Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredok Uzta Berderako laguntzaren baliagarritasuna eta garapena azpimarratu du. Izan ere, “neurri estrategikoa da euskal mahastizaintzarako konplexua den urte honetan, eta Euskadiko mahastizaintzako 882 hektareatan aplikatu da, 265 onuradunekin. Emandako guztizko zenbatekoa 3.252.393,82 eurokoa da”.
Laguntza 2023-2027 aldiko Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoko Mahastizaintza eta Ardogintzako Esku-hartze Sektorialaren parte da, eta Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren funtsekin finantzatuta dago. Laguntzarako deialdia Eusko Jaurlaritzak egin zuen joan den apirilean, 4.292.000 euroko hasierako zuzkidurarekin (hasierako eskaeren ondoren 4.268.701,22 euro onartu ziren) eta 1.164 hektareako azalera onartuarekin.
“Uzta berdea kudeaketa profesionaleko tresna bat da, mahastizainari aurrea hartzeko, planifikatzeko eta erabaki estrategikoak hartzeko aukera ematen diona. Harrera ona izan du, eta zorrotz egikaritu da”, adierazi du Amaia Barredok.
Doikuntzak
Egikaritze-prozesuan, eskatzaileek uko egin zieten 281 hektareari, «beren mahatsarentzat merkatua aurkitu zutelako, edo % 30etik gorako kalteak eragin zituzten (eta, beraz, kalte-ordaina jaso zezaketen) ezbeharrak izan zituztelako». Hektarea horiei uko egin izanaren ondorioz, benetako azalera zein laguntzaren azken gastua murriztu egin dira. Hortaz, 882 hektarea egikaritu dira eta 3,25 milioi euro eman dira.
Onuradunek uztailaren 15era arteko epea izan dute eragiketak egin direla jakinarazteko eta ordainketa eskatzeko. Ordainketa hori gaur egun zerbitzu teknikoak egiten ari diren landa-ikuskapenak amaitu ondoren egingo da. Ordainketa, nolanahi ere, 12 hilabeteko gehieneko epean egingo da, araudiari jarraikiz.
Testuingurua
Amaia Barredok gogorarazi duenez, neurri hori «klima-testuinguru konplexuan garatu da, Arabako Errioxako eremu askotan mildiuak gogor jo baitu eurite iraunkorren eta udaberriko hezetasun handiaren ondorioz. Horrek zailtasun handiak sortu ditu gaixotasuna kontrolatzeko, batez ere ustiategi ekologikoetan. Horri guztiari uztailaren 11n zenbait partzelatan kalte puntualak eragin zituzten ekaitzak eta kazkabarra gaineratu behar zaizkio».
«Uzta berdea ez dago kalteak konpentsatzeko diseinatuta, baina aurten lagungarria izan da presio agronomiko handia duten partzeletan ahalegin tekniko eta ekonomikoa arintzeko», azpimarratu du Barredok.
Barredok nabarmendu duenez, neurri horrek «nekazaritza-politikaren aurrerapen-ikuspegi bati erantzuten dio, nekazariak bere ustiategia merkatuaren eta klimaren erronkei aurre egiteko marjinarekin eta tresna baliagarriekin kudeatu ahal izateko».
Amaitzeko, honako hau adierazi du: “horrelako neurrien aldeko apustua egiten jarraituko dugu. Izan ere, merkatuak tenkatzen diren uneetan, sektorearen posizioa indartzeko eta haren erresilientzia hobetzeko aukera ematen dute, eta epe ertain eta luzera sektorea lehiakorragoa izateko diseinatzen dira».






