Eusko Jaurlaritzak nazioarteko adituak elkartuko ditu Bilbon kultura-politiken etorkizunaz gogoeta egiteko

0
  • Kultura Behatokien Nazioarteko Foroa azaroaren 5ean eta 6an egingo da Guggenheim Bilbao Museoan, Kulturaren Euskal Behatokiaren 20. urteurrena dela eta
  • “Behatu, Ulertu, Proiektatu” lelopean, topaketak kultura behatokien zeregina, adimen artifizialaren eta analisi-eredu berrien eragina eta kulturaren balio publikoa eta kultura-eskubideak jorratuko ditu.
  • Foroan izena emateko epea zabalik dago, eta plazak mugatuak dira.

Eusko Jaurlaritzak azaroaren 5ean eta 6an egingo du Guggenheim Bilbao Museoan Kultura Behatokien Nazioarteko Foroa, eta bi egun horietan hainbat lurraldetako politika publikoen arduradunak, ikertzaileak, profesionalak, erakundeak eta kulturaren sektoreko eragileak bilduko ditu kulturak aurre egin beharreko erronkei buruz eta ezagutzak kultura-politiken diseinuan duen eginkizunari buruz hausnartzeko.

Foroa Kulturaren Euskal Behatokiaren 20. urteurrena dela-eta egingo da. Bi hamarkada hauetan kulturari buruzko informazioa ezagutza baliagarri bihurtzeko, euskal kultura-errealitatearen bilakaera aztertzeko eta kultura-politiken diseinuan eta ebaluazioan laguntzeko tresna gisa finkatu da.

“Behatu, Ulertu, Proiektatu” leloak laburbiltzen du edizio honen espiritua: kultura behatu ez bakarrik zer gertatzen den neurtzeko, baizik eta baita gizartea, gizartearen aldaketak eta gizartearen nortasuna osatzen duena ulertzeko eta etorkizuneko erronkei aurrea hartzea eta kultura-politikak orientatzea ahalbidetuko duen ezagutza sortzeko ere.

KULTURARI BURUZKO HIRU EZTABAIDA NAGUSI

Programa hiru ardatz nagusiren inguruan egituratuko da: kultura-behaketa  testuinguru globalean; adimen artifizialaren eragina eta kultura-analisien paradigma berriak; eta kulturaren balio publikoa eta kultura-eskubideak.

Lehenengo jardunaldian aztertuko da behatokiek politika publikoetarako azpiegitura estrategiko gisa duten eginkizuna, eta arratsaldean, berriz, adimen artifiziala, datuak eta horien inplikazio metodologiko eta etikoak. Esparru horretan Kulturaren Euskal Behatokiaren ibilbideari buruzko mahai espezifiko bat egingo da: “Esperientziatik prospektibara: Kulturaren Euskal Behatokiaren 20 urte”.

Azaroaren 6an, ostiralean, eztabaidaren ardatza kulturaren balio publikoa eta kultura-eskubideak izango dira, eta, besteak beste, gizarte-kohesioa, inklusioa, kalitate demokratikoa, lurralde-garapena eta kultura-politiken eraginaren ebaluazioa jorratuko dira.

NAZIOARTEKO PARTE-HARTZEA

Foroan erreferentziako profesionalek, arduradun publikoek, ikertzaileek eta akademikoek parte hartuko dute. Parte-hartzaileen artean izango dira Pierluigi Sacco, ELGAko aholkulari nagusia; Luca Dal Pozzolo, Fitzcarraldo Fundazioaren sortzaileetako bat; Jordi Baltà, Re|Shaping Policies for Creativity-ko editore nagusia; Miren Arzalluz, Guggenheim Bilbao Museoko zuzendari nagusia; Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusia; Jesús Prieto de Pedro, Kultura Eskubideen Andrés Bello Katedraren titularra; Marta Peirano, teknologia eta boterean espezializatutako analista eta idazlea; eta Eusko Jaurlaritzako, Kataluniako eta Nafarroako ordezkariak, besteak beste.

Topaketa kulturaren sektoreko profesionalei, politika publikoen arduradunei, ikertzaileei, kultura-kudeatzaileei eta kulturaren ekosistemari lotutako enpresa eta organizazioei zuzenduta dago. Izena emateko epea zabalik dago jada, eta programa osoa eta izena emateko formularioa Eusko Jaurlaritzaren webgunean daude eskuragarri.

EU: https://www.euskadi.eus/izena-ematea/web01-a3kebfoc/eu/

ES : https://www.euskadi.eus/registro/web01-a3kebfoc/es/