Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak errekerimendu bat egin zion ekainean AirBnBri, bere plataformatik etxebizitza turistikoen 703 iragarki kentzeko, erregistro-zenbakia ez izateagatik; turismoko araudiaren arabera nahitaezko baldintza da erregistro-zenbakia edukitzea. Plataformak baieztatu duenez, webgunetik kendu dituzte iragarki horiek, eta legezko betebeharren berri eman diete iragarki horien jabeei.
Orain arte, eta turismoari buruzko araudian betebehar hori jasota egon arren (Erabilera Turistikoko etxebizitzei eta etxebizitza partikularretako logelei buruzko 101/2018 Dekretua), plataforma batzuk ez ziren iragarkiak kentzeko laguntzen ari, eta epaitegiek bertan behera utzi zituzten agintari eskudunek ezarritako zigorrak.
Araudi berriaren ondorioz, Leihatila Bakarrari buruzko 1213/2024 Errege Dekretua indarrean jarri ondoren, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila eta Eskubide Sozialen, Kontsumoaren eta 2030 Agendaren Ministerioa aktiboki aritu dira etxebizitza turistikoen iruzurraren aurkako borrokan, plataformekin jardun ahal izateko bide eta tresna berriak bilatuz.
Kontsumobideren bidez egindako errekerimendua bat dator Ministerioak aurretik egindakoarekin, eta AirBnBk Eusko Jaurlaritzak adierazitako iragarkiak baieztatu ditu. Adierazi duenez, “erregistro-zenbakirik ez zuten iragarkiei baja eman die, eta eragindako anfitrioiak behar bezala informatu ditu”.
Javier Hurtado sailburuak ekainaren 20an azaldu zuen Legebiltzarrean errekerimendu hori egin zela, eta gehitu zuenez, “kentzen ez badituzte, kontsumo-araudian oinarritutako zehapenak aplikatuko ditugu. Iruzurrari aurre egiteko ahalik eta tresna gehien erabiltzen jarraituko dugu”.
Gainera, Sailak erakundeen arteko lankidetzarekin duen konpromisoa berretsi zuen. “Udalekin, aldundiekin, Etxebizitza Ministerioarekin eta Kontsumo Ministerioarekin lanean jarraitzen dugu, kontsumitzaileen eskubideak babesteko eta lehia desleiala geldiarazteko. Euskadik helmuga turistiko jasangarria izaten jarraitzeko bide guztiak arautzen eta aztertzen jarraituko dugu”.
Iraupen Laburreko Alokairuen eta Leihatila Bakarraren Erregelamendua
Iraupen Laburreko Alokairuen Europako Erregelamendua betetzeko, Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak Errentamenduen Leihatila Digital Bakarra jarri du abian. Plataforma hori Erregistratzaileen Elkargoaren bidez kudeatzen da, eta turismo-arloan eskumena duten administrazioekin informazioa trukatzeko gune gisa balioko du, eta turismo-etxebizitza guztiak behartuko ditu Estatuko erregistro berri batean inskribatzera.
Leihatila Bakarraren erregistro berria, Errege Dekretuaren esparruan, uztailaren 1ean sartu da indarrean. Tresna berri horrek indartu egiten du erabilera turistikoko etxebizitzen eta logelen gaineko kontrola, eta iruzurrik gabeko turismo jasangarriaren aldeko Eusko Jaurlaritzaren estrategiaren baitan kokatzen da.
Euskadik badu bere Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroa (REATE), Turismo Legeak eta dagokion dekretuak arautua, eta nahitaezkoa izaten jarraituko du. Horrela, Euskadin jardun nahi duen edozein etxebizitza turistikok REATEn agertu beharko du, baita Erregistro Bakar berrian ere, online plataformetan iragartzen bada.