Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren sendotasuna defendatu du exekutiboak, eta ohartarazi du proposamenak bikoiztasuna, desberdintasuna eta finantza iraunkortasunik eza ekar ditzakeela
Eusko Jaurlaritzak kontrako iritzia adierazi du Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) % 100era iritsiko litzatekeen pentsioen osagarri bat sortzea planteatzen duen Herri Ekimen Legegilea (HEL) kontuan hartzeari dagokionez. Exekutiboaren ustez, proposamen hori ez da beharrezkoa, eta egungo Diru Sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Euskal Sistemaren (DSBIESL) koherentziaren aurkakoa da, Eusko Legebiltzarrak adostasun politiko zabalarekin onartu berri baitu.
Eusko Jaurlaritzaren jarreraren arrazoi nagusietako bat da pentsioak jasotzen dituztenentzako babesa dagoeneko sisteman txertatuta dagoela. 2008az geroztik, Euskadik diru sarrerak bermatzeko eredu propioa du, gutxieneko errenta duinak bermatzen dituena, eta pentsiodunentzako neurri espezifikoak jasotzen ditu. 14/2022 Legeak estaldura horiek indartu zituen, zenbatekoak Europako pobrezia atalaseen gainetik jarriz eta pentsiodunak lehentasunezko kolektibo gisa onartuz.
Egungo sistemak neurri espezifikoak ditu; izan ere, oinarrizko zenbatekoaren gaineko % 40ko osagarriak aurreikusten ditu, ezohiko bizikidetza unitateak aitortzen ditu eta aldizkako berrikuspenak egiten ditu zenbatekoak egokiak direla bermatzeko. Gaur egun, pentsiodun indibidual batek bermatutako hileko 1.080,82 euroko gehieneko errenta lor dezake, eta hori handitu egiten da bizikidetza unitatearen tamainaren arabera, 1.535,91 eurora arte.
Sistema horrek bikoiztasunak eta desberdintasunak saihesten ditu HELaren proposamenaren aurrean. Izan ere, proposamen horrek pentsioak banaka osatzea planteatzen du, bizikidetza unitatearen diru sarrerak kontuan hartu gabe, eta premia ekonomikoaren azterketatik bereizita. Horrek gainjarpenak sortuko lituzke indarrean dauden prestazioekin, eta lehentasunezko tratua emango lioke kolektibo bati, beste talde zaurgarri batzuen kaltetan; hala nola, desgaitasunen bat duten pertsonen edo diru sarrera txikiak dituzten langileen kaltetan.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du, neurriaren izaeragatik, estatuari dagokiola pentsioen balizko hobekuntza orokorrak egitea, eta euskal sistemak, berriz, gizarte babesa asistentziatik bermatzen duela. Era berean, ohartarazi du HEL aplikatzeak euskal finantza publikoentzako egiturazko gastu jasanezina ekarriko lukeela.
Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzak uste du HEL ez datorrela bat indarrean dagoen araudiarekin, ezta gizarte babeseko euskal ereduaren iraunkortasun, ekitate eta koherentzia printzipioekin ere. Eta gogorarazi du proposamenak ez dituela betetzen Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduan ezarritako baldintzak, aurrekontu kredituak handitzea dakarten ekimenei dagokienez.
Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrari igorri dio erabaki hori, ezarritako prozedura betez.