Osakidetza haurrak arnas birus sintzitialaren aurrean immunizatzen hasi da, hori baita haurtxoen bronkiolitis akutuaren kausa nagusia

0
  • ABSaren aurkako immunizazio-kanpaina martxoaren amaierara arte luzatuko da, eta Euskadin uztailaren 1etik jaiotako haurren % 95 immunizatzea du helburu
  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak nabarmendu duenez, ABSarekiko immunizazioak % 37,5 murriztu ditu bronkiolitisaren ondoriozko kontsultak Lehen Mailako Arretan, eta % 42,6 ZIU pediatrikoko ingresuak Euskadin
  • Gainera, haurren bronkiolitisaren ondoriozko ingresuak batez beste % 55,5 jaitsi dira Euskadin bi urtean, Osakidetzak bultzatuta Nirsevimab bidezko immunizazioa abian jarri zenetik
  • Prebentzioaren esparruko kanpaina hau Euskadiko Osasun Itunaren lehentasun estrategiko bat da, eta detekzio goiztiarra eta osasun-mehatxuen aurreko erantzuna indartzen ditu, haurrak babesteko eta Euskadiko osasun-sistema publikoaren gaineko presioa arintzeko

Osakidetzak haurrak Arnas Birus Sintzitialaren (ABS) aurka immunizatzeko urteroko kanpaina abian jarri du. Hain zuzen ere, ABSa da bronkiolitis akutuaren kausa nagusia, eta gaixotasun horrek eragiten ditu Euskadin 2 urtetik beherako haurren ingresuetako asko.

ABSaren aurkako immunizazio-kanpaina datorren urteko martxoaren amaierara arte luzatuko da, eta Euskadin uztailaren 1etik jaiotako haurren % 95 immunizatzea du helburu.

Kanpaina lau xede-populaziotan zentratzen da:

-Jaioberriak: kanpainaren aldi osoan zehar txertatuko dira (udazkenean eta neguan).

-Uztailaren 1etik irailaren 14ra bitartean jaiotako haurrak: kanpainaren hasieran txertatuko dira.

-35 haurdunaldi-aste baino gutxiagoko jaioberri goiztiarrak, bizitzako lehen urtean.

-2 urtetik behera izanik gaixotasun larriren bat duten haurrak: batez ere arnasketa-gaixotasunak, gaixotasun kardiologikoak edo gaixotasun neurologikoak dituztenak.

Haur guztien immunizazioa Osakidetzako Lehen Mailako Arretako osasun-zentroetako pediatria-kontsultetan egingo da, aldez aurretik hitzordua eskatuta.

Kontsulta eta ospitalizazio gutxiago

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2025 abian jarri zuen ABSaren immunizazio-kanpainaren emaitzek erakusten dutenez, bronkiolitisarekin lotutako baliabide sanitarioak erabiltzeko beharra murriztu da.

Hala, 2025-2026 aldian, % 37,5 murriztu dira bronkiolitisaren ondoriozko kontsultak Lehen Mailako Arretan, eta % 42,2 jaitsi dira larrialdi-zerbitzuetako bisitak. Horrez gain, ospitaleko zainketa intentsibo pediatrikoen unitateetako ingresuak % 42,6 jaitsi dira.

Era berean, haurren bronkiolitis akutuagatiko ospitalizazioak batez beste % 55,5 jaitsi dira azken bi urteetan Euskadin.

Osakidetzak erabakigarritzat jotzen du Euskadiko haurrak Nirsevimab antigorputzarekin immunizatzea, bai gaixotasuna prebenitzeko, bai ABSak eragindako bronkiolitis akutuaren forma larrienak saihesteko.

Bronkiolitisaren Ibilbide Asistentzialarekin prebenitzea

Osasun Sailak nabarmendu du Osakidetzaren Bronkiolitisaren Ibilbide Asistentzialak haurren arreta hobetu duela, eta familiei informazio eta tresna gehiago eman dizkiela gaixotasuna prebenitzeko eta kontrolatzeko. Osasun-profesionalek eta pazienteek diseinatutako ibilbide horrek sintomak lehenago detektatzen laguntzen du, konplikazioak murrizten ditu eta ABSaren aurkako immunizazioa sustatzen du babes-neurri erabakigarri gisa.

Ekimen horri esker, familiek kutsatzeak saihesteko aholku praktikoak jasotzen dituzte Lehen Mailako Arretako kontsultetan, Nirsevimab-ekiko immunizazioaren onurak ezagutzen dituzte eta material argiak eskuratzen dituzte Osasun Eskolaren webgunean (Osakidetzaren atari digital honetan, herritarrei osasunari buruzko informazio praktikoa ematen zaie). Ibilbidea bat dator Osasunaren Euskal Itunarekin, prebentzioa indartzen duelako, lurralde osoan arreta koordinatua bermatzen duelako eta arreta haurren ongizatean jartzen duelako.

Gripearen aurkako urteko txertaketa-kanpainaren hasiera

Aurtengo gripearen kanpaina datorren irailaren 28an hasiko da, egoitzetan eta beste zentro soziosanitario batzuetan bizi diren pertsonei txertoa emanez. Egun horretan bertan, 6 eta 59 hilabete bitarteko haurren txertaketa hasiko da, baita arrisku-faktoreak dituzten adingabeena ere.

Txertoaren eskuragarritasuna errazteko, familiek mezu bat jasoko dute astelehenetik (irailaren 21a) SMS edo Whatsapp bidez, seme-alabei txertoa emateko hitzordua eskatzeko informazioarekin. Gripearen eta covidaren txertoa gomendatuta duten gainerako populazio-taldeen txertaketa urriaren 5ean hasiko da.