Hondarribiko AuzoEKIN programa Europako hainbat herrialdetako esperientziekin partekatu da Aarhusko kongresuan

0

Hondarribiko Udala AuzoEKIN programaren esperientzia nazioarteko foro batean partekatzen izan da egunotan, Danimarkako Aarhus hirian egindako bakardadeari eta harreman sozialei buruzko nazioarteko kongresuan. Josu Peña Gizarte Kohesioko zinegotzia bertan izan da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñarekin, Adinberriko Rakel San Sebastianekin eta Ainhoa Becerrarekin, eta AuzoEKINeko Olaiz Gorriñorekin batera.

Bakardadeari eta gizarte-isolamenduari aurre egiteko Europako hainbat lurraldetan garatzen ari diren estrategiak, politikak eta esperientziak ezagutzea eta partekatzea izan da kongresuaren helburu nagusia, eta Hondarribiko Udalaren parte-hartzea Interreg Europe KORALE proiektuaren testuinguruan kokatzen da. Proiektu honen xedea bakardadeari eta gizarte-isolamenduari ikuspegi sistemiko batetik heltzea da, baita Europako eskualde eta erakundeen artean ezagutza eta esperientziak trukatzea ere.

Euskal Herritik, Adinberri da KORALE proiektuan parte hartzen duen erakundea, eta haren eskutik aurkeztu du Hondarribiko Udalak AuzoEKINen esperientzia, Europako beste hainbat erakunderekin batera: Social City Vienna (Austria), Santa Casa da Misericórdia de Lisboa (Portugal), Fingal County Council (Irlanda) eta Aalsteko Udala (Belgika).

AuzoEKIN programaren aurkezpenean, Olaiz Gorriño teknikariak programaren ibilbidea eta auzoetatik abiatutako ikuspegia azaldu ditu, eta bereziki azpimarratu du ekimenaren oinarrian dagoen diagnostiko-prozesua. Izan ere, hasieratik identifikatu zen Hondarribian bakardadeari eta harreman sozialen ahultzeari ikuspegi komunitariotik heltzeko beharra, eta hortik abiatuta sortu da AuzoEKIN.

Ildo horretan, Gorriñok azaldu du bakardadea eta harreman sozialen ahultzea ez direla pertsona bakoitzaren egoerara mugatzen. Horrenbestez, erantzunak ere pertsona bera ez ezik, haren ingurunea, auzoa eta herriko harreman-sareak hartu behar ditu kontuan.

AuzoEKINen esku-hartzea hiru mailatan garatzen da. Batetik, pertsona bakoitzaren beharrei erantzuteko banakako esku-hartzeak daude; bestetik, komunitatea aktibatzeko ekimenak; eta, azkenik, auzoei eta herri osoari zuzendutako jarduerak. Horretarako, talde eragilea, talde estrategikoa eta eragileen mahaia baliatzen ditu programak, eragile eta ikuspegi desberdinak elkarlanean jartzeko”, azaldu du teknikariak.

Auzokideek duten garrantzian ere jarri du azpimarra Gorriñok, AuzoEKINen helburua ez baita soilik herritarrei jarduerak eskaintzea, auzokideak harremanak sortzeko eta komunitatea indartzeko prozesuaren protagonista izatea baizik. Horren adibide da AuzoZain figura, auzoetan harremanak eta zaintza-sareak sustatzea eta komunitatearen dinamizazioan laguntzea helburu duena.

Esperientziak partekatu eta elkarrengandik ikasteko aukera

Josu Peñaren esanetan, “bakardadeari ezin zaio soilik pertsona baten egoeratik begiratu. Pertsonen inguruneak, auzoak eta komunitateak ere zeresan handia dute. Herritarren arteko harremanak sustatzea eta komunitate-sareak indartzea ezinbestekoa da”.

Horregarik, Europako beste lurralde batzuekin ezagutza-trukea sustatzeko baliagarria izan da kongresua: “Esperientziak partekatzea oso baliagarria da. Lurralde bakoitzak bere errealitatea eta bere tresnak ditu, baina kezka amankomun asko ditugu. Guretzat interesgarria da beste toki batzuetan zer egiten ari diren ezagutzea, eta, aldi berean, Hondarribian garatzen ari garen AuzoEKIN Europako beste erakunde batzuekin partekatzea”.

Izan ere, nazioarteko foro batean parte hartzeak bi norabidetako aukera eskaintzen du: alde batetik, Hondarribian egiten ari den lana ezagutaraztea; bestetik, beste lurralde batzuetan garatzen ari diren ekimenak zuzenean ezagutzea eta etorkizuneko jardueretarako ideiak jasotzea.

AuzoEKIN martxan dagoen prozesua da, eta horrek esan nahi du ikasten jarraitzeko aukera dugula. Horrelako topaketek gure esperientzia beste batzuekin kontrastatzeko eta etorkizunean zer hobetu edo zer bide berri ireki ditzakegun ikusteko aukera ematen digute”, amaitu du zinegotziak.

Josu Peñak, azkenik, Adinberriri eskerrak eman dizkio Hondarribiko Udalarekin elkarlanean aritzeagatik eta AuzoEKIN programa nazioarteko foro batera eramateko eta Europako beste lurralde batzuekin ezagutza-trukea sustatzeko egindako lanagatik.