Donostiako Udalak berriro jarriko du martxan udan mugikortasuna kudeatzeko neurrien plana

0

Helburu nagusiak dira, garraio publikoaren funtzionamendu egokia bermatzea eta disuasio-aparkalekuen erabilera sustatzea

Donostiako Udalak zenbait neurri jarriko ditu abian udako hilabeteetan trafikoa kudeatzeko, bisitari gehien izaten diren uneetan sortzen diren eragozpenak arintzeko, eta garrantzi berezia emango die garraio publikoari eta hiriko aparkaleku periferikoen sareari.

Informazio-kanalak hobetzea, trafikoa modu eraginkorragoan eta baliabide gehiagorekin arautzea, disuasio-aparkalekuak sustatzea edo garraio publikoko sistemak hobetzea izan dira Udalak datozen hilabeteetan hiriaren mugikortasuna antolatzeko landu dituen ildoak.

Datozen hilabeteetan, hirian mugikortasuna arinagoa izan dadin, hauek dira gomendio nagusienak:

  • Garraio publikoari edo mugikortasun aktiboari lehentasuna eman.
  • Ibilbideak planifikatu Donostiara etorri aurretik.
  • Trafikoaren egoera kontsultatu bidaia hasi aurretik.
  • Isuri Gutxiko Eremura (IGE) sartzeko baldintzak kontsultatu.
  • Park and Ride aparkalekuak erabili.

 

Park and Ride

Hirira beren ibilgailu pribatuan etortzea erabakitzen dutenentzat, Donostiak doako hainbat aparkaleku ditu hiriko sarbide nagusietatik hurbil, eta Erdialdearekiko loturak garraio publikoaren bidez egiten dira, era horretan, Park and Ride edo disuasio-aparkamenduen sare garrantzitsu bat sortzen da.

  • Unibertsitateetan. Berio pasealekuan kokatutako aparkalekua da (autokarabanen aparkalekuaren ondoan), uztailaren 7tik abuztuaren 21era egongo da aktibo. Ikasturtean zehar unibertsitateko ikasleek erabiltzen duten aparkaleku horrek 200 plaza inguru ditu eta garraio publiko erregularraren bidez dago lotuta Erdialdearekin.
  • Igarako aparkalekua disuasio-puntu garrantzitsu bat izango da berriz ere. 180 plaza ditu, eta handik metro gutxira zuzeneko konexioa dago garraio publikoarekin.

Bi Park and Ride horiek doakoak izango dira, baina aparkatzeko 24 orduko muga izango dute txandakatzea errazteko; beraz, aparkalekuan sartzerakoan tiketa atera beharko da.

  • Illunben, 48 orduko deonbra eta Dbusen zuzeneko autobus-zerbitzua jarriko da martxan Illunbeko doako aparkalekuaren (250 plaza) eta Ehunurteurrenaren plazaren artean, uztailaren 12tik abuztuaren 31ra (20 minuturo, 11:00etatik 22:30era).
  • Donostiak, halaber, doako beste aparkaleku-eremu periferiko batzuk ditu, eta aukera interesgarria dira udan: esate baterako, Miramongo Parke Teknologikoak dituen doako 1.700 plaza baino gehiago –hiriko autobus-linea ohikoenak iristen dira Parke Teknologikora–, edo Zuatzu Enpresa Parkea (650 plaza), linea erregularren bidez Erdialdera konektatuta dagoena.
  • Iparraldetik Donostiara datozenentzat, beste aukera on bat Irungo Ficoba azokaren doako aparkalekua da: 900 plaza ditu, 8:00etatik 22:00etara dago irekita, eta Donostiarekin Euskotrenen bidez dago konektatuta, 30 minuturo.

 

Denbora errealeko informazioa

Aurtengo udan ere, trafikoaren egoerari buruz eta ibilgailu pribatuak Erdialdera sartzeko dauden aukerei buruzko informazio-sistema eskaintzen egingo du ahalegin gehien Udalak, eta iaz abian jarritako ekintzak indartuko ditu. Google Maps ibilbide-planifikatzailearen eta Waze nabigazio-aplikazioaren bidez, Mugikortasun Zuzendaritzak denbora errealean emango du hiriko trafikoaren egoeraren berri, eta trafiko intentsitate handiko egoeren berri emango du, auto-pilaketa handieneko eremuetan sartu aurretik erabaki egokiak hartu ahal izateko.

Informazio hori erraz emango da kolore-eskala baten bidez. Eskala horretan, trafikoa arina, ertaina edo handia den adieraziko da, eta Donostia Transport aplikazioan ere kontsultatu ahal izango da. Aplikazio horretan, abisuak aktibatuko dira trafiko-intentsitate handia dagoenean, ibilgailuak gertuen dagoen disuasio-aparkalekura desbideratu ahal izateko.

Garraio publiko eta jasangarria

Garraio publikoari dagokionez, aurten ere, Dbusek bere zerbitzua indartu eta bere ordutegiak zabalduko ditu ekainaren 23tik abuztuaren 31ra, hirian joan-etorriak modu jasangarrian egitea errazteko.

Isuri Gutxiko Eremua

Aurreko udekin alderatuta, aurtengo berritasun handienetako bat Isuri Gutxiko Eremua abian jartzea izan da, hirigunera sartzeko orduan, mugak ezartzen baitizkie ingurumen-etiketarik gabeko ibilgailuei. Arau horrek hilabeteak daramatza indarrean; baina, hala ere, Udalak bereziki azpimarratuko du hiria bisitatzen duten pertsonek isuri gutxiko gunean sartu ahal izateko baldintzak kontsultatu behar dituztela, helbide honetan: www.donostia.eus/ige.

Ildo horretan, bereziki indartuko da atzerriko matrikula duten ibilgailuei buruzko informazioa, horiek baitira hirian sartu aurretik webgune horretan izena emateko ezinbesteko baldintza dutenak (ezarritako baldintzak betetzen dituztenek soilik izango dute baimena, DGTn erregistratutako ibilgailuek bezala).

Autokarabanak

Iaz, berritasun gisa, Udalak autokarabanentzako doako bi aparkaleku-eremu berri gaitu zituen Illunbeko aparkalekuan: 45 plaza inguru dituzte, bai eta ibilgailu horientzako beharrezko zerbitzua ere. Aparkalekuek 72 orduko muga dute egonaldietarako, eta Erdialdearekin konektatuta egongo dira 20 minuturo, Dbusen Illunbeko zuzeneko autobus-zerbitzu bereziaren bidez (uztailaren 12tik abuztuaren 31ra).

Plan honen aurkezpenean, Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak nabarmendu duenez, «iaz, uda sasoiko une jakin batzuetan trafiko pribatuaren joan-etorri handiak direla-eta sortzen ziren eragozpenak hein handi batean murriztea lortu genuen; era berean, garraio publikoaren erabilerak marka guztiak hautsi zituen, Dbusen egindako bidai kopuruan zifra historikoak erregistratu baitziren”.

Yarzak azaldu duenez, “iaz hartutako neurriak hobetzeko eta egokitzeko lanean jarraitu du Mugikortasun Zuzendaritzak, trafikoa hobeto kudeatzeko, betiere garraio publikoaren funtzionamendu egokia bermatzeari begira, hori baita, zalantzarik gabe, Donostian mugitzeko modurik onena, bai eta ingurumen- eta soinu-kutsadura murrizteko ere”.