- BASQUEFIKek prestatutako finantza- eta inbertsio-sektoreko Liburu Zuriaren aurkezpenean, aurrezkia proiektu produktiboetara, berrikuntzakoetara eta ibilbide luzekoetara mobilizatzeko beharra nabarmendu du
Noël d’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzetako sailburuak Euskadiren lehiakortasunaren eta eraldaketa ekonomikoaren eragile gisa finantza- eta inbertsio-sektoreak duen funtsezko zeregina defendatu du gaur, BASQUEFIKek sustatutako Euskadiko finantza- eta inbertsio-sektorearen Liburu Zuriaren aurkezpenean.
Bere hitzaldian, sailburuak zoriondu egin ditu dokumentua egiten parte hartu duten pertsonak eta entitateak, eta nabarmendu egin du “Euskadiren etorkizunerako funtsezkoa den gai bati buruz hausnartzera” gonbidatzen duen “ekimen baten egokitasuna: finantza- eta inbertsio-sektoreak eraldaketa ekonomikorako palanka gisa duen zeregina”.
D’Anjouk adierazi du egungo nazioarteko koiunturak, tentsio geopolitikoek, trantsizio energetikoak, adimen artifizialaren agerpenak, aldaketa demografikoek eta lehia globalaren hazkundeak markatuta, kapitala proiektu estrategikoetara bideratzeko ahalmena indartzea eskatzen duela. Testuinguru horretan, adierazi du finantza-baliabideak ekimen eraldatzaileetara mobilizatzeko gai izango diren lurraldeek lehiatzeko abantaila erabakigarria izango dutela.
Sailburuak nabarmendu du Euskadik indargune garrantzitsuak dituela erronka horri aurre egiteko, besteak beste, industria-ekonomia aurreratua, nazioartean lehiatzeko ahalmena duten enpresak, aurrezki-bolumen handia, lurraldearekin konprometitutako finantza-entitateak eta lankidetza publiko-pribatuaren kultura sendoa.
Era berean, defendatu du Euskadik aurre egin beharreko eraldaketa ekonomikoak aurrekaririk gabeko inbertsio-ahalmena beharko duela industriaren deskarbonizazioari ekiteko, enpresa teknologiko berriak bultzatzeko, esparru estrategikoak indartzeko eta berrikuntzan, digitalizazioan eta garapen teknologikoan aurrera egiteko.
Ildo horretatik, azpimarratu du datozen urteetako erronka handietako bat Euskadiren aurrezki erabilgarriaren eta bertan dauden inbertsio produktiboko aukeren arteko lotura indartzea izango dela. “Aurrezki gehiago inbertsio produktibo gehiago bihurtzeko gai izan behar dugu”, adierazi du, eta helburu hori jarduera ekonomikoa, kalitatezko enplegua eta gizarte-ongizatea sortzearekin lotu du.
Euskal Finantza Aliantza
Bere hitzaldian, Ogasun eta Finantzetako sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak sustatutako Euskal Finantza Aliantzaren balioa, instituzio, enpresa, finantza-entitate eta inbertitzaileen arteko lankidetza indartzeko. Azaldu duenez, ekimen horren helburua da sinergia berriak sortzea eta finantza-baliabideak herrialdearen etorkizun ekonomikorako proiektu estrategikoetara iristea.
Halaber, Anjouk azpimarratu du beharrezkoa dela euskal ekosistema finantzarioa eta inbertitzailea indartzen jarraitzea, sektorea birdefinitzen ari diren eraldaketetara egokitzeko, hala nola: digitalizazioa, adimen artifiziala, finantza jasangarriak, inbertsio-tresna berriak edo erregulazio-aldaketak.
Sailburuak baloratu du BASQUEFIKek aurkeztutako Liburu Zuria tresna baliagarria dela ezagutza sortzeko, diagnostikoak partekatzeko, joerak identifikatzeko eta finantza-sektoreak datozen urteetan aurre egin beharko dien erronkei buruzko eztabaida aberasteko.
Azkenik, berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak lankidetza publiko-pribatua bultzatzeko, finantza-tresnak indartzeko eta beharrezko ahalmenak sortzeko duen konpromisoa, Euskadik inbertitzen, berritzen, hazten eta aukerak sortzen jarrai dezan. “Euskadiren etorkizunean inbertitzea, egiaz, hurrengo belaunaldien ongizatean inbertitzea da”, esanez amaitu du.






