Miguel Angel Paez Azpiegituretako eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeak asteazken honetan, Bruselan, François Bausch Korridore Atlantikoko Europako koordinatzailearekin, Jean-Luc Gibelin Mugikortasunaz arduratzen den Okzitaniako Eskualdeko presidenteordearekin eta Mathieu Bergé Akitania Berriko eskualde-kontseilariarekin izandako bileran nabarmendu duenez, azken urteotan Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak euskal trenbide-sare berriaren eraikuntzan aurrera egiteko izandako lankidetza emankorra izan da.
Paezek gogorarazi duenez, abiadura handiko trenbide-sarea eraikitzeko eta ustiatzeko eskumena duen Gobernu zentralaren kudeaketa-gomendioei esker, Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoak Euskal Y-aren Gipuzkoako adarreko trenbide-plataforma gauzatu du, dagoeneko amaituta dagoena, Atotxako geltoki berria barne, Donostian.
Paezek adierazi duenez, Gipuzkoako plataforma amaituta, ETSren lanak sareko beste gune estrategiko batzuetan jarraitzen du orain, Euskadiko beste bi lurralde historikoetan. ETSk aurrera egin du Arkautiko lotunea (Araba) eta abiadura handiko trena Abandoko geltokira (Bilbo erdialdea) sartzeko tunela eraikitzeko proiektuak idazten. Lan horiek beharrezkoak dira trenbide-azpiegitura berria EAEko hiru hiriburuetan integratzeko.
Testuinguru horretan, sailburuordeak berretsi du Eusko Jaurlaritzak interesa duela mugaren beste aldean Frantziak ere aurrera egin dezan Akize eta Hendaia arteko abiadura handiko trenbide-konexioaren garapenean. Paezek azpimarratu du lotura hori estrategikoa dela Euskal Y-a eta Iberiar Penintsulako abiadura handiko sarea Atlantikoko gainerako arkuarekin lotzeko, trenbide-korridorea indartzeko, pertsonen mugikortasunerako eta lehiakortasunerako duen garrantziagatik.






