Nazioarteko turismoa % 6,7 igo da eta hirugarren hilabetez jarraian naziokoa gainditu du, egonaldi turistikoen gaineko zergaren ezarpenak aurrera egin bitartean.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok RTVEn izan den elkarrizketa batean parte hartu du. Bertan, urteko lehen zazpi hilabeteetako Euskadiko turismoaren bilakaeraren balantzea egin du, eta egonaldi turistikoen gaineko zergaren garapenari buruz hitz egin du.
Zerga berri horri dagokionez, sailburuak adierazi duenez, “urteetako eztabaidaren ondoren, asko aurreratu dugu Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Ogasun eta Finantza Sailak elkarrekin egindako lanari esker. Azterketa zorrotza egin da gure arkitektura instituzional konplexuaren barruan Ekonomia Ituna eta Gernikako Estatutua beteko dituen eredu propioa diseinatzeko”. Sailburuak azaldu duenez, orain foru-ogasunei dagokie horiek garatzea eta ezartzea, Euskadi bisitatzen dutenek ere horri eusten lagun dezaten. “Udalak indartu nahi ditugu, eta inbertitzeko gaitasun handiagoa izango dute bai bisitarien bai egoiliarren beharrei erantzuteko”, gaineratu du.
Turismoko datuei dagokienez, Enfokatur Euskadiko Behatoki Turistikoaren behin-behineko emaitzek erakusten dutenez, % 5 inguruko hazkundea izan dute bisitarien sarrerek urtarriletik uztailera bitartean. Hazkunderik handiena lehen seihilekoan izan da (+%5,8), eta uztailean, berriz, % 1,3. Nazioarteko turismoak sektorearen motor gisa sendotzen jarraitzen du; % 6,7 igo da, turismo nazionalaren % 3aren aldean. Hirugarren hilabetez jarraian, Euskadik nazioarteko bisitari gehiago jaso ditu naziokoak baino, eta joera hori 2023ko eta 2024ko udetan finkatu zen.
“Egonaldi luzeko nazioarteko turista erakartzeko lanean ari gara, desestazionalizazioan laguntzen duena, bisitak luzatzen dituena, lurraldeko fluxuak dibertsifikatzen dituena eta gastua handitzen duena”, nabarmendu du sailburuak.
Bestetik, gogorarazi duenez, Euskadi, Balear Uharteekin batera, iraupen laburreko alokairuei buruzko Europako Erregelamenduari ekarpen gehien egin dion erkidegoetako bat izan da. Ildo horretan, “bizitegi-helburu batekin altxatutako eraikin batek helburu horri eutsi behar dio”, defendatu du.