- Euskara ikasleek maila guztietan (A1etik C2ra) izango dituzte dirulaguntzak lortzeko aukera
- Diru-laguntzak eskatzeko bi txanda ezarri dira: deialdia argitaratu eta biharamunetik abuztuaren 4ra, eta irailaren 1etik azaroaren 3ra
- Deialdi honetan inklusioaren ikuspegitik aurrerapauso garrantzitsua eman da: desgaitasunak dituzten pertsonentzako egokitzapen edo salbuespen espezifiko bat sartu da
Gobernu Kontseiluak 2.975.500 euroko partida onartu du gaur 2024-2025 ikasturteko Euskal Autonomia Erkidegoko euskaltegietako ikasleen euskara ikasteko prozesua diruz laguntzeko. Honen bitartez, euskara ikasketak doan izateko bidean Jaurlaritzak hartutako konpromisoari jarraipena ematen zaio eta diruz lagunduko dira HABEren euskararen komunikazio-gaitasun mailak egiaztatu dituzten ikasle guztiak, maila guztietan: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2.
Dirulaguntza hauek jaso ahal izateko beharrezkoa izango da, alde batetik, HABEren erregistroan inskribatutako euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu bateko ikastaroren batean matrikulatua egotea 2024ko ekainaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarteko epealdian eta dagozkion matrikula-prezioak euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro homologatuei ordaindu izana; eta bestetik, maila gainditu edo maila egiaztatu izana.
Eskabidea egiteko bi txanda aurreikusi dira 2025 urtean:
- Lehen txandaren eskari-epea ebazpena argitaratu eta biharamunetik abuztuaren 4ra arte izango da. Eskaria egin ahal izango dute lehen txanda honetan 2024ko uztailaren 1etik 2025eko uztailaren 31 bitartean maila gainditu edota maila egiaztatu duten ikasleek.
- Bigarren txandaren eskari-epea 2025eko irailak 1etik azaroaren 3ra arte izango da. Eskaria egin ahal izango dute bigarren txanda honetan 2025eko abuztuaren 1etik urriaren 31ra bitartean maila gainditu edota maila egiaztatu duten ikasleek eta lehen txandan, eskaria egiterik izan ez duten pertsonek.
Gainditutako edo egiaztatutako maila bakoitzeko eskari bakarra onartuko da. Eskabidea egiteko, Eusko Jaurlaritzako Egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eskaera-formularioa bete beharko da.
2025eko deialdian inklusioaren ikuspegitik aurrerapauso garrantzitsua eman da: desgaitasunak dituzten pertsonentzako egokitzapen edo salbuespen espezifiko bat sartu da ebazpenean. Hain zuzen ere, ebaluazio jakin bat egitea ezinezkoa bada —hala nola idazmena, irakurmenean, mintzamena edo entzumena—, ez da beharrezkoa izango adierazpen- edo ulermen-trebetasun horiek egiaztatzea.
Dirulaguntza esleitzeko eta neurtzeko irizpideak
Dirulaguntzen esleipen-prozedura ez da lehia-printzipioaren arabera izapidetuko, baizik eta esleipen jarraituaren arabera. Hau da, oinarri hauetako betekizunak zein baldintzak betetzen dituzten eskabide-egile guztiek jasoko dituzte dirulaguntzak, aurrekontu-partidako zenbatekoa agortu arte.
Gainditu edo egiaztatu den maila bakoitzeko, ikasleak 2023-2024 eta 2024-2025 ikasturteetan matrikuletan ordaindutako kopurua eskura dezake, gehieneko muga hauekin gainditu edo egiaztatutako maila bakoitzeko:
- HABEren A1 maila: 600 euro.
- HABEren A2 maila: 800 euro.
- HABEren B1 maila edo baliokidea: 900 euro.
- HABEren B2 maila edo baliokidea: 1.000 euro.
- HABEren C1 maila edo baliokidea, 1995ean edo ondoren jaio diren ikasleentzat: 700 euro.
- HABEren C1 maila edo baliokidea, 1994an edo aurretik jaio diren ikasleentzat: 150 euro.
- HABEren C2 maila edo baliokidea: 100 euro.