Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Merkasaretza – Merkataritza Laguntzeko Guneen Euskal Sarea sortzeko eta Merkataritza Laguntzeko Zerbitzuen Zorroa zehazteko Dekretua.
Dekretu horrek Merkataritzako Bulego Teknikoak izenez ezagutzen zena eguneratzen du, eta merkataritza-banaketaren sektoreak dituen erronka berriei aurre egiteko laguntza eta babesa ematea du helburu.
Dekretuak Merkataritza Laguntzeko Guneak sortuko ditu, Merkasaretza Euskal Sareari atxikita, eta merkataritza-banaketaren sektore osoari eta haren erakundeei zuzenduta. MLG horiek doan eskainiko dituzte langile kualifikatuen laguntza-zerbitzuak, hurbiltasunetik eta lurraldeko hiri-merkataritzaren problematikaren ezagutzatik abiatuta.
Proiektu horrek 8,8 milioi euroko zuzkidura izango du 2025-2028 aldirako, eta merkataritza laguntzeko 50 gunetan banatuko dira, gehienez ere 44.000 euro MLG bakoitzeko.
Merkasaretza Euskal Sarea MLG mota desberdinek osatuko dute:
- Lehenik eta behin, toki-erakundeek sortutako MLGak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 2.1 artikuluan zehaztutakoaren arabera; organismo autonomoek edo haien mendeko beste erakunde batzuek sortutakoak, bai eta garapen-agentziek sortutakoak ere.
- Bigarrenik, irabazi-asmorik gabeko elkarte eta fundazioek sortutako MLGak, hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako merkataritzari edo zerbitzuei laguntzea helburu dutenak.
- Eta hirugarrenik, merkatarien federazioek sortutako MLGak, kokatuta dauden lurralde historikoko merkataritza-banaketaren sektore osoari laguntza ematea helburu dutenak, merkataritza-jardueraren azpisektore-ikuspegia txertatuz.
Merkasaretza Euskal Sareari formalki atxikitako MLGek “zerbitzu-zorro” bat bermatu beharko dute, gutxienez honako hauek izango dituena:
- Merkataritza-enpresen eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuen parte-hartze aktiboa, konprometitua eta kontzientea sustatzea, elkarteetako eragileez gain, Sailaren programetan eta horietatik erator daitezkeen proiektuetan.
- Sailaren eta erakundearen arteko lankidetza-hitzarmenak berariaz betetzen direla zaintzea.
- Jarduketa-planen eta plan estrategikoen garapena bultzatzea eta erraztea.






