Gobernu Kontseiluko ondorengo prentsaurrekoan, Maria Ubarretxena bozeramaileak jakinarazi du Imanol Pradales Lehendakariak La Toja foroan parte hartuko duela ostiral honetan. Foro honetan, Lehendakariak eztabaida-mahaia partekatuko du Galiziako eta Kataluniako presidente Alfonso Rueda eta Salvador Illarekin, «Lehiakortasuna eta lurralde-kohesioa» izeneko mahainguruan, Antón Costas Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko presidenteak moderatuta. Topaketan politikaren, ekonomiaren eta mundu akademikoaren ordezkariak bilduko dira, gizartea bizitzen ari den aldaketa handiei eta Europaren etorkizuneko erronkei heltzeko.
Partehartzeak aukera emango du errealitate desberdinak dituzten baina erronka handiak partekatzen dituzten hiru lurraldeen ikuspegiari buruz hitz egiteko. Bozeramaile Maria Ubarretxenak nabarmendu duenez, «Lehendakaria La Toja forora doa, Euskadiren ikuspegia emateko eta beste lurralde batzuekin partekatzen ditugun erronken aurrean esperientziak partekatzeko, hala nola ekonomia- eta industria-lehiakortasuna indartzea, lurralde-garapena eta gizarte-kohesioa eta pertsonen ongizatea bermatzea». Ildo horretan, azpimarratu duenez, «Europaren ikuspegitik, elkarrizketa eta lankidetza funtsezkoak dira erronka horiei aurre egiteko eta lurralde lehiakorrak eta kohesionatuak eraikitzen aurrera egiten jarraitzeko».
Donostiako Udalarentzako dirulaguntza, etxerik gabeko pertsonei arreta emateko programa zabaltzeko
Gaurko Gobernu Kontseiluak Donostiako Udalari 777.000 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea onartu du, etxerik gabeko pertsonei arreta emateko programa handitzeko, ostalaritza-establezimendu laguntzaileen bidez.
Nerea Melgosak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua, azaldu duenez “oinarrizko premia bati berehalako erantzuna ematea da helburua, eskubideen ikuspegitik, modu integralean ulertuta eta ingurune normalizatu batean gauza daitezen lagunduz, zirkuitu bereiziak saihestuz eta elikadura-arreta gizarteratze-prozesuekin eta pertsonen duintasuna aitortzearekin lotuta egon dadin lagunduz”.
Finantzaketari esker, 100 pertsona berri sartu ahal izango dira Otorduak programan, udalaren ostalaritza-establezimendu laguntzaileetan eguneko bazkari oso bat (asteko zazpi egunetan) biltzean oinarritutako modalitate berri baten bidez.
GAZ zerbitzua Arabako landa-eremuan
Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Eusko Jaurlaritzaren eta Añanako Kuadrillaren arteko lankidetza-hitzarmenari, Arabako landa-eremuan lehen GAZ zerbitzua abian jartzeko. Ekimen honen helburua gazteei emantzipazio-prozesuetan laguntzea da, eta gazteen baliabide publikoak hurbiltzea sakabanatze geografikoak, komunitate-sustraitzeak eta landa-ingurunearen berezko erronkek markatutako lurralde batera.
Zerbitzu berria Añanako Kuadrillaren egoitzan egongo da, Ribabellosa udalerrian, eta aurrez-aurreko arreta, doakoa eta pertsonalizatua eskainiko die eskualdean bizi, ikasi edo lan egiten duten 16 eta 34 urte bitarteko gazteei, baita bizi-proiektua bertan garatu nahi dutenei ere. Arreta horri esker, informazio argia, banakako laguntza eta laguntza praktikoa emango dira autonomia pertsonalarekin lotutako erabakietan.
Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria
Gobernu Kontseiluak onartutako beste puntu bat Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Sariaren edizio berria izan da. Sariaren helburua Euskadiko adinekoen bizi-kalitatea hobetzen duten ekimenak aintzatestea da.
Sari honen helburua zahartze aktiboa bultzatzen duten inguruneak sortzeko proiektu berritzaile eta eraginkorrak baloratzea da. 2019an lehen aldiz ezarri zenetik, saria urtero deitu da, eta hainbat erakundek eta pertsonak euskal gizartean lagunkoitasun handiagoa sustatzeko egindako ahaleginak nabarmendu dira. Ahalegin horiek funtsezkoak dira; izan ere, lagunkoitasuna hiri-ingurune batek irisgarria eta inklusiboa izateko duen gaitasuna da, adinekoek bizitza sozialean eta kulturalean bete-betean parte hartzeko aukera izan dezaten. Gaur egun, Euskadi Lagunkoia Berria programak 90 udalerri ditu atxikita, honela banatuta: 40 Bizkaian, 27 Gipuzkoan eta 23 Araban.
Administrazioko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partziala
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko administrazioko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Administrazioaren Negoziazio Mahai nagusiaren erabaki proposamena onartu du Gobernu Kontseiluan.
Lanaldi partzialeko erretiroaren modalitatea eskuratzea borondatezkoa izango da eta Gizarte Segurantzaren araudiak erretiro-modalitate horretarako ezartzen dituen baldintzak betetzearen mende egongo da.
Erretiro partzialerako planera atxiki ahal izango dira Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako langile lan-kontratudunak; Hezkuntza Saileko irakasle eta hezitzaile lan-kontratudunak; Hezkuntza Saileko langile lan-kontratudunak; Hezkuntza Saileko Erlijioko langile lan-kontratudunak; Segurtasun Saileko langile lan-kontratudunak eta Osakidetza -Euskal Osasun Zerbitzuko langile lan-kontratudunak. Aldi baterako, Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzuari atxikitako langileak ere sartzen dira, erakundeak bere plana onartu arte.
Aukera pertsonala denez, langile kopuru zehatzik ez dago, halere, adinagatik neurri hori har dezaketen langileen kopurua 628 dela kalkulatu da. Eta langileak erretiratzeko ohiko adinera iritsi arte 3 urte eta 6 hilabeteko eperako kalkulu ekonomikoa 19.960.830 eurokoa da.
“Gaur onartutako erretiro partzialerako plana, uztailaren 29an adostu zen CCOO eta UGT sindikatuekin, testua Estatuko araudi berrira egokitu ostean, 2026. urtean eta datozen urteetan aplikatu ahal izateko. Plana, automatikoki luzatuko da, salaketa espresurik edo funtsezko arau-aldaketarik ezean. Planaren helburu nagusia da lan-kontratuko langile finkoen erretiro aurreratua erraztu eta hobetzea da” azaldu du Maria Ubarretxenak, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua.
934.000 euro baino gehiago Gizarte Ekonomia eta euskal enpresetako partaidetza indartzera
Gobernu Kontseiluak euskal Gizarte Ekonomiari zuzendutako dirulaguntzen bi deialdi onartu ditu, enpresen gizarte erantzukizuna bultzatzeko eta langileek enpresetan partehartze handiagoa izan dezaten. Bi laguntza ildoek 934.595 euroko zuzkidura bateratua dute 2026rako.
Partida nagusia 755.800 eurokoa da, eta Euskadiko gizarte ekonomiako enpresen eta erakundeen elkarte egiturak sendotzera dago bideratuta. Honako hauek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek: lan sozietateak eta kooperatibak ordezkatzen dituzten erakundeek, gizarte ekonomiako erakundeak integratzeko entitateek, ekonomia solidarioko erakundeek, gizarte ekimeneko enplegu zentro berezien elkarteek eta, gutxienez, bi urteko antzinatasuna duten langile autonomoen sektore arteko erakundeek.
Bigarren deialdiak 178.795 euro ditu enpresaren gizarte erantzukizuna ezartzen laguntzeko eta langileek Euskadiko enpresetan parte har dezaten sustatzeko. Euskadin lantokiak dituzten kooperatibek, lan sozietateek, unibertsitateek, enpresa elkarteek, gizarte erantzukizunean edo kudeaketa aurreratuan espezializatutako erakundeek eta ETEek eskatu ahal izango dituzte laguntzak, dagokion modalitatearen arabera. Jarduerek 2026an hasi eta urte bereko abenduaren 15a baino lehen amaitu beharko dute.
Barakaldoko merkatuaren modernizazio teknologikoa eta merkataritza-dinamizazioa
Azkenik, Gobernu Kontseiluak Mercado de Barakaldo SL erakundeari zuzeneko dirulaguntza ematea onartu du, proiektu hau garatzeko: “kabina adimendun hoztuak instalatzea, Barakaldoko udal-merkatuan omnikanal bilketa egiteko, prestakuntza emateko eta merkataritza sustatzeko”.
35.197,82 €-ko finantzaketarekin, Barakaldoko Udal Merkatua modernizatzea du helburu, omnikanal bilketako kabina adimendun hoztuen sistema bat ezarriz, zerbitzuaren neurrira egindako webgune batekin, establezimenduentzako prestakuntza-programa batekin eta hurbileko merkataritzaren lehiakortasuna indartzea, bezeroak fidelizatzea eta merkatuaren jarduera ekonomikoa dinamizatzea ahalbidetuko duen komunikazio eta sustapeneko kanpaina batekin batera.






