Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak 20.548 eskaera jaso ditu seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzak zabaltzen dituen dekretua uztailaren 1ean indarrean jarri zenetik. Neurriak hilean 200 euroko prestazioa aurreikusten du 4 urtera arteko haur bakoitzeko, eta Euskadin hazteko, familientzako eta jaiotza-tasa sustatzeko laguntza publikoa indartzen du.
Tramitazio prozesua
Jasotako eskabide guztietatik, 15.568 baliozkotu dira dagoeneko, eta 4.980 kudeaketa-aplikazioan sartzeko zain daude.
Dagoeneko baliozkotutako eskaeretatik, 10.226 lau urtera arteko luzatzeari dagozkio. Horien artean, 5.612 eskabide daude, 2022an jaiotako seme-alabei dagozkienak, urte horretan 4 urte bete dituztenak edo beteko dituztenak, eta 4.352 eskabide 2023an jaiotako haurrei dagozkienak, horiek ere zabaltzearen onuradun baitira.
«Eskaeren kopuruak gora egiten jarraitzen du, eta laguntzen hedapenari familiek egindako harrera oso ona izaten ari da. Horrek agerian uzten du gobernu honek laguntza eta konpromisoa duela familiekin. Haiek dira herri honen funtsezko ardatz eta gure etorkizunaren oinarri» azaldu du Nerea Melgosa sailburuak.
Familia mota guztientzako laguntza berrindartua
Dekretuak, halaber, 4 eta 7 urte bitarteko haurrak dituzten familia ugarientzako, guraso bakarreko familientzako eta desgaitasunen bat duen seme-alabaren bat duten familientzako laguntzak jasotzen ditu. Orain arte, familia ugarien 591 eskaera jaso dira, guraso bakarreko familien 414 eta desgaitasunen bat duen seme-alabaren bat duten familien 83.
Laguntzak 4 urtera arte zabaltzeak 33,3 milioi euroko inbertsio gehigarria dakar. Ekimen horrekin, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak aurrera egiten du familiei laguntzeko konpromisoan, hazkuntzari lotutako ezohiko gastuei aurre egiten laguntzeko apustuan eta kontziliazioa, haurren ongizatea eta jaiotza-tasa bultzatzen dituzten politika publikoak sendotzeko nahian.
Laguntzak jasotzeko baldintzak
• Euskadin bizi eta erroldatuta egotea, haurraren bizileku berean, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin, edo, bestela, bost urteko antzinatasunarekin, aurreko hamar urteetan.
• Adingabearekin bizitzea eta haren zaintza gauzatzea laguntzaren xedea den aldian.
Neurriak atzeraeraginezko ondorioak izango ditu 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta onartutako laguntzak egun horretan bertan ordainduko dira. Familiek www.euskadi.eus helbidean jarrai dezakete eskabideak aurkezten. Zalantzak argitzeko, umeak@euskadi.eus helbide elektronikoa eta 945 01 80 00 telefonoa daude.






