- Urriaren 16ra arte aurkeztu ahal izango dira, eta sariak 25.000 euroko zuzkidura du
Eusko Jaurlaritzak 2026ko Giza Eskubideen René Cassin Sarirako hautagaitzak aurkezteko epea ireki du. Sari horrek giza eskubideak sustatzen, defendatzen eta zabaltzen nabarmen lagundu duten pertsonak eta erakundeak aitortzen ditu urtero. Hautagaitzak datorren urriaren 16ra arte aurkeztu ahal izango dira honako esteka honen bitartez: René Cassin Giza Eskubideen Saria 2026 – Eusko Jaurlaritza
Beren jardunean edo ibilbidean giza eskubideen esparruan ekarpen handia egin duten irabazi-asmorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoek, publikoek zein pribatuek aurkez ditzakete hautagaitzak. Sariak 25.000 euroko zuzkidura du, ohorezko sariaz eta aitortza publikoaz gain.
Aurtengo deialdiak, gainera, sariaren araudi berrian sartutako berritasunetako bat eskaintzen du: saria pertsona eta erakunde atzerritarrei edo egoitza kanpoan dutenei emateko aukera, betiere haien hautagaitzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartutako identifikazio eta sinadura elektronikoko baliabideak dituen tokiko, Autonomia Erkidegoko edo Estatuko erakunde baten bidez aurkezten badira.
René Cassin Saria 2003an sortu zen, eta 1887an Baionan jaio zen legelari eta epailearen izena du. René Cassin Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren inspiratzaile nagusietako bat izan zen, eta Bakearen Nobel Saria eman zioten 1968an.
Bi hamarkadatik gorako ibilbidean, giza eskubideekin konpromiso handia agertu duten pertsonak eta erakundeak izan dira saria jaso dutenak, hala nola Alec Reid, Federico Mayor Zaragoza, Dora María Téllez, Elisa Loncón, UNRWA eta Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordea. 2025eko edizioan, Nazio Batuen Palestinako Lurralde Okupatuetarako errelatore berezi Francesca Albaneseri eman zioten saria.
Hautagaitzak aurkezteko epe berria irekitzearekin batera, Eusko Jaurlaritzak hainbat esparrutan giza duintasuna eta oinarrizko eskubideak defendatzeko ekarpen nabarmena egiten ari diren ibilbideak eta ekimenak proposatzeko deia egin die pertsona eta erakundeei.
Informazio gehiago lortzeko eta hautagaitzak aurkezteko: René Cassin Giza Eskubideen Saria 2026 – Eusko Jaurlaritza






