Adinekoen egoitzetan sendagaien erabilera segurua eta egokia indartzeko Gida Farmakoterapeutikoa eguneratu du Euskadik

0
  • Edizio berriak arau-aldaketak ekarri ditu, printzipio aktiboak berrikusi ditu eta tratamendu-algoritmoak eta segurtasun-oharrak eguneratu ditu
  • Gidak polimedikazioaren ondorioen aurrean bereziki kaltebera den biztanleria horretan sendagaien preskripzioari eta jarraipenari buruzko erabakiak hartzen laguntzen die osasun-arloko profesionalei
  • Dokumentua Osasun Saileko, Osakidetzako eta farmazia komunitarioko familia-medikuntzako, geriatriako eta farmaziako profesionalek egin eta eguneratu dute
  • Eguneratze hori bat dator Euskadiko Osasun Itunak pertsonak ardatz izango dituen arreta integratuago eta seguruago baterantz aurrera egiteko ezarritako helburuekin

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Euskadiko Adinekoen Egoitzetarako Gida Farmakoterapeutikoa eguneratu du. Gida hori osasun-arloko profesionalei sendagaiak behar bezala hautatzen eta erabiltzen laguntzera eta egoitzetan arreta farmakoterapeutiko seguruagoa eta eraginkorragoa lortzen laguntzera zuzenduta dagoen tresna bat da.

2026ko eguneratzean, 2024an gidaren lehen edizioa argitaratu zenetik agertu diren nobedade nagusiak txertatu dira. Haien artean, arau-aldaketak, printzipio aktiboen zerrendaren berrikuspena, tratamendu-algoritmoen eguneratzea eta segurtasun-ohar berriak daude.

Gidak instituzionalizatutako adinekoen behar espezifikoei erantzuten die, kontuan hartuta pertsona horien kasuan ohikoa izaten dela hainbat gaixotasun kroniko batera izatea eta hainbat sendagai erabiltzea. Polimedikazio-egoera horrek areagotu egin dezake kontrako erreakzioen eta interakzio farmakologikoen arriskua. Gainera, zahartzeari lotutako aldaketa fisiologikoak direla eta, beharrezkoa da tratamendu jakin batzuen indikazioaren, dosiaren eta jarraipenaren balorazio espezifikoa egitea.

Testuinguru horretan, dokumentuak ebidentzia zientifikoan, esperientzia klinikoan eta efizientzia-irizpideetan oinarritutako gomendioak biltzen ditu osasun-arloko profesionalei erabakiak hartzen laguntzeko. Helburua da segurtasuna hobetzea, tratamenduen eraginkortasuna optimizatzea eta egoitzetan bizi diren pertsonentzat bizi-kalitate hobea lortzen laguntzea.

Diziplina anitzeko ikuspegi batetik landutako tresna

Gida Farmakoterapeutikoa Euskadiko osasun-arloko diziplina anitzeko profesionalen talde batek egin eta eguneratu du. Talde hori Eusko Jaurlaritzako, Osakidetzako eta farmazia komunitarioko familia-medikuntzako eta geriatriako profesionalek eta farmazialariek osatu dute.

Ikuspegi bateratu horrek farmakoterapiak adinekoen kasuan dituen berezitasunak aztertzea ahalbidetu du, eta egoitzetan sendagaiak behar bezala hautatzeko eta erabiltzeko erreferentziazko tresna bihurtu du gida. Gainera, bertako gomendioak beste laguntza-eremu batzuetan ere baliagarriak izan daitezke.

Gidaren ekarpen nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Sendagaiak eraginkortasunaren, segurtasunaren eta ebidentzia zientifikoaren inguruko irizpideen arabera hautatzea.
  • Dosi eta forma farmazeutikoak adinekoen ezaugarri espezifikoetara egokitzea.
  • Dosifikatzeko eta sendagaiak emateko sistema pertsonalizatuetarako egokiak diren sendagaiak kontuan hartzea.
  • Sendagai berrien ebaluazioa, egiten duten ekarpen terapeutikoaren eta adinekoengan eskuragarri dagoen ebidentziaren arabera.
  • Osasun-sistemaren jasangarritasunean laguntzen duten alternatiba efizienteen lehenespena.

2026ko jardun klinikoa kontuan hartuta eguneratutako gida

Aurten egindako berrikuspenari esker, farmakoterapiaren eta pazientearen segurtasunaren arloetan izan diren azken aldaketa garrantzitsuak txertatu ahal izan dira, eta profesionalek beren asistentzia-jardunean erabiltzen dituzten gomendioak eguneratuta eduki ahal izan dira.

Horrela, beraz, gidak erabakiak hartzen laguntzeko tresna izaten jarraitzen du, eta Euskadiko egoitzetan bizi diren adinekoengan sendagaien erabilera seguruagoa, eraginkorragoa eta arrazionalagoa sustatzen laguntzen du.

Eguneratze hori, gainera, Euskadiko Osasun Itunak pertsonak ardatz izango dituen arreta integratuago eta seguruago baterantz aurrera egiteko ezarritako helburu partekatuen barruan dago, batez ere kronikotasunak eta biztanleriaren zahartzeak dakartzaten erronkak kontuan hartuta. Egotzetan arreta farmakoterapeutikoa hobetzea lagungarria da tratamenduen kalitatea eta segurtasuna indartzeko, jarraitutasun asistentziala bultzatzeko eta sendagaien erabilera egokia, efizientea eta adinekoen behar espezifikoetara egokitua sustatzeko.