- Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak balioan jarri du enpresen, gizarte eragileen eta administrazio publikoen arteko lankidetza, nazioarteko agertoki “konplexu” bati aurre egiteko eta lehiakortasuna indartzeko
Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak asteazken honetan nabarmendu duenez, konfiantza, erakundeen egonkortasuna eta akordiorako gaitasuna “funtsezko aktiboak” dira inbertsioa, enpleguaren sorrera eta garapen ekonomikoa bultzatzeko eta ziurgabetasunak markatutako nazioarteko eszenatoki bati aurre egiteko.
Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioak antolatutako VI. FVEM Enpresa Topaketaren amaieran, “enpresen, gizarte eragileen eta erakundeen arteko lankidetza” defendatu du Torresek, “etorkizuneko erronkei aurre egiteko gure indargune nagusietako bat delako”. “Ondare kolektiboa da, eta egunero zaindu behar dugu”, azpimarratu du.
“Ezin dugu erabaki zer gertatuko den Washingtonen, Pekinen edo Ekialde Hurbilean. Baina bai erabaki dezakegula Euskadik nola erantzuten duen. Eta gure erantzunak izan behar du beste une konplexu batzuk gainditzea ahalbidetu digun berbera: industria gehiago, inbertsio gehiago, errotze gehiago, egonkortasun gehiago, konfiantza gehiago talentu gehiago eta Europa gehiago, gure enpresak sendotzeko eta bultzatzeko”, azpimarratu du Torresek.
Ildo horretan, Lehendakariordeak adierazi du EAEko ekonomiak hazkunde “sendo eta orekatuari” eusten diola, 2026ko bigarren hiruhilekoan urte arteko BPGren % 2,3ko hazkundearekin, eta 22 hiruhileko jarraian % 2tik gorako hazkundea izan duela. Emaitza horrek, gainera, hiru hamarren hobetu du Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak aldi horretarako egindako aurreikuspena.
“Jardueraren bizkortzea eta gure ekonomiaren erresilientzia nabarmena erakusten dute zifrek”, adierazi du Torresek, eta nabarmendu du bilakaera hori nazioarteko egoera “oso konplexua” izan arren jazo dela, Ekialde Hurbileko gatazkak eragindako krisi energetikoak, Ukrainako gerrak eta Estatu Batuek bultzatutako muga zergen tentsioek baldintzatuta.
“Badakigu egoera horrek eragina duela familien erosteko ahalmenean eta gure enpresen kostuetan. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko du eta gehien behar dutenei lagunduko die, ahal dugun neurrian ondorio horiek arintzeko eta jarduera ekonomikoa eta enplegua babesteko”, ziurtatu du Lehendakariordeak.
Sendotasun industriala
Euskadiren sendotasun industriala balioetsi du Torresek, euskal ekonomiari % 22,4ko ekarpena egiten baitio, Espainiako batez bestekoa baino bederatzi puntu gehiago. Defendatu duenez, jarrera hori “zaindu eta sendotu” egin behar da. Hala ere, Lehendakariordearen ustez, “industriaren egoerak zuhurtzia eskatzen jarraitzen du”.
“Urte hasiera konplexu baten ondoren, euskal industriak egonkortze eta hobekuntza txiki baten zantzuak ditu, baina oraindik ezin da esan susperraldi sendo eta orokor bat dagoenik”, adierazi du. Hazkunde ekonomikoak, batez ere, barne eskarian oinarritzen jarraitzen du. Etxeetako kontsumoa % 2,9 hazi da, kontsumo publikoa % 3,7 eta inbertsioa % 3,9. Azken aldagai horren barruan, nabarmendu behar da ekipo ondasunetan egindako inbertsioak izandako % 4,5eko hazkundea.
Bilakaera horrekin batera, indartsu dago lan merkatua. Lanaldi osoko lanpostu baliokideak % 1,3 gehitu ziren, hau da, 13.200 enplegu gehiago aurreko urtearen aldean. Lanpostu bakoitzeko produktibitatea, gainera, % 1 hazi zen, eta horrek islatzen du hedapen ekonomikoa efizientzia hobetzearekin bateragarria izaten ari dela.
Testuinguru horretan, Lehendakariordeak eskatu du konfiantza izateko Euskadiren gaitasunetan, industrian, langileen talentuan, enpresetan eta ahalegin kolektiboari laguntzeko konpromisoa duten erakundeetan. “Konfiantza izan Euskadin. Espero duguna da, historikoki, Euskadirentzat lehiakortasunaren ikuspuntutik abantaila izan den zerbait: erakunde egonkorrak, enpresa konprometituak eta arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzarako gaitasuna, ziurgabetasuna aukera bihurtzeko”, berretsi du.
“Euskadik gehiago egin duenean aurrera beti izan da lankidetzatik, anbizio partekatutik eta gure gaitasunekiko konfiantzatik. Eta ziur nago datozen urteetan ere horrela izango dela”, gaineratu du Lehendakariordeak.






