- Kanpaina berriak herritarrak gonbidatzen ditu ibaiekin berriz konektatzera, haien onurez jabetzera, pertsonen eta ibai-ekosistemen arteko lotura sendotzera: ibaiek eta ibaiertzek ongizatean, biodibertsitatean, uholdeen aurkako babesean eta euskal gizartearen bizi-kalitatean betetzen duten funtsezko zereginari balioa aintzat harrarazteko
- Kanpaina urriaren 11n hasiko da, eta euskal profesionalek eta enpresek garatu dute oso-osorik, Euskadiko sormen- eta ikus-entzunezko ekosistemaren indarraren seinale
Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak eta Asier López Etxebarria URA-Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak URAren sentsibilizazio kanpaina berria aurkeztu dute gaur Tabakalerako Z aretoan, Donostian, Korrontez kontra joan. Babestu. Zaindu. Goza itzazu lelopean. Kanpainak urriaren 11n ekingo dio igortzeari, herritarrei ibaiak hurbilarazteko eta haiekiko begirada berritu bat sustatzeko: bai ekosistema hauskorrak, bai balio handiko espazio publikoak diren gure paisaiaren, nortasunaren eta ongizatearen euskarri.
Aurkezpenean, Josu Bilbao sailburuordeak nabarmendu duenez, «gero eta konektatuagoak bizi garen gizarte honetan, sarri, bizirik eusten gaituenetik gero eta urrunago bizi gara. Kanpaina hau, hain zuzen ere, gure ibaiei begiratzera, gure alde egiten dutena aitortzera eta haien babesarekin dugun konpromisoa sendotzera gonbidatzeko sortu da «.
Bilbaok gaineratu duenez, «ibaiak ez dira ingurumen-balio handiko ekosistemak soilik. Gune horiek gure osasunari, gure bizi-kalitateari, klima-aldaketara egokitzeari eta gure hiri eta herrien erresilientziari laguntzen diete. Hortaz, horiekin bat egitea gure etorkizunarekin bat egitea ere bada «.
Ibaiekin lotura berreskuratzeko gonbitea
Kanpainaren abiapuntua gero eta agerikoagoa den errealitatea da: biztanleriaren zati handi bat ingurune urbanoagoetan bizi da, ekosistema naturalekin gero eta harreman urrunagoa du. Horrexegatik, ibaiak hurbiltasunetik eta eguneroko esperientziatik berraurkitzera gonbidatzen duen mezu positibo eta inspiratzaile baten alde egiten du kanpainak.
Narratiba emozional eta garaikidea baliatuta, kanpainak ibaiek eta ibaiertzek dakartzaten onura ugarietan jartzen du arreta: tenperatura erregulatzen laguntzen dute, ura iragazten eta arazten dute, uholdeen erasanak murrizten laguntzen dute, bioaniztasuna errazten dute eta paisaia eta lurraldearen nortasuna aberasten dute.
Era berean, kanpainak ibaiertzeko landarediaren papera aldarrikatzen du: gure ibaien oreka ekologikoari laguntzen dion isilpeko aliatu ordezkaezina, nahiz ertzetan bizi den jendartearen hobe beharrez ur-goraldien ondorio kaltegarriak murriztarazten dituen aktorea. Herritarrentzat maiz oharkabean igarotzen diren premiazko eginkizunak, alegia.
Bestalde, Asier López Etxebarria URAko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, «kanpaina hau ibaiak gertutasunez bizitzeko gonbidapena da. Pertsonek horiek zeharkatu, behatu, gozatu eta egunero ematen diguten guztia hobeto ulertzea nahi dugu «.
López Etxebarriak adierazi duenez, «ibaiak babestea erantzukizun partekatua da. Administrazioek funtsezko zeregina dugu, baina baita herritarrek ere. Uraren eta ibai-ekosistemen kontserbazioak erantzukidetasuna, inplikazioa eta ondasun publikoen zaintzaren kultura partekatua eskatzen ditu».
Kanpaina telebistan, irratian, hedabide digitaletan, sare sozialetan, kanpoko euskarrietan eta landing espezifiko baten bidez zabalduko da. Landing horretatik, herritarrek ekimenaren mezuan sakondu ahal izango dute, eta ibaietara hurbiltzeko proposamenak aurkitu ahal izango dituzte, dibulgazioaren eta parte-hartzearen ikuspegitik.
Korrontez kontra joan: % 100eko kanpaina Made in Euskadi
Lurraldearekiko loturan oinarritutako kanpaina hau Euskadin sortu eta garatu da oso-osorik: hartaram erreferentziazko euskal profesionalak bildu ditu estrategiaren, sormenaren, diseinuaren, ikus-entzunezko produkzioaren eta komunikazioaren arloetan.
Kanpaina Shernan Creative Collective eta Laszlo Hace enpresek garatu dute, ikus-entzunezko estrategia, sormen, diseinu eta produkzioko diziplina anitzeko taldea bilduz.
Proiektuaren zuzendaritza eta koordinazio orokorra Shernan Creative Collective-ko Santi Hernandezek egin ditu. Zuzendaritza sortzailea Luis Villanuevaren ardura izan da, eta Marta Teijeirak erredaktore sortzaile gisa parte hartu du.
Garapen bisualean Ane Muñoz izan da zuzendaritza eta arte diseinuan, Idoia Llanos diseinu grafikoan eta Julen Zalakain eta Aitor Ollo diseinu digitalean eta ikus-entzunezko edukietan.
Iragarkiaren ekoizpen exekutiboaren eta ikus-entzunezkoaren zuzendaritza Laszlo Hace taldeko Javier Vicentek egin du.
Argazki zuzendaritzan Adri Nogales jardun izan da. Jatorrizko soinu-banda Koldo Uriartek sortu du, eta euskarazko eta gaztelaniazko lokuzioak, berriz, Lucía Laguardak.
Muntaia eta postprodukzioa Xabi Aguadok egin ditu, eta Adri Nogales arduratu da etalonajeaz. Soinu postprodukzioa Haimar Olaskoagak egin du.
Ikus-entzunezkoen ekoizpenean izan dira, halaber, Enara Martínez, Enar Derqui, Gorka Bermejo eta Gorka Carnerero produkzio sailean; Markel Sorarrain, Ibai Muñoz, Gorka Goicoechea, Pablo Guereta eta Jon Mikel kamera sailean; Julen Urtxegi, Unai Modrego eta Dani Vicente argiztapen sailean; Carlos Blanco, Julen Hernández eta Urko Carmona efektu berezietan; eta Arantxi Huegun eta Diana Fernández arte sailean.
Talde artistikoa Julia Rodriguezek (pianista), Aitor Azkonak (bateria), María Isabel Lisarrik eta Aitor Malok osatu dute figurazio lanetan.
Proiektuaren kudeaketa exekutiboa eta koordinazioa Igor Lópezi, kanpainaren jarraipen orokorraren arduradunari, eta María Anduezari, koordinazio operatiboaz arduratzen den kontuen exekutiboari, egokitu zaie.






