- Jauzia Gara ekimenean integratuta dagoen prozesuak 600 elkarrizketa eta 12 talde fokal izango ditu, euskararen inguruko esperientziak, emozioak eta narratibak ezagutzeko.
- Ibone Bengoetxea lehendakariordea: «Ahots guztiak entzun nahi ditugu errealitatea hobeto ulertzeko eta erabaki hobeak bideratzeko».
Eusko Jaurlaritzak Euskararen Ahotsak, gizarteak euskararekin duen harremana nola bizi duen hobeto ulertzea helburu duen entzute sozialeko prozesua, jarri du abian. Jauzia Gara ekimenaren, euskararen erabileran jauzi kualitatibo baterantz aurrera egiteko Eusko Jaurlaritzak sustatutako lan-esparruaren, parte da.
Aurkezpena Bilboko Euskal Museoan egin da, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua buru dela. Sailburuarekin batera izan dira Ikertalderen eta Osoigoren ordezkariak, Mikel Agirre eta Miren Olasagasti, hurrenez hurren, garapen metodologikoaren arduradunak.
Bere hitzaldian, lehendakariordeak adierazi du entzute sozialeko prozesu horren helburua dela “gizartearen kezkak, esperientziak eta desioak hobeto ulertzea, politikak hobeto bideratzeko”. Alde horretatik, prozesu horrek “errealitatearen argazki zehatzagoa” eskainiko duela azaldu du: “Icebergaren punta ikusten dugu, baina azpian zer dagoen jakin nahi dugu. Izan ere, euskararen etorkizuna ez dugu euskara egunero bizi dugunon artean bakarrik eraikiko. Ezta euskararen inguruan lan egiten dugunon artean bakarrik ere. Gizarte osoaren ahotsa behar dugu”.
Entzute sakoneko prozesua
Profesionalen taldeak prozesuaren metodologia azaldu du. Banakako 600 elkarrizketa eta 12 talde fokal bateratuko ditu, eta profilen hautaketa nahitakoa eta iteratiboa izango da. Kaptazioa hainbat kanalen bidez egingo da, profil eta ibilbide soziolinguistikoen aniztasun zabala izateko. Ikerketak euskararekiko harremana eraikitzeko oinarria diren bost esparru handiri eskainiko die arreta: erakundeak eta aktibismoak; transmisioa eta sozializazioa; erabilera soziala; eremu sozioekonomikoa; eta eremu sinboliko eta digitala.
Elkarrizketen bidez esperientzia pertsonalak sakontasunez ezagutu ahal izango dira, eta talde fokalek, aldiz, diskurtso kolektiboak, akordioak, desberdintasunak eta gizarte-interakzioa identifikatzeko aukera emango dute.
Landa-lana 2027ko otsailera arte egingo da, eta, ondoren, analisi- eta interpretazio-fasea hasiko da. Prozesua 2027ko uztailera arte luzatzea aurreikusten da.
Helburua izango da esperientzien eta narratiben mapa bat eraikitzea, errealitate soziala hobeto ulertzeko eta tentsioak, zailtasunak eta oztopoak ez ezik, euskararen inguruan dauden topaguneak eta aukerak ere detektatzeko.
Jauzia Gara ekimenaren parte
Euskararen Ahotsak Jauzia Gara prozesuaren piezetako bat da. Prozesuak euskararen erabileran aurrera egiteko beharra planteatzen du, politika publikoak eta gizartearen inplikazioa uztartuz, eta, aldi berean, hizkuntzaren dimentsio emozionalean ere jartzen du arreta.
Emaitzak txosten sintetiko batean, laburpen-argitalpen batean eta hainbat sozializazio-materialetan jasoko dira, prozesuan sortutako ezagutza gizarteari itzultzeko.






