- Hilaren 8an (19:00etan) egingo den sari-banaketa irekita egongo da herritarrentzat, baina aldez aurretik izena eman behar da. Horrela, begiradak partekatu eta hausnartu ahal izango dira, etxebizitza gizarte- eta politika-eztabaidaren erdigunean dagoen une honetan
- Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariaren bigarren edizioko bederatzi talde finalistek epaimahaiaren eta publikoaren aurrean aurkeztuko dituzte beren proiektuak urriaren 7an eta 8an, Euskadiko Arkitektura Institutuan
- Topaketak Euskadiko Arkitektura Institutuak Tabakaleran duen egoitza berria inauguratzeko programa bereziaren baitan garatuko dira, Arkitekturaren Nazioarteko Astearen esparruan
Datorren asteazkenean eta ostegunean, urriaren 7an eta 8an, hurrenez hurren, Donostiak ‘European Collective Housing Days’ jardunaldiak hartuko ditu. Jardunaldi horiek herritar guztiei irekita egongo dira, eta Europako etxebizitza kolektiboaren orainari eta etorkizunari buruz eztabaidatzeko topagune bihurtuko dute Gipuzkoako hiriburua. Programak aukera emango dio publikoari Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariaren bigarren edizioko proiektu finalistak zuzenean ezagutzeko, eztabaida-mahaietara joateko eta epaimahaikideekin eta nazioarteko adituekin elkarrizketetan parte hartzeko.
Europako eztabaida sozial eta politikoan etxebizitzak leku garrantzitsua duen une honetan, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak gogoeta hori herritarrei ere zabaldu nahi die, eta Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria emateko ekitaldian parte hartzera gonbidatu du. Aukera bat izango da arkitekto eta aditu europarrak planteatzen ari diren proposamenak bertatik bertara ezagutzeko, kalitatezko etxebizitzak, eskuragarriak eta komunitate-bizitzari lotuak eraikitzeko moduari buruzko begirada desberdinak partekatzeko eta gure hirietako erronka handienetako bati buruz elkarrekin hausnartzeko. Parte hartzea doakoa da, esteka honetan izena eman ondoren. Bertan, scroll egin beharko da izena emateko ataleraino, datu pertsonalak bete, «8 October, 19:00 – Award ceremony» aukera hautatu eta «Sign up» sakatu. Posta elektroniko honen bidez ere egin daiteke: consejeria-vau@euskadi.eus
Bederatzi talde finalistek, Europako 36 herrialdetako 192 hautagairen artean hautatuak, beren proposamenak aurkeztuko dituzte epaimahaiaren eta publikoaren aurrean bi egun horietan. Programa urriaren 8an amaituko da, asteazkena, bi proiektu irabazleak iragarrita, bata obra berri kategorian eta bestea birgaitzea kategorian.
Topaketak Euskadiko Arkitektura Institutuak Tabakaleran egoitza berria inauguratzeko programa bereziaren baitan garatuko dira, Arkitekturaren Nazioarteko Astearen esparruan. Jarduera guztiak gune honetan egingo dira eta nagusiki ingelesez izango dira, aldi bereko itzulpenarekin gaztelaniara eta euskarara.
Etxebizitza erlazio gisa: bederatzi proiektu finalista
Obra berria kategoriako bost proiektu finalistek erakusten dute etxebizitza kolektiboa zenbateraino joan den bizitegi-unitateen hornidura hutsetik harago.
Masnoun (Espainia), eraikin batek bere izkina hausten du estalki gainean plaza publiko bat altxatzeko, eta, horrela, egoiliarrek espazio partekatu bat zeharkatzen dute beren etxebizitzetara iristeko. Amersfoorten (Herbehereak), 56 etxebizitza orubean zehar hedatzen den baso bateko zuhaitzen artean kokatzen dira, eta hegaztiak, intsektuak eta saguzarrak sartzen dira diseinuaren parte aktibo gisa.
Bartzelonako bloke bat bizitza komunitarioaren eta genero-ikuspegiaren inguruan antolatzen da erabat. Parisen, eraikin batek bertute bihurtzen du bere sakonera urria, etxebizitza bakoitzari orientazio bikoitza ematen baitio, hirira alde batetik eta lorategira bestetik. Eta Kortrijken (Belgika), 1924an eraikitako lorategi-hiri auzo bat diskrezioz dentsifikatzen da, belaunaldien arteko bizikidetza errazteko unitateak parekatzen dituzten ‘kanguru ‘etxebizitzen bidez.
Proiektu horien ardatz komuna etxebizitza kolektiboari buruzko ikuskera bat da, eta eraikin bakoitzaren barruan ez ezik, sortzeko gai den gizarte-, komunitate- eta hiri-harremanetan ere jartzen du arreta.
Birgaitzea kategoriako lau finalistek, bestalde, historia bereziki esanguratsua dute: jatorrian etxebizitza gisa inoiz pentsatu ez ziren eraikinak eta azpiegiturak eraldatzea. Lau proiektuetatik hiru azpiegitura zaharkituen bihurketak dira.
Parisen, bi garaje zahar eraldatu dituzte: horietako bat, 30eko hamarkadako egitura bat, 83 etxebizitza sozial bihurtu da, horma bakar bat ere bota gabe eta lurzoru berririk kontsumitu gabe; besteak, 1957ko eraikin enblematiko batek, bere antzinako arrapalak lorategidun patio bihurtu ditu. Anberesen (Belgika), diskoteka zahar bat etxebizitza eskuragarri bihurtzen da eta bere kaleko bilbean integratzen da berriro.
Laugarren proiektua baso baten kanpoaldean dago, Merignacetik gertu (Frantzia). Bertan, gerraosteko etxebizitza-multzo bat, hasiera batean behin-behineko izaerarekin eraiki zena baina berrogeita hamar urtez iraun zuena, eraldatu egiten da, bertako egoiliarrek proiektuaren materialaren zati gisa egindako ekarpen informalak gehituta.
Proiektu horiek zaharberritzetik harago doan birgaitzerako hurbilketa bat erakusten dute: eraikitako ondarea berrasmatzeko eta berrerabiltzeko estrategia bat, etxebizitza sortzeko beharrari erantzuteko, nahitaez eraikuntza berrira eta lurzoruaren kontsumora jo gabe.
Herritarrei irekitako programa, etxebizitzaren etorkizunari buruz eztabaidatzeko
‘European Collective Housing Days’-ak herritar guztiei irekita daude, eta topaketa Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariaren azken fase gisa ez ezik, ezagutzarako eta eztabaidarako gune gisa ere planteatzen dute, Europarentzat garrantzitsuenak diren gaietako baten inguruan: nola bermatu kalitatezko etxebizitzak, eskuragarriak eta komunitatean bizitzeko pentsatuak. Herritarrek aukera izango dute bederatzi proiektu finalistak zuzenean ezagutzeko, nazioartean ospe handia duten profesionalen eztabaidak eta hausnarketak entzuteko, eta programatutako mahai eta elkarrizketetan publiko gisa parte hartzeko.
Lehen jardunaldia, urriaren 7an, 12:00etan hasiko da, birgaitzea kategoriako lau finalisten aurkezpenekin: Woonwerk (Belgika), Atelier Téqui (Frantzia), NZI (Frantzia) eta Christophe Hutin Architecture (Frantzia).
15:30ean, obra berria kategoriako bost finalisten txanda izango da: Cierto Estudio (Espainia), Maker Architecten (Belgika), Peris+Toral (Espainia), Ignacio Prego Architectures (Thibaud Babled, Frantzia) eta Space&Matter (Herbehereak). Jardunaldia 18:30ean amaituko da, Kristiaan Borretek (Belgika) eta Bernard Blancek (Frantzia) osatutako Sariaren Aholku Batzordearen eztabaida-mahai batekin, El País egunkariko Clara Blanchar kazetaria izango duena moderatzaile.
Topaketen bigarren eguna, urriaren 8a, Tabakalerako Prisma aretoan izango da. 18:00etan, ‘Hiri-birmoldaketak etxebizitza garatzeko’ mahaia izango da. Bertan, Raquel Guerra, Acha Zaballa, Jelena Prokopljevic (Serbia) eta Maria Topolanskak (Eslovakia) hartuko dute parte, eta Giulia Ricci kazetari eta arkitektoa izango da bertan moderatzaile. 19:00etan hasiko da, Prisma aretoan, Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria emateko ekitaldia. Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailburuak hartuko du parte ekitaldian.
Ondoren, nazioarteko epaimahaiak bere deliberazioen ondorioak partekatuko ditu Fredy Massad kazetariak moderatutako elkarrizketa batean, bigarren edizio honetako bi proiektu irabazleak iragarri aurretik. Gaua koktel batekin amaituko da. Ekitaldia ingelesez izango da, aldi bereko itzulpenarekin euskarara eta gaztelaniara.
Prestigio handiko nazioarteko epaimahaia
2026ko edizioko epaimahaiko burua Carme Pinós arkitekto katalana da, 2021ean Espainiako Arkitektura Sari Nazionala jaso zuena. Harekin batera, epaimahaikide dira Jing Liu (Estatu Batuak), SO–ILen sortzailekide eta arkitektoa; Catherine Sabbah (Frantzia), IDHEALeko zuzendari exekutiboa eta etxebizitza-politiketan aditua; David Madden (Erresuma Batua), hiri-soziologoa eta London School of Economicseko Cities Programmen zuzendaria; eta Lucia Tozzi (Italia), hiri-ikertzailea eta kazetaria.
Pinósek nabarmendu duenez, “hautagaitzen kalitateak berretsi egiten du etxebizitza kolektiboak Europan piztu duen aparteko interesa eta egungo erronkei ematen dien erantzunen aniztasuna”. Bestetik, adierazi duenez, “deliberazio prozesuak agerian utzi du arkitekturak proiektuen kalitate formaletik harago balio soziala, hirikoa eta ingurumenekoa sortzeko duen gaitasuna”.
Europan zehar bere irismena zabaltzen duen saria
Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariak kalitate arkitektonikoa, eragin soziala eta Europan bizi garen moduari ekarpen esanguratsua egiten dioten etxebizitza kolektiboko obra eraikiak saritzen ditu.
Sariaren helburua da etxebizitza kolektiboaren arloan Europako erreferente bihurtzea. Bigarren edizio honetako emaitzek asmo hori indartu dute: aurkeztutako proiektuen kopurua 170tik 192ra igo da, eta herrialdeen parte-hartzea ia bikoiztu egin da, Europako 19 herrialde ordezkatzetik 36 ordezkatzera igaro baita.
Bilakaera horrek nabarmen zabaltzen du sariaren lurralde-irismena, eta arkitekturan eta etxebizitza-politiketan egungo bizitegi-erronkei ematen zaizkien erantzunen aniztasuna islatzen du. Proiektu finalistak sariaren hurrengo edizioaren eta datozen bi urteetan Europako museoak zeharkatuko dituen erakusketa ibiltari baten parte izango dira.
Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria Euskadiko Arkitektura Institutuak eta arc en rêve centre d’architecture erakundeak antolatzen dute, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren laguntzarekin.
Informazio gehiago eta programa osoa: www.europeancollectivehousingaward.eu






