- Bilboko Urretxindorra Ikastolan egin da lehiaketaren aurkezpen ekitaldia, iazko irabazleak protagonista izanik
- Aurtengo berrikuntza nagusietako bat da 10 urtetik gorako gazteek ere parte hartu ahal izango dutela
Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren hamazazpigarren edizioa aurkeztu da gaur Bilboko Urretxindorra ikastolan. Emakundek sustatzen du lehiaketa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin batera. Programaren helburu nagusia da gazteen artean indarkeria matxista prebenitzea eta indarkeria hori erreproduzitzen duten jarrera, mezu eta kultura-adierazpenen aurrean jarrera kritikoa eta irmoa sustatzea.
Iazko edizioko Urretxindorra ikastolako talde irabazleak bere esperientziak eta hausnarketak partekatu ditu gainerako ikasleekin aurkezpen honetan, eta tailer bat ere egin da ikasleekin, indarkeria matxista egoerak nola identifikatu eta aurre egin aztertzeko.
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak positibotzat jo du ekintza hori, «gazteekin lan egitea lehentasuna delako euskal erakundeentzat, batez ere egungo testuinguruan, non gazteek, batez ere ingurune digitaletik, berdintasunaren aurkako eta indarkeria matxista hutsaltzen duten hainbeste mezu jasotzen dituzten».
Elgarrestak azpimarratu duenez, «gizarte osoak mezu horiek neutralizatzeko ahalegina egin behar du, gazteak sentsibilizatuz, baina, batez ere, euren ahotsa entzun eta tresnak eskainiz, hori baita Beldur Barik lehiaketaren bidez egiten duguna».
Aurtengo berritasunetako bat da adin-tartea 10 urtetik aurrera zabaltzea, «haurtzarotik indarkeria matxistaren prebentzioa lantzeko beharragatik, berdintasunean eta errespetuan oinarritutako harremanak sustatuz eta nesken ahalduntzean zein mutilek berdintasunarekin duten inplikazioan eraginez», gaineratu du Emakundeko zuzendariak.
Lehiaketaren xehetasunak
Lehiaketara aurkezten diren lanek Beldur Barik Jarrera islatu behar dute: indarkeria matxistaren adierazpen ezberdinak identifikatu eta horien aurrean jarrera kritikoa erakutsi, eta harreman askeak, errespetuzkoak, parekideak, anitzak eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonala eta kolektiboa adierazi. Gazteek ikastetxe, gazteleku, aisialdi talde, elkarte edo emakumeen etxeen bidez aurkeztu ahal izango dituzte lanak, edo, bestela, beren kabuz parte hartu ahal izango dute.
2026ko edizioa 10 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta hiru kategoria izango ditu adinaren arabera:
- 1. kategoria: 10-11 urte— 2016an eta 2015ean jaiotakoak.
- 2. kategoria: 12-15 urte— 2014 eta 2011 bitartean jaiotakoak.
- 3. kategoria: 16-20 urte— 2010 eta 2006 bitartean jaiotakoak.
Aurten, berrikuntza gisa, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek ere parte hartu ahal izango dute lehiaketan
Lehiaketaren oinarriak Beldur Barik programaren webgunean kontsulta daitezke. Bertan, lehiaketari buruzko informazioaz gain, bideoak sortzeko lagungarri izan daitezkeen hainbat material ere aurkitu daitezke.
Parte hartzea zabalik egongo da irailaren 22tik,abenduaren 1era arte. Izen-ematea lehiaketaren webgunearen bidez egin beharko da.
Kategoria bakoitzeko irabazleek 650 euroko sariak eskuratuko dituzte. Publikoaren sariaren zein ikus-entzunezko lan onenaren sariaren irabazleek 200€ eta liburu sorta.
Lan sarituak 2027ko urtarrilean egingo den Beldur Barik Topaketan ezagutzera emango dira, indarkeria sexista eta matxistaren aurkako borrokan ari diren gazteen topagune bilakatuko den ekitaldian.






