Talde eragileko kideei harrera egin die Ibone Bengoetxea lehendakariordeak
Eusko Jaurlaritzak eta Garabide elkarteak Hizkuntzak Biziberritzeko Prozesuetan Dauden Komunitateen Mundu Federazioa bultzatzeko prozesua abian jarri dute, eta bide horretan lehen urratsa emanez federazioa sortu asmo duen talde eragilea elkartuko da egunotan Euskadin. Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak harrera egin die Federazioaren talde eragilea osatzen duten nazioarteko kideei. Munduko hizkuntzen sare berria ofizialki ostiralean aurkeztuko da Irunen egingo den ekitaldian, BIHAR kongresuaren baitan.
Ekimen hau Eusko Jaurlaritzak eta nazioarteko hizkuntza-lankidetzan espezializatutako Garabide erakundeak sustatzen dute elkarlanean, eta helburua da hizkuntzen biziberritzearekin, sustapenarekin eta garapenarekin konprometituta dauden komunitateen arteko lankidetzarako gune egonkor bat eraikitzea. Tokiko hizkuntzen nazioarteko sare horrek hiru xede nagusi izango ditu:
- Hizkuntza-komunitateen arteko lankidetza praktikoa indartzea.
- Hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren balioari buruzko narratiba partekatua eraikitzea.
- Gure hizkuntzen etorkizunari eragiten dioten gaiak eztabaidatzen diren nazioarteko esparruetan eragin kolektiborako gaitasuna sendotzea.
Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntz Politikarako sailburuak azaldu duenez, “gure herri eta hizkuntzentzat garrantzi haundikoa izan daitekeen proiektu baten hazia ereitera goaz. Biziberritze bidean gauden hizkuntzen nazioarteko federazioak gure herrien arteko harremanak estutzeaz gain, geure hizkuntzen ahotsa modu bateratu eta ozenean altxatzen lagunduko du”.
Elkarren arteko esperientziak partekatu eta elkarrekin ikasteko abagunea eskainiko du elkarte berriak, baina, batez ere, nazioarteko hainbat erakunderen artean ahots propio eta indartsuagoarekin aurkezteko aukera zabalduko du.
“Bi gauza partekatzen ditugu nazioarteko federazioa osatu nahi dugun herrien ordezkariok: lehena, bizirik dagoen hizkuntza bat ordezkatzen dugula; eta bigarrena, etorkizunean ere bizirik eta indarrez jarraitu nahi dugula, gure herri-komunitate eta nazioen nortasunaren oinarria diren neurrian. Horregatik da beharrezkoa guztiok bat egin eta gure asmo eta nahiak munduari adieraztea”, esan du Bengoetxea lehendakariordeak.
“Euskarak ibilbide bikaina egin du azken hamarkadatan, baina orain bidegurutze historikoan dago. Gaur egun dituen erronkak identifikatu nahi ditugu, gure hizkuntzak etorkizun oparoa izan dezan. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Jauzia Gara estrategia bultzatu du, hiztun komunitate eta gizarte osoarekin etorkizuneko erronkei modu partekatu eta adostuan ekiteko asmoz”, esan du sailburuak.
Federazioaren proiektuaren hasierako eraikuntza-fasean da, eta lehen urratsak emateko, komunitate linguistikoen ordezkaritza biltzen duen Talde Eragile bat osatu da. Beronen aurkezpena ostiralean egingo da, Irungo Ficoba erakustazokan Bihar Kongresuaren baitan.
Talde eragilea honako hizkuntz-komunitateetako kideek osatzen dute: Nasa (Colombia), Guarani (Paraguay), Hawaiano (Hawaii), Tubu (Libia), Kaqchikela (Guatemala), Kurdo (Kurdistán), Quechua (Ecuador), Euskara (Euskadi), Maori (Zeelanda Berria), Khoikhoi (Hego Afrika), Tamang (Nepal), Torwali (Pakistan), Gales (Gales), Maya (Mexiko), Tamanga (Nepal)






