Gobernu Kontseiluak zuzeneko dirulaguntza onartu du Berriro 1.5: tokiko merkataritzarako fidelizazio-plataformaren bilakaerari buruzko proiektua egiteko.
2025ean, Berriro proiektua jarri zen abian, tokiko merkataritzarako fidelizazio digital integralerako tresna gisa. Tresna horren bidez, tokiko merkataritzak bere fidelizazio-programak modu autonomoan kudea zitzakeen, eta bere behar espezifikoetara egokitu zezakeen eta merkataritza-inpaktua maximizatu. 2026. urtearen hasieran, Arratia-Nerbioi eskualdean eta Durangaldean hedatzen hasi zen proiektua, eta, orain, irismena handitzeko beste urrats bat egin da, herritarrentzako goi-mailako pizgarrien plataforma bihurtu baita, kanpainak segmentatzeko sistema aurreratua garatuta.
Proiektua Bizkaidendak Elkarteak kudeatzen du eta 62.685 euroko finantzaketa du. Proiektua bi multzo handitan garatuko da:
Lehen multzoak goi-mailako pizgarrien modulu bat izango du. Horri esker, administrazioek, entitateek edo beste ente sustatzaile batzuek tokiko merkataritzari laguntzeko kanpainak diseinatu eta aktibatu ahal izango dituzte. Zuzkidura ekonomiko global hori bonu, deskontu, sustapen-saldo edo herritarrentzako bestelako onura digital bihurtu ahal izango dute.
Berritasun nagusia izango da kanpainak zenbait irizpideren arabera segmentatu ahal izatea:
- Lurraldea: autonomia-erkidegoa, probintzia, eskualdea, udalerria edo udalerri multzoa.
- Sektorea: sektore zehatzak, hala nola elikadura, moda, oinetakoak edo zerbitzuak.
- Biztanleria-profila: adina, erabiltzaile berriak, lehen erosketa, bezero aktiboak edo beste kolektibo batzuk.
- Denbora-tartea: aldi jakin batzuekin lotzen diren kanpainak, urtarokotasuna, ezohiko egoerak edo kontsumo-une estrategikoak.
Sistemak kanpaina bakoitzaren parametro nagusiak konfiguratzea ahalbidetuko du —datak, aurrekontua, erabilera-baldintzak, mugak eta aplikazio-arauak—, eta kudeaketa-panel autonomoa izango du, ente bultzatzaileek beren kanpainak sortu, editatu, aktibatu, desaktibatu eta kontrolatu ahal izan ditzaten, garapen espezifikoen mende egon gabe.
Bigarren multzoak transakzioen historiko osoa eta itzulketak kudeatzeko sistema izango ditu, saltokien eguneroko jarduna errazte aldera eta itzulketak, osoak zein partzialak, behar bezala erregistratuta eta jatorrizko erosketari lotuta geratuko direla bermatze aldera. Funtzionalitate berri horri esker:
- Saltokiek zenbait irizpideren bidez bilatu eta kontsultatu ahal izango dituzte eragiketak —eragiketa-zenbakiaren bidez, dataren bidez, bezeroaren bidez, NAN/AIZ/IFKaren bidez edo zenbatekoaren bidez—; horrez gain, horien xehetasunak ikusi ahal izango dituzte eta sortutako eta erabilitako onurak ezagutu. Halaber, erosketei, itzulketei, zenbateko garbiei eta kobratutako zenbatekoei buruzko informazio erantsia ikusi ahal izango dute.
- Itzulketen kudeaketa automatizatua. Saltokiak erosketa bat aurkitu ahal izango du, itzuli beharreko zenbateko osoa edo partziala sartu ahal izango du, eta BERRIRO 1.5 plataformak automatikoki kalkulatu eta aplikatuko ditu dagozkion doikuntzak. Itzulketa partzialetan, onurak modu proportzionalean erregularizatuko dira; itzulketa osoetan, berriz, erabat deuseztatu edo deskontatuko dira.
- Eragiketa guztiak erregistratuta eta lotuta geratuko dira, eta erosketaren trazabilitatea, itzulketa, bezeroa, merkataritza eta aldatutako onurak bermatuko dira.
Azken batean, multzo horren helburua da erosketen eta itzulketen kudeaketa automatizatzea eta ordenatzea, desorekak edo onura bidegabeak saihestea, eskuzko kudeaketa murriztea eta BERRIRO 1.5 plataformaren segurtasuna, fidagarritasuna eta eskalagarritasuna indartzea.






