Pérez Iglesiasek Elhuyar anaien ondarea aldarrikatu du Bergarako Wolframaren lehen Egunean

0
  • Gaur 243 urte bete dira Elhuyar anaiek wolframa isolatu zutenetik, kimika modernoaren garapenerako garrantzi handiko mugarri bat
  • Bergarako Enbaxadore Saria 2026 eman zaio Jesus Ugalde EHUko Fisika Kimikako katedradunari

Bergarako Udalak eta Laboratorium Museoak bultzatuta, Bergarak Wolframaren Eguna ospatu du gaur lehen aldiz, zientziaren historiako mugarri nagusietako bat ezagutarazteko, alegia, Elhuyar anaiek wolframa isolatzea. Hain zuzen ere, gaur 243 urte bete dira aurkikuntza hartatik, eta, denborarekin, funtsezko garrantzia hartu du industria- eta teknologia-arloetan.

Lehen edizio honen baitan, Bergarako Enbaxadore Saria 2026 Jesus Ugalderi, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Fisika Kimikako katedradunari eman diote, haren ibilbidea eta zientziaren arloan egindako ekarpena aitortzeko. Horrez gain, wolframari eskainitako mural bat inauguratu da.

Seminarixoan egin den ekitaldian Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak, Gorka Artola Bergarako alkateak eta Rosa Errazkin Laboratorium Museoko zuzendariak hartu dute parte.

Sailburuak Elhuyar anaien aurkikuntzaren balioa eta zientziaren historiaren pasarte hori zaindu eta zabaltzearen garrantzia nabarmendu ditu. Ildo horretan, adierazi du Wolframaren Eguna ospatzeak elementu horren isolamendua gogoratzeko eta Euskadiren ondare zientifikoaren parte den aurkikuntza hori herritarrengana hurbiltzeko aukera ematen duela.

“Juan José eta Fausto Elhuyar anaiak”, adierazi du, “beren garaiko gizonak izan ziren, benetako ilustratuak. Zientzialari kosmopolitak izan ziren; Parisen goi-mailako ikasketak egin zituzten, eta Suedian osatu zuten beren prestakuntza. Euskal Herriarekiko konpromisoa Euskalerriaren Adiskideen Elkartean egindako jarduera zientifikoan gauzatu zuten. Elkartearen laborategian, Bergarako Errege Mintegian kokatua, wolframa isolatu zuten 1783an”.

«Jesus Ugalde, akademiko eredugarria»

Wolframaren Eguneko ekitaldi nagusia Bergarako Enbaxadore Saria 2026 ematea izan da. Lehen edizio honetan, Jesus Ugalde irakaslearen ibilbidea aitortu da. Sariaren helburua da urtero Bergararekin lotura duten pertsonak aitortzea, eta ikerketaren, berrikuntzaren, zientzia-kulturaren, garapen teknologikoaren edo ezagutzaren transferentziaren alorretatik herriaren izena zabaltzen laguntzen dutenak saritzea.

Halaber, belaunaldi berrientzat erreferente izan daitezkeen ibilbideak aitortu nahi ditu sariak, eta talentuaren, ezagutzaren eta lurraldearen arteko lotura berriak sortu.

Pérez Iglesiasek nabarmendu du Jesus Ugalde Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Fisika Kimikako katedraduna “ere atzerrian ikasia dela. Zientzialari bikaina da –Euskadi Ikerketa Saria jaso duena–, akademiko eredugarria –sortu duen eskola da horren erakusgarri– eta bere herriarekin eta hizkuntzarekin konprometitutako pertsona. Justizia osoz jaso du ‘Bergarako Enbaxadore’ izendapena, bere jarduerak nazioartean izan duen proiekzioagatik eta, horren ondorioz, bere herriak izan duenagatik».

“Elhuyar anaiek eta Jesus Ugaldek”, azpimarratu du, “izaera kosmopolita dute komunean. Hirurek egin zituzten goi-mailako ikasketak, eta Euskal Herritik kanpo prestatu eta trebatu ziren zientzialari gisa. Eta hirurek lagundu dute modu esanguratsuan Bergara, Gipuzkoa eta Euskadi gure mugetatik harago ezagutarazten eta, hurrenez hurren, zientziaren herri, lurralde eta herrialde gisa aitortuak izan daitezen”.

Saria eman ondoren, wolframaren isolamenduari eskainitako murala inauguratu dute Seminarixoko arkupeetan. Jokin Oregi, Sortwo, eta Mikel Larrañaga, Remak, Bergarako artistek sortutako lanak gertakari zientifiko honi buruzko begirada artistiko berria eskaintzen du, eta mugarri historiko hura herritarrengana hurbiltzen laguntzen du.