- 41 pilotarik, emakumezko zein gizonezkok, eramango dute Euskadiren izena Buenos Airesera eta Colonia del Sacramentora, Euskal Pilotaren Munduko Txapelketan lehen aldiz ofizialki lehiatzeko.
- Bengoetxea lehendakariodea: “Une historikoa da hau gure Herriarentzat. Euskadik ofizialki lehiatuko du munduko txapelketan. Eusko Jaurlaritzatik gure konpromisoa sendoa da eta lanean jarraituko dugu Euskal Selekzio guztien Ofizialtasunerako bidean«.
Euskal Pilota Selekzioak gaur aurkeztu du Gasteizen Euskal Pilotaren Munduko Txapelketan parte hartuko duen emakumezko eta gizonezko pilotarien taldea. Datorren urriaren 15etik 24ra bitartean, 41 pilotarik ordezkatuko dute Euskadi, lehen aldiz, Buenos Airesen eta Colonia del Sacramenton egingo den txapelketan.
Aurkezpen ekitaldian izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea, Ibone Bengoetxea; Eusko Legebiltzarreko presidentea, Bakartxo Tejeria; Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidentea, Joxe Mari Mitxelena; euskal erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak; kirol munduko eragileak eta pilotarien senideak.
Bere hitzaldian, lehen lehendakariordeak nabarmendu du pilotariek «herri oso bat ordezkatuko dutela», eta gogorarazi du Euskadiren izena, koloreak eta balioak zabalduko dituztela nazioarteko erakusleiho handienetako batean, Munduko txapelketa batean.
Halaber, selekzioaren ofizialtasuna posible egin duten pertsona eta erakunde guztien lana eskertu eta azpimarratu du Bengoetxea lehendakariordeak, azken urteetako ahaleginaren eta konpromisoaren emaitza delako “gaur bizi den une historikoa”: “Eusko Jaurlaritzatik gure konpromisoa sendoa da eta lanean jarraituko dugu Euskal Selekzio guztien Ofizialtasunerako bidean”.
Munduko Txapelketa honek mugarri berezia izango du euskal kirolarentzat: lehen aldiz, Euskadik bere izenarekin eta ofizialki parte hartuko du nazioarteko txapelketa nagusian. Hori dela eta, “gaur aurkeztu den taldea kirol ordezkaritza bat baino gehiago da; urte luzez egindako lanaren, konpromisoaren eta aitortzaren sinbolo ere bada. Herri oso baten ilusioa eta harrotasunaren ordezkaritza bat izango da. Herri oso baten baloreak mundura zabalduko dituzte gure pilotariek”, nabarmendu du lehendakariodeak.
Selekzioak 13 espezialitatetan lehiatuko du, frontoian, trinketean eta frontballean, emakumezkoen zein gizonezkoen kategorietan. Guztira 41 pilotarik, bederatzi hautatzailek eta laguntzaile batek osatzen dute Munduko Txapelketan Euskadi ordezkatuko duen taldea.
Datozen asteetan, pilotariek ez dituzte soilik partidak jokatuko. Euskadiren ordezkari izango dira munduaren aurrean, eta herri oso baten ilusioa, harrotasuna eta kirol tradizioa eramango dituzte haiekin..
(informazio guztia, txostenean)






