuneko etorkizuneko egoerei aurre egiteko duten gaitasuna indartzea”.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministro Luis Planasek konpromisoa hartu du bost autonomia-erkidegoek, Euskadik barne, egindako proposamenak aztertu eta analizatzeko. Halaber, epe laburreko neurriei azkar erantzuteko konpromisoa hartu du, eta epe luzeragoko egiturazko neurriak arrazoizko epe batean txertatzeko aukera baloratuko duela adierazi du.

Zortzi neurri prezipitazio-defizitaren eraginari erantzuteko

Lehenik eta behin, autonomia-erkidegoek Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari eskatu diote aparteko laguntza ekonomikoak gaitzeko, lehentasuna emanez animalien elikaduraren gainkostua konpentsatzeari, esne eta haragi-azienden, ardien, ahuntzen eta zaldien ustiategien errentagarritasunaren narriaduraren aurrean.

Bigarren neurri gisa, izaera solidarioko funts bat sortzea proposatzen da, klima-gertakari larri, iraunkor edo apartekoei erantzuteko, administrazioen artean aurrez adostutako neurriak aktibatzeko. Proposamena bat dator maiatzean Ministerioak berak egindako eskaerarekin, Nekazaritza Politika Bateratu berriaren negoziazioen esparruan.

Hirugarren ardatz gisa, bost autonomia-erkidegoek nekazaritzako gasolioaren hobaria mantentzea eskatu dute Ormuzko itsasarteko gatazkaren ondoriozko tentsioak dirauen bitartean, bai eta ongarrien prezioaren bilakaeraren jarraipena egitea ere. Izan ere, bi faktore horiek bazka-defizitarekin batera presio handiagoa eragiten dute ustiategietan.

Laugarren proposamenak, Nekazaritza Ministerioari eskatu dio Ogasun Ministerioari haragiaren eta arrainaren BEZa %10etik %4ra jaisteko eskaera helarazteko, eskaria sustatzeko neurri gisa. Proposamenak arreta berezia jartzen du tokiko produktuetan eta kalitate bereiziko produktuetan, hala nola AGB, JDB, produktu ekologikoak, bertako arrazak eta beste kalitate-marka batzuk.

Bosgarren neurri gisa, autonomia-erkidegoek beharrezkotzat jotzen dute indarrean dagoen klima-zonifikazioa berrikustea, 2015ean zehaztutakoa, Kantauri isurialdean eta Nafarroan izaten ari diren urtez urteko aldakortasuna eta sasoiko defizitak hobeto islatuko dituzten adierazleak txertatzeko. Berrikuspen hori, gainera, garrantzitsua da azpiegituretarako finantzaketa-ildo jakin batzuetara iristeko.

Seigarrenik, Atlantikoko larrea ebaluatzeko erabiltzen den NDVI indizea ustiategien benetako ekoizpen-datuekin kontrastatzea proposatzen da, bai eta larre mota horren ur-edukiarekiko sentikorragoak diren indize osagarriak aztertzea ere. Eskaera Nekazaritza Aseguruei buruzko Autonomia Erkidegoekiko Koordinazio Batzordera eramango da.

Zazpigarrenik, autonomia-erkidegoek estatu-mailako tresna espezifikoak eskatu dituzte sakabanatuta dauden ustiategien ur-hornidurako azpiegiturak hobetzeko, besteak beste, ur-bilketa, biltegiratzea, edateko askak eta hoditeriak

bultzatuz. 2026an, iturburuen eta ur-hartuneen emaria jaisteak zisterna-kamioien bidezko hornidura erabili beharra eragin du lurralde horietako ustiategietan eta herriguneetan.

Azken proposamen gisa, laguntzen diseinuak minifundioa, ustiategien sakabanaketa eta iparraldeko lurraldeen bereizgarri diren azalera txikiko lursail ugari egotea kontuan har dezala eskatu dute. Egitura horrek ekoizpen-kostuak handitzen ditu, inbertsio jakin batzuk zailtzen ditu eta arazoak sortzen ditu, halaber, NPBen Eskaera Bakarrean lursailen erabilera egiaztatzeko.

Lehenengo lau neurriak aurtengo kanpainan bertan eragiteko planteatu dira; azken lauak, berriz, araudiaren berrikuspena eta administrazioen arteko lan teknikoa eskatzen dute. Autonomia-erkidegoek eskatu dute egiturazko neurri horiek lan-esparru espezifiko gisa txerta daitezela, egutegi bereizi batekin, erakundeen arteko lankidetzarako eskumena duten organoetan.