- Ikastaroa gaur inauguratu du Miren Elgarrestak, eta tresna digitalek nerabezaroan duten eragina aztertuko du, ikuspegi feministatik
- Bi egunetan zehar, adimen artifizialari eta horrek esparru juridikoan, hezkuntzan edo ekofeminismoan duen eraginari buruz ere hausnartuko da
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak «Belaunaldi berrientzat internet seguru eta feminista bat pentsatuz: orainaren jakintzak etorkizuneko erronketara begira» ikastaroa inauguratu du gaur goizean, Donostiako Miramar Jauregian EHUren Udako Ikastaroen barruan.
Ikastaroa bi egunetan egingo da, gaur eta bihar, eta helburu nagusia da errealitate digitalak ikuspegi feministatik ezagutzea, genero-estereotipoak eta indarkeria ingurune digitalean nola aurkezten diren aztertzea, eta adimen artifizialak hainbat eremutan (araudi juridikoan, hezkuntzan edo ekofeminismoan, esaterako) duen eraginaren inguruan hausnartzea.
Emakundek urtero antolatzen du ikastaro bat EHU ko Uda Ikastaroetan eta aurten, iaz egin zuen bezala, belaunaldi gazteenei eta sare sozialen inpaktuen eraginpean daudenei zuzendu nahi die. Izan ere, interneten diskurtso hegemonikoak, sexualizatuak eta neoliberalak daude, alde batetik, baina baita gune aktibista eta feministak. «Aro digitalean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza eta indarkeria matxistaren moduak zabaldu egin dira teknologia berrien erabilerarekin, eta, horrela, online sexismo eta misoginia modu berriak sortu dira», azpimarratu du Emakundeko zuzendariak.
Miren Elgarrestaren ustez, gainera, ikastaro hau aukera bat da espazio digitalek ikuspegi feministatik duten eragina baloratzeko eta gizarte digital seguru eta berdintasunezkoa lortzeko neurriak aktibatzeko. «Ez dugu teknologia mehatxu gisa ulertu nahi, baizik eta zenbait eredu eta sinesmen aldatzeko, rol eta estereotipo sexistei aurre egiteko tresna eraginkor gisa ere bai».
Gaurko jardunaldian, Vigoko Unibertsitateko Soziologia irakasleak, Águeda Gómezek, misoginia 2.0 deiturikoari buruz egin duen lana aurkeztu du. Misoginia 2.0 teknologia digitalek bultzatutako genero indarkeriaren forma garaikidea da.
Unibertsitate Complutensetik, Clara Inés Guilló irakasleak ingurune digitalek emakumeen identitatearen eraikuntzan duten eragina aztertu du. Planteamendu bera, baina hezkuntzan duen eraginetik, aztertu du Granadako Unibertsitateko Carmen Ruizek.
Lehenengo jardunaldia amaitzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko Psides taldeko María Dosil eta Uxue Llano ikertzaileek «Ciber Dating Abuse Stop» programa aurkeztu dute. Honek nerabeen arteko harreman afektiboen esparruan ziberindarkeria prebenitzea du helburu.
Bihar, asteazkena, hilak 18, Rey Juan Carlos Unibertsitateko Filosofia moraleko irakasle Lucía Ortiz de Zaratek adimen artifizialaren eragin ekologikoari eta emakumeei eragiten dizkien diskriminazio-arazoei buruzko hitzaldia emango du. Elxeko Miguel Hernández Unibertsitatetik, Nuria Rechek, teknologia berrien erregulazioa eta bere ikuspegi feminista aztertuko ditu.
Saioa amaitzeko, autodefentsa digital feministako ikastaro bat eskainiko du Anais Cordoba ikertzaileak, eta Elisa García Mingo ingurune digitaleko indarkerian aditu eta Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakasleak hurrengo belaunaldiek merezi duten Interneti buruzko hitzaldi bat emango du.