Imanol Pradales: «Gizartearen aktibazioa gakoa da, baina Euskarak ere beharrezkoa du legeria eta segurtasun juridikoa”

0
  • Euskararen Aholku Batzordea bildu da legealdi berriko lehen osoko bileran Euskaltzaindiaren egoitzan
  • Lehendakariak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskararen Plan Estrategikoaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte

Gaur goizean, Euskararen Aholku Batzordea batzartu da legealdi berriko lehen Osoko Bilkuran, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Imanol Pradales Lehendakaria izan da batzarraren buru, Ibone Bengoetxea, lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera.

Lehendakariak batzordekideei ongietorria eman die eta Euskararen etorkizunari begira, «jauzi kualitatiboa» emateko premia azpimarratu du. «Egoerak ez du zerikusirik duela 40 urtekoarekin. Asko aldatu dira gizartea, gazteen bizimodua, eta komunikazio eta harreman moldeak», aitortu du Pradalesek, eta «Euskara biziberritzeko ahalegin koordinatua eta planifikatua» eskatu du.

Testuinguru horretan, Lehendakariak normalizazio prozesuan aurrera egiteko paradigma berri bat ezartzeko beharra azpimarratu du, «konfrontazioa saihestuz». «Gizartearen aktibazioa da gakoa, baina Euskarak ere beharrezkoa du legeria eta segurtasun juridikoa», defendatu du.

Bere aldetik, Ibone Bengoetxeak Euskararen Plan Estrategikoaren eduki nagusiak aurkeztu ditu. Planak helburu nagusi bi ditu: euskararen ezagutzan eta erabileran jauzi kualitatiboa ematea. Horretarako, 9 ardatz estrategiko identifikatu dira, besteak beste: euskara-gaitasuna, transmisioa, lan mundua, aisialdia, ingurune digitala eta etorkinak. Planak, gainera, baliabide ekonomikoak, gobernantza eredua eta jarraipen-mekanismoak ere aurreikusten ditu.

Bileran, Euskararen Aholku Batzordeko 26 kideek hartu dute parte, Eusko Jaurlaritzako eta erakunde publikoetako ordezkariak nahiz adituak tartean. Bileraren amaieran, Batzordeko kideei Euskararen Plan Estrategikoari ekarpenak egiteko bi asteko epea zabaldu zaie. Helburua da plan ireki eta parte-hartzaile bat garatzea, euskararen normalizazioan aurrerapauso sendoak emateko.

EUSKARAREN AHOLKU BATZORDEKO KIDEAK

Erakundeetako kideak

  • Imanol Pradales Gil, Lehendakaria
  • Ibone Bengoetxea Otaola, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta lehenengo lehendakariordea
  • Aitor Aldasoro Iturbe, Hizkuntza Politikarako sailburuordea
  • Lucia Torrealday Berrueco, Hezkuntza Politiketako sailburuordea
  • Leire Corrales Goti, IVAPeko zuzendari nagusia
  • Andres Urrutia Badiola, euskaltzainburua
  • Iñaki Gurtubai Artetxe, Arabako Foru Aldundiaren foru diputatua
  • Leixuri Arrizabalaga Arruza, Bizkaiko Foru Aldundiaren foru diputatua
  • Garbiñe Mendizabal Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiaren zuzendari nagusia
  • Erlantz Urresti Olasagaste, EUDELeko ordezkaria
  • Miren Segurola Larrañaga, UEMAko ordezkaria

Eusko Legebiltzarrak izendatutako kideak

  • Alberto Barandiaran Amillano
  • Esteban Goti Bueno
  • Iván Igartua Ugarte
  • Sergitz Moreno Ríos
  • Olatz Peon Ormazabal

Adituak (Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak izendatuak)

  • Eneko Agirre Bengoa
  • Javier Arakama Urtiaga
  • Maïder Behoteguy
  • Itziar Laka Mugarza
  • Andrés Mazkiaran Arrieta
  • Jon Sarasua Maritxalar
  • Julia Shershneva Zastavnaia
  • Miriam Urkia González
  • Ana Urkiza Ibaibarriaga
  • Asier Villalibre Molina

Idazkaria

  • Sonia Rodriguez Rodriguez, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria