Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2022ko abenduaren 20ko erabakiaren bigarren aldaketa. Erabaki horren bidez, Urduñako Udalari zuzeneko dirulaguntza eman zitzaion Landatas eta Maria Dolores Madaria auzoetan hiri-berroneratze lanak egiteko eta eraikinak birgaitzeko.
BERPIZTU programaren baitako laguntza hau 2.135.908,13 eurokoa da gehienez eta Opengela hiri-berroneratze eredua bultzatzea du helburu, Euskadi Bultzatu 2050 Hiri Agendaren konpromisoekin bat etorriz; konpromiso horiek jasangarritasunaren, eraginkortasun energetikoaren eta irisgarritasuna hobetzearen aldeko apustua egiten dute.
Guztira 126 etxebizitza biltzen dituzten 12 atari birgaitzea barne hartzen du proiektuak: Maria Dolores Madaria kaleko 1., 3., 5. eta 7. atariak, Kale Nagusiko 3. eta 5. atariak, eta Antigua pasealekuko 4. eta 6. atariak. Era berean, Hurbiltasuneko Bulego Teknikoa eta Kudeaketa Bulegoa sortu eta abian jarri da, eta erreferentzia gisa balio izan du auzo-komunitateei prozesu osoan laguntzeko.
Onartutako bigarren aldaketarekin, Eusko Jaurlaritzak baimena eman du 2026ra arteko urteko kuotak birprogramatzeko eta Urduñako Udalak eskatuta funtsak jarduketen artean birbanatzeko. Horrela, 340.561,28 euro esleitu zaizkio Hurbiltasuna Kudeatzeko Bulego Teknikoari, 1.745.346,85 euro eraikinen birgaitze integralari eta 50.000 euro hiri-berroneratzeari.
Proiektuaren kostu osoa 8.433.472,39 eurokoa izan da, eta Eusko Jaurlaritzak gehienez 2.135.908,13 euroko dirulaguntza eman du. Gauzatze-egutegia honela geratu da ezarrita: 165.000 euro 2022an, 422.138,73 euro 2023an, 659.040,80 euro 2024an, 314.608 euro 2025ean eta 575.120,60 euro 2026an.
Programazio berri horrekin Urduñako Udalak esparru ekonomiko sendotua izan du, baita denbora-tarteari dagokionez ere, Landatas eta Maria Dolores Madaria auzoen hiri-berroneratze integralaren bideragarritasuna bermatzeko.