- Bi erakundeek etxebizitza funtsezko ondasuntzat aldarrikatu dute, eta ez merkatuko produktutzat: Vienan etxebizitza sozialak ez dira saltzen, eta biztanleriaren %80 izan daiteke etxebizitza sozial, kooperatibo edo alokairu eskuragarriko baten onuradun.
- Euskadik eta Vienak errenten, belaunaldien, erabileren eta tipologien nahasketa eta kalitate handiko eta energia-efizientzia handiko arkitektura publikoa defendatu dituzte kohesioaren oinarri gisa, eta elkarrekin lan egitea adostu dute beren parkeen kudeaketan, alokairuaren erregulazioan, berrikuntzarako europar programetan eta Europar Batasunean zabalik dagoen eztabaidaren jarraipenean.
Eusko Jaurlaritzak eta Vienako Udalak etxebizitza funtsezko ondasuntzat aldarrikatu dute, merkatuaren logikatik kanpo kokatuta, eta komunitatea eraikitzeko eta gero eta anitzagoak diren europar hirien kohesioari eusteko tresnarik eraginkorrentzat. Itxasorekin batera, Patricia Val Alokabideko zuzendari nagusia, Pablo García Astrain Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendaria eta Saioa Beistegui Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendaria izan dira. Hain zuzen ere, Alokabide izango da, Euskadiren aldetik, Vienarekin partekatutako lana bideratuko duen erakundea. Gogoratu behar da Alokabide Eusko Jaurlaritzaren alokairu babestuko sozietate publikoa dela, eta Euskadiko etxebizitza-politikaren tresna nagusia —bandera-ontzia—, alokairuko parke publikoa kudeatzeaz arduratzen dena, maizterrekin duen harremana antolatzen duena eta etxebizitza pribatua alokairu eskuragarrira bideratzen duena.
Saltzen ez den funtsezko ondasun bat
Bi administrazioen arteko lehen topagunea funtsezko uste bat da: etxebizitza ez da finantza-aktibo bat, funtsezko ondasun bat baizik, eta hainbat belaunaldiren ahaleginaz eraikitako ondare publikoak esku publikoetan iraun behar du. Vienan, etxebizitza sozialak ez dira saltzen. Hamarkadetan eutsitako erabaki horri esker lortu du hiriak europar neurriko parke bat metatzea eta prezioak kontrolpean mantentzea.
Bi erakundeek azpimarratu dutenez, etxebizitza salgai bihurtzea —salmentara bideratutako sustapena, hirigintza-jarduera publikoak sortutako gainbalioen harrapaketa pribatua— ez da sistemaren bigarren mailako ondorio bat, Europako ondare-desberdintasunaren iturri nagusietako bat baizik. Etxebizitza eskuratzea erosteko gaitasunaren mende dagoen lekuan, familia bakoitzaren abiapuntuak bere etorkizuna baldintzatzen du, eta desberdintasuna belaunaldi batetik hurrengora transmititzen da.
Alternatiba parke publiko iraunkor bat eta sarbide zabalekoa da. Vienako datua esanguratsua da: hiriko biztanleriaren %80 inguruk betetzen ditu etxebizitza sozial, kooperatibo edo alokairu eskuragarriko bat eskuratzeko baldintzak. Horrela, etxebizitza publikoak gutxiengo batentzako baliabide asistentziala izateari uzten dio, eta gizarte gehiengoarentzako benetako politika bihurtzen da, langile klase ertaina barne —gaur egun europar hirietan etxebizitzaren garestitzeak gehien estutzen dituen kolektiboetako bat—. Hori da Euskadik bere etxebizitza politika bideratzen duen horizontea, alokairuko parke publikoa etengabe hazten ari dela.
Denis Itxaso sailburuak onartu duenez, «etxebizitza funtsezko ondasun bat da, ez merkatuko produktu bat. Vienak erakusten diguna da ondare publikoa ez dela saltzen: zaindu, handitu eta belaunaldiz belaunaldi mantentzen da. Etxebizitza gainbalioak ateratzeko aktibo bihurtzen denean, biderkatzen dena ez da aberastasuna, desberdintasuna baizik. Eta hemen biztanleriaren %80 izan daiteke etxebizitza eskuragarri baten onuradun: hori gehiengoarentzako politika bat da, ez gutxi batzuentzako larrialdi-sare bat».
Nahasketa, kalitatea eta komunitatea: etxebizitza, aniztasuna kudeatzeko tresna
Partekatutako bigarren ardatzak etxebizitza politika aniztasunaren kudeaketaren oinarrian kokatzen du. Bi administrazioentzat, nahasketa diseinu-printzipio bat da, eta ez ustekabeko emaitza bat: errenten nahasketa atari berean, belaunaldiena auzo berean, hirigintza-erabilerena etxadi berean, eta etxebizitza-tipologiena eta soluzio arkitektonikoena ingurune berean. Nahasketa horrek sortzen du kohesioa, getoen eraketa eta bereizketari lotutako gatazkak saihesten ditu, eta gero eta kulturanitzagoa den gizarte baten bizikidetza bideratzeko aukera ematen du.
Hiria prezioen arabera antolatzen den lekuan, gizarte-talde bakoitza bere espazioan giltzapetuta geratzen da azkenean, eta bizikidetza salbuespen bihurtzen da. Parke publikoa zabala den eta hiri-sare osoan banatuta dagoen lekuan, berriz, pertsona desberdinen arteko topaketa eguneroko bizitzaren parte da. Zentzu horretan, etxebizitza da hiri batek duen lehen integrazio-politika.
Horri kalitate-eskakizun bat gehitzen zaio. Euskadik eta Vienak kalitate handiko eta energia-efizientzia handiko etxebizitzak sortzeko gai den arkitektura publikoa defendatzen dute, eta ez dute onartzen etxebizitza publikoaren eta pribatuaren artean arrakala bat irekitzea eraikuntza-kalitateari, erosotasunari eta energia-berrikuntzari dagokienez. Etxebizitza publikoa ezin da bigarren mailako etxebizitza izan: estandarra markatu behar du, baita efizientzian eta portaera klimatikoan ere, energia-aurrezpena hain zuzen ere faktura ordaintzeko marjina gutxien duten etxeetara irits dadin.
Itxasok nabarmendu du «etxebizitza politika da hiri batek duen lehen bizikidetza politika. Errentak, belaunaldiak, erabilerak eta tipologiak nahastea ez da apaingarri bat: horrek saihesten du bakoitza bere auzoan giltzapetuta geratzea, eta horrek ahalbidetzen du gero eta anitzagoa den gizarte bat modu positiboan kudeatzea. Eta kalitatez egin behar da: etxebizitza publikoa ezin da bigarren mailako etxebizitza izan, kalitatearen eta energia-efizientziaren estandarra markatu behar du, inor atzean gera ez dadin».
Lan partekatuko lau esparru zehatz
Bi aldeek lau esparru identifikatu dituzte, non Euskadiren eta Vienaren arteko trukea bereziki emankorra izan daitekeen datozen hilabeteetan:
- Parke publikoaren kudeaketa eta kontserbazioa. Praktiken eta metodologien trukea egoitza-parke iraunkorren kudeaketan, mantentze-lanetan eta birgaitzean, maizterrei ematen zaien arretan eta eraikin eta auzoetako bizikidetzan.
- Alokairuaren merkatu librearen erregulazioa. Esperientzien kontrastea alokairu pribatua erregulatzeko eta haren jarraipena egiteko tresnei buruz, merkatu tentsionatuko eremuen mugaketari buruz, parke publikoak prezioen erreferentzia gisa duen zereginari buruz eta bi merkatuen arteko elkarreraginari buruz; Europa osoan indarra hartzen ari den eztabaida.
- Berrikuntzarako europar programak. Etxebizitza publiko eta eskuragarrira aplikatutako berrikuntzaren inguruko europar ekimen, sare, programa eta deialdietan elkarrekin parte hartzeko aukerak aztertzea, energia-birgaitzetik hasi eta parkeen industrializazio eta kudeaketa digitaleraino.
- Europar eztabaidaren jarraipen bateratua. Informazioaren eta jarreren truke erregularra Europar Batasunean etxebizitzaren arloan hartzen diren erabakien aurrean, parke publikoak zuzenean kudeatzen dituztenen ahotsa erabakiak hartzen diren foroetara irits dadin.
Bi administrazioek konplizitate hori europar etxebizitza politikarentzat une berezi batean kokatzen dute. Lehen aldiz, Europar Batasunak arlo honetan berezko esparru komunitario bat du, bai eta Estatuak, hiriak, eskualdeak eta etxebizitza-hornitzaileak haren garapenean elkartzen dituen aliantza bat ere. Aldi berean, Batasunaren hurrengo urte anitzeko aurrekontuaren negoziazioak —2028-2034 aldirakoak— administrazioek datozen hamarkadan beren egoitza-parkeak handitzeko, kontserbatzeko eta birgaitzeko duten benetako gaitasuna zehaztuko du.
Sailburuak azaldu duenez, «ez dugu argazki batean geratu nahi. Oso gauza zehatzetan lan egin nahi dugu: nola kontserbatzen eta kudeatzen den parke publiko bat hamarkadetan zehar, nola erregulatzen den Europako zati handi batean tentsionatu den alokairu-merkatu bat, zein berrikuntza programa europar heldu ditzakegun elkarrekin eta nola egiten diogun jarraipen hurbila Bruselan erabakitzen denari. Vienak mende bateko ibilbidea du eta guk asko dugu ikasteko, baina guk ere badugu zer ekarri: betean hedatzen ari den etxebizitza politika bat».
Bi aldeak bat etorri dira harreman egonkorrari eusteko eta datozen hilabeteetan lau esparru horietako bakoitzean lehen jarduerak zehazteko borondatean, pixkanaka eta elkarrekin eraikiko den ibilbide batean.






