Lehenengo Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena dela-eta egindako dokumentalaren estreinaldia izan da, Lehendakaria buru zela

0
  • ‘Lehenengo Eusko Jaurlaritza, Eusko lur gainean zutunik’ dokumentalak Jose Antonio Agirre lehendakaria buru zuen Eusko Jaurlaritzaren gobernu-ekintza berreskuratu du, eta Demokrazia, Askatasuna eta Justizia Sozialaren printzipioak aldarrikatu ditu
  • EITBrekin elkarlanean egindako ekoizpenean, testigantzak, adituei egindako elkarrizketak eta garai hartako irudiak uztartzen dira, lehenengo Eusko Jaurlaritza haren historiara hurbiltze aldera

Imanol Pradales Lehendakaria buru zela egin da, gaur arratsaldean, ‘Lehenengo Eusko Jaurlaritza, Eusko lur gainean zutunik’ dokumentalaren estreinaldia. Lehenengo Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena dela-eta egindako ekoizpena da, eta omenaldia egiten dio 1936an Jose Antonio Agirre Lehendakaria buru izan zuen gobernuari.

Estreinaldia EITBko Multibox Aretoan izan da, eta ekitaldi horretan gerrak eta Euskadiko historia hurbileko unerik zailenetako batek markatutako testuinguruan eratutako lehenengo Eusko Jaurlaritza haren jarduna gogoratu eta balioetsi ahal izan da.

Dokumentalak arreta berezia eskaintzen die gobernu haren jarduna gidatu zuten printzipioei: Demokrazia, Askatasuna eta Justizia Soziala. Balio horiek izan ziren gobernu-ekintzaren ardatz, aparteko egoera batean.

New Digital Media Euskadik, EITBrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, berariaz sortu dute ekoizpen hori, gobernu haren 90. urteurrena dela-eta. Dokumentalak lehenengo Eusko Jaurlaritza hark garatutako gobernu zibilaren ekintza berreraikitzen du.

Horretarako, dokumentalak pertsona adituekin egindako elkarrizketak, lehen sailburuen senideen testigantzak, garai hartako irudiak eta Eusko Jaurlaritza hari lotutako egoitza enblematikoenetako batzuetara egindako bisitak uztartzen ditu, eta Gerra Zibilean garatutako gobernu-esperientziaren dimentsio politiko eta instituzionalari buruzko begirada eskaintzen du.

Estreinaldia lehenengo Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena ospatzeko ekitaldi- programaren barruan kokatzen da. Efemeride hori baliatuta, lehenengo esperientzia instituzional haren memoria berreskuratu nahi da eta haren legatuaren parte izan ziren printzipio demokratikoen, askatasunaren eta justizia sozialaren garrantzia nabarmendu nahi da.