- Euskadin pobreziako eta gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonen parte hartzerako IV. Topaketan izan da Sailburua, gaur Lakuan
- Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko kargudunek eta teknikariek informazio praktikoa partekatu du Euskadiko Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako Europako Sareak (EAPN) bultzatutako jardunaldi batean
- Garamendik azpimarratu du garrantzitsua dela pertsona horiei ahotsa ematea “eragile aktiboak” izan daitezen eta proposamenak egin ditzaten dagokien tokira helarazteko
- 80 pertsona inguruk eta hainbat gizarte erakundek zaurgarritasun egoeran dauden pertsonek administrazioaren arreta eta parte-hartzearekin lotutako gaiei buruzko hitzaldietan eta tailerretan parte hartu dute
Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak erakundeek eta gizarte elkarteek pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren aurkako borrokan “adostutako ekintza” defendatu du. Garamendik gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsonen parte-hartzeari buruzko topaketen bederatzigarren edizioari hasiera eman dio, eta bertan adierazi du oso garrantzitsua dela jakitea «nola jokatzen dugun administrazioek gure inguruko arazo eta premia larrienak konpontzeko, eta nola erabiltzen diren eskura ditugun baliabideak».
Euskadiko Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako Europako Sareak (EAPN) antolatuta, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan gaur egin den Topaketan hainbat gizarte elkarteetako ehun erabiltzaile inguruk hartu dute parte. Horrela lehen eskutik jaso ahal izan dute informazioa Zuzenean izenez ezagunagoa den Herritarrei Arreta emateko eta zerbitzu digitaletako zuzendaritzetako arduradunen eskutik, eta Gobernu Irekiaren zuzendaritzatik, gobernuaren jardueraren gardentasunaz eta herritarren parte-hartzeaz arduratzen den zuzendaritzatik.
Aurkezpen hitzaldian, Garamendik lan egiteko modu irekiago, gardenago eta elkarlanekoa bultzatzearen alde egin du. Horretarako, erakundeen eta gizarte erakundeen artean «adostutako ekintza» baten beharra defendatu du. «Gaur, hemen, pauso bat ematen ari gara erakundeak eta herritarrak eskutik helduta goazen bide horretan», azpimarratu du.
Sailburuak horrelako topaketen garrantzia nabarmendu du, gizarte zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen parte-hartzea praktikan jartzeko balio baitute. «Egoera eta arazo zehatzei buruz duzuen ikuspegia emango duzuelako da garrantzitsua, eta agerian geratuko delako gaiari aurre egiteko eragile aktiboak zaretela», adierazi du entzuleen aurrean. Ildo horretan, egoera horiei erantzunak bilatzeko, entzute aktiboa egin behar dela errepikatu du. «Entzun egin nahi dizuegu, honelako topaketetatik beti ateratzen delako hobeto, gogoeta egitera eta zertan hobetu ahal dugun pentsatzera bultzatzen gaituzten gauza asko ikasten direlako», gaineratu du.
Garamendik kanpotik etorri eta harrera prozesuetan sartuta dauden pertsonak ere aipatu ditu, hala nola errefuxiatuak edo asilatuak, horietako batzuk auditorioan izan dira. «Legegintzaldi honetan zuen gizarteratzea erraztu eta kudeatzea oso garrantzitsua izan da Sail honentzat», adierazi du, eta jarraian gogorarazi du aurten bertan lortu dela migratzaileak hartzeko bigarren fasea Euskadira transferitzea.






