IRAILAREN 26A, NERABEEN PLANIFIKATU GABEKO HAURDUNALDIA PREBENITZEKO MUNDUKO EGUNA
HBEaren eredu propioa garatzearen bidez, zerbitzu horiek baliabide propioekin eta bere zentroetan eskaintzeko ahalmena erabat garatzearen aldeko apustua egingo du Osakidetzak
Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Euskadiko Osasun Itunean sistema publikoan HBEaren inguruko arreta indartzeko hartutako konpromisoa beteko du
Osakidetza Euskadin haurdunaldia borondatez eten nahi duten emakumeak pixkanaka bere baliabideekin eta bere osasun-zentroetan eta ospitaleetan artatzen hasiko da datorren urrian. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur, irailak 26, Nerabeen Planifikatu Gabeko Haurdunaldia Prebenitzeko Munduko Egunean eman du jarduera hori abiarazteko asmoaren berri.
Ekimen hori Osakidetzak Euskadiko emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubideekin duen konpromisoaren barruan kokatzen da, eta haurdunaldiaren borondatezko etendurak euskal asistentzia-sare publikoaren barruan egiteko aukera mailaka txertatzea ahalbidetuko duen proiektu pilotua bultzatzearekin batera egingo da.
Euskadiko hiru lurralde historikoei estaldura emango dien pilotajea Osakidetzako 5 Erakunde Sanitario Integratutan (ESI) egingo da urritik abendura bitartean, eta, ondoren, 2027. urtean Osakidetzaren sare osora hedatzea dago aurreikusita.
Gaur egun, Euskadin bizi diren emakumeei urtero egiten zaizkien borondatezko 4.000 etendura ingururen % 94 baino gehiago euskal osasun-sistema publikoak finantzatzen ditu.
Orain, berriz, HBEaren inguruko arretaren zati bat sare publikoko zentroetan garatzea eta itunpeko zentro egiaztatuetarako deribazioa pixkanaka eta modu antolatuan murriztea ahalbidetuko duen eredu baterantz aurrera egiteko beste urrats bat egingo du Osakidetzak.
Estrategia horri hasiera emateko, hamar aste baino gutxiagoko haurdunaldien borondatezko etendura farmakologikoen inguruko arreta arian-arian sare publikoaren barruan txertatzera bideratutako proiektu pilotu bat garatuko du Osakidetzak.
Pilotajeari esker, emaitza klinikoak, egindako asistentzia-antolaketa, erabilitako baliabideen beharrak eta emakume erabiltzaileen esperientziaren azterketa ebaluatu ahal izango dira, ondoren eredua Euskadi osora zabaltzeko.
Osakidetzak diseinatutako HBEaren inguruko arreta-eredu berria Haurdunaldiaren Borondatezko Etenduren Euskal Erregistroan jasotako datuetan oinarrituta dago. Datu horien arabera, prozeduren erdiak, gutxi gorabehera, tratamendu farmakologikoaren bidez egiten dira gaur egun, eta etendura gehienak haurdunaldiaren etapa goiztiarretan gertatzen dira, metodo hori alternatiba kliniko finkatua den garaian.
Zirkuitu eskuragarriagoa, homogeneoagoa eta laguntzarekin
Osakidetzaren HBEaren eredu berriak ezartzen duen protokoloak Lehen Mailako Arretako emagina prozesurako sarbidea ematen duen erreferentziazko profesional gisa finkatzen du.
Ildo horretan, haurdunaldiaren borondatezko etendura bat eskatzea erabakitzen duten emakumeek beren osasun-zentrora joan beharko dute, eta beren emaginarekin egoteko lehentasunezko hitzordua eskatu. Emaginak eskura dituzten aukerei, prozedurei, lege-bermeei eta dauden asistentzia-baliabideei buruzko informazio pertsonalizatua emango die.
Ondoren, hainbat faktoreren arabera (haurdunaldiko asteak, egoera klinikoa, emakumearen aukeraketa eta abar), asistentzia-zirkuiturik egokiena abiaraziko da.
Osakidetzan ezarritako protokolo berriak funtsezko alderdi batzuk indartzen ditu, hala nola konfidentzialtasuna, intimitatea, segurtasun klinikoa eta emakume bakoitzak haurdunaldia eteteari buruz erabakitzeko duen autonomiarekiko erabateko errespetua.
Sexu-prebentzioa eta sexu-hezkuntza, nahi ez diren haurdunaldiak murrizteko gakoak
Osakidetzak berriz ere azpimarratu du oso garrantzitsua dela sexu-hezkuntzako eta metodo antikontzeptibo eraginkorrak erabiltzeko politikak indartzen jarraitzea. Haurdunaldiaren Borondatezko Etenduren Euskal Erregistroak emandako 2024ko datuen arabera, haurdunaldiaren borondatezko etendura eskatu zuten emakumeen % 60k baino gehiagok ez zuten metodo antikontzeptiborik erabiltzen, eta prozeduren herenean, gutxi gorabehera, etendurak errepikatuak izan ziren.
Hori dela eta, Osakidetzak proposatutako asistentzia-eredu berriak ikuspegi integrala du, eta ez da prozedura klinikora mugatzen; aitzitik, informazioa, aholkularitza eta emakume bakoitzaren beharretara egokitutako neurri antikontzeptiboak erabiltzeko aukera indartzearen aldeko apustua egiten du.
Protokolo berri horrekin, Osakidetzak kalitatezko osasun-arreta publikoarekin duen konpromisoa berresten du, eta Euskadiko emakume guztiek haurdunaldia borondatez eteteko prestazioa ekitate-, segurtasun- eta konfidentzialtasun-baldintzetan eta beren eskubideak errespetatuz jasotzeko aukera bermatzen du, Euskadiko Osasun Itunean jasotako printzipioekin bat etorriz.






