Amaia Susperregui industriala, 2026 Joxe Mari Korta sariduna

0
  • Epaimahaiak, aho batez, Amaia Susperregui industrialari ematea erabaki du Joxe Mari Korta Saria, errotzearekiko duen konpromisoagatik, bikaintasunagatik, enpresa-sarearekiko hurbiltasunagatik, erakundeekiko konpromisoagatik eta Euskadiko garapen ekonomiko eta industrialari egindako etengabeko ekarpenagatik. 
  • Saria hurrengo urriaren 22an emango da Ajuria Enean, Imanol Pradales Lehendakaria buru izango den ekitaldian. 
  • Joxe Mari Korta Saria 2000. urtean sortu zen, ETAk Gipuzkoako enpresari eta ADEGIko presidente izan zena erail ostean, eta Eusko Jaurlaritzak enpresa-arloan ematen duen aitortzarik gorena da.

Eusko Jaurlaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren bidez, urtero ematen du Joxe Mari Korta Saria, beren bizitza eta enpresa ibilbideagatik nabarmendu diren euskal enpresariak aitortzeko. Aurtengo edizioan, Amaia Susperregui industriala izango da sariduna.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak, Mikel Jauregik, buru duen epaimahaia enpresa-elkarte nagusietako ordezkari gorenez osatuta dago. Confebask, Adegi, Cebek eta Seako arduradun nagusiek parte hartzen dute, baita Korta familiaren ordezkari batek ere.

Aurtengo edizio honetan, epaimahaiak aho batez erabaki du Joxe Mari Korta Saria Amaia Susperregui industrialariari ematea, errotzearekiko duen konpromisoagatik, bikaintasunagatik, enpresa-sarearekiko hurbiltasunagatik, erakundeekiko konpromisoagatik eta Euskadiko garapen ekonomiko eta industrialari egindako etengabeko ekarpenagatik.

Sari honek Joxe Mari Korta enpresari eta ADEGIko presidentearen izena darama, ETAk 2000ko abuztuan erail zuen, eta haren omenez sortu ziren sariok. Helburua da gure industriaren buru diren pertsonen gaitasunak eta ahaleginak publikoki aitortzea; izan ere, beren inbertsioen eta lanaren bidez, enplegua eta aberastasuna sortzen dituzte, enpresen errotzea sustatzen dute eta Euskadiko industria-sarea hobetzen dute. Horiek guztiak euskal gizarte osoaren onurarako elementuak dira.

Honako sari hau Eusko Jaurlaritzak enpresa-arloan ematen duen aitortzarik gorena da, eta datorren urriaren 22an Ajuria Enean egingo den ekitaldian banatuko da. Ekitaldia Imanol Pradales Lehendakaria buru dela egingo da.

Hautagaiak hiru lurralde historikoetako enpresa-elkarteek, merkataritza-sozietateak edo elkargo profesionalek proposatu ahal dituzte, baita egoitza Euskadin duten enpresek ere.

Amaia Susperregui, Jaso Group-eko presidentea

Amaia Susperreguik bere ibilbide osoan zehar jarduera profesionala ulertzeko modu bat erakutsi du; zorroztasunean, irmotasunean, industria-bikaintasunean eta zerbitzurako bokazioan oinarritua. Bere lana nabarmendu da konfiantza sortzeko gaitasunagatik, nazioarteko proiektuak bultzatzeko ahalmenagatik, kalitatezko enplegua sustatzeagatik, pertsonak bidelagun izateagatik eta industria-bikaintasuna indartzeagatik. Horri esker, Jaso taldeko enpresek ikuspegi sendo, arduratsu eta etorkizunera begira aurrera egin dezaten ahalbidetu du.

Amaia Susperreguirengan sariak zaindu nahi dituen ondarearekin bereziki lotutako balioak biltzen dira: irmotasuna, diskrezioa, lana ondo egitearekiko konpromisoa, enpresa aurrerapenaren eragile gisa defendatzea eta garapen ekonomikoak erantzukizunarekin, hurbiltasunarekin eta pertsonekiko konpromisoarekin batera joan behar duen uste sendoa.

Amaia Susperregui Ordizian jaio zen eta Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da Donostiako Deustuko Unibertsitatean, Finantza Zuzendaritzako espezialitatearekin.

ESADEko Kontseilarientzako Prestakuntza Programako kontseilaria izan zen | Madril 2020-2021. IE University-ko Luxuzko Produktu eta Zerbitzuen Kudeaketa eta Marketineko Programa Aurreratua | Madril 2025. ESADEko M&A and Private Equity. Euskara, gaztelania, ingelesa eta italiera menderatzen ditu.

1991. urtean sartu zen Jaso Equipos de Obras S.A. enpresan, eraikuntzarako dorre-garabien diseinuan eta fabrikazioan diharduen enpresan. Bere jarduera profesional osoa enpresa horretan eta JASO taldeko gainerako enpresetan garatu du, erakundearen barruan hainbat erantzukizun-postu betez, hala nola Finantza Zuzendaritzan. Halaber, JASO taldearen enpresa- eta sozietate-egitura berregituratzeko eta berrantolatzeko zenbait prozesu gauzatu ditu.

2008an, dorre-garabien dibisioko zuzendari nagusi izendatu zuten (Jaso Equipos de Obras y Construcciones S.L.). 2016an, sektore desberdinetarako (eolikoa, eraikuntza eta industria) igogailuen dibisioko Zuzendaritza Nagusia hartu zuen bere gain, sozietate-batze prozesu baten ondoren, jarduera hori sozietate-izen beraren pean integratu baitzen.

2023an, JASO Taldeko sozietate nagusietako Administrazio Kontseiluko kide izatera pasatu zen: Jaso Servicios Generales, S.L. (holding), Talleres Jaso Industrial S.L. (garabi industrialak eta AMRak) eta Jaso Equipos de Obras y Construcciones S.L. (dorre-garabiak eta igogailuak). Talde horietan guztietan presidente kargua du, eta taldeko gainerako sozietateetan kontseilari-bokala da.

Era berean, ADEGIko ( Gipuzkoako enpresarien elkartea) Kontseilu Errektoreko kide izan da (2006-2012), eta ADEGIko Batzorde Exekutiboko kide (2012-2015). JASOren ordezkari izan zen CECEn (eraikuntzarako makinen fabrikatzaileen Europako elkartea) 2008 eta 2022 artean, eta Dorre Garabiak produktu-taldeko txandakako presidentetza hartu zuen bere gain 2015-2017 aldian.