300 pertsonak baino gehiagok egin dute idazkari-kontuhartzailetzako lanpostuen aldi baterako lan-poltsan sartzeko azterketa

0
  • Hautagaiek Euskadiko udaletan hutsik dauden idazkari-kontuhartzailetzako 200 lanpostu betetzeko aukera izango dute
  • Etengabeko judizializazioak eta aurretik martxan jarritako Enplegu Publikorako Eskaintzen, egonkortze-prozesuen eta aldi baterako lan-poltsen aurkako errekurtsoek sistematikoki blokeatu dute udalentzat funtsezkoak diren plaza horiek bete ahal izatea
  • Azterketa honen ondotik, helburua da urte amaierarako lan-poltsa martxan izatea udalen beharrei erantzuna emateko

300 pertsonak baino gehiagok egin dute gaur Landakon, Durangon, Eusko Jaurlaritzak deitutako aldi baterako lan-poltsa osatzeko azterketa, Euskadiko udaletan hutsik dauden idazkari-kontuhartzailetzako 200 lanpostu betetzeko helburuarekin.

Figura horiek funtsezkoak dira toki-erakundeen ohiko funtzionamendurako: udal-erabakien legezkotasuna, kontrol ekonomikoa, baliabide publikoen erabilera egokia eta diruzaintzaren kudeaketa zuzena bermatzen baitituzte. Lanpostu horiek betetzea bereziki garrantzitsua da udalerri txikienetan, pertsona berak eginkizun horietako bat baino gehiago bere gain har baititzake.

Gaur egun, gaikuntza nazionaleko Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako 400 lanpostuetatik erdiak baino ez daude langile titularrez beteta.

Estatu-mailako lobbien esku-hartzea eta ziurgabetasun juridikoa, arazoaren muina

Arazoa ez da, Gernikako Estatutuak aitortzen duen moduan arlo horretan eskumena duten euskal erakundeek ez jardun izana; arazoaren muina, plaza horiek betetzeko bultzatu diren prozesu guztiak sistematikoki blokeatu edo geldiarazi dituzten prozesu judizialak dira.

Errekurtso horiek kautelazko eteteak, deuseztatze judizialak eta Konstituzio Auzitegira eramandako konstituzio-kontrakotasuneko arazoak eragin dituzte, eta ziurgabetasun juridikoa areagotu toki-administrazioan.

Horri gehitu behar zaio Estatu-mailako lobbien eta izaera profesional-korporatibista duten erakundeen esku-hartzea; izan ere, haien errekurtsoek euskal administrazioek sustatutako lan-eskaintza publiko, egonkortze-prozesu eta aldi baterako lan-poltsa guztiei eragin diete.

Oztopo horiek guztiek zaildu egin dute Euskadiko udalen eguneroko funtzionamendurako funtsezkoak diren lanpostu horiek bete ahal izatea; ondorioz,  euskal erakundeak plaza horiek aldi baterako izaeraz hornitzeko bideak jorratu dituzte, tokiko zerbitzu publikoaren jarraipena bermatzeko.

Egoera horri erantzuteko, eta idazkaritza-kontuhartzailetzako funtzionarioen lanpostuen estaldura bermatzeko, Eusko Jaurlaritzak aldi baterako lan-poltsa berri hauek bultzatu ditu foru-aldundiekin eta EUDELekin koordinatuta. Gaur egindako azterketaren ondotik, urte amaierarako lan-poltsak martxan izatea aurreikusten da, ahalik eta lasterren udalen beharrei erantzuna eman ahal izateko.