HABEk hizkuntza-eskakizun asimetrikoak eta partzialak egiaztatuko ditu, lanpostuetako errealitate linguistiko berrietara egokitzeko

0

Ibone Bengoetxea: “19/2024 Dekretuak sektore publikoa osatzen duten 150.000 lanpostuei aukera zabaldu die hizkuntza eskakizunak eguneratzeko eta lanpostu bakoitzeko funtzioetara eta beharretara egokitzeko. Hala, 9/2020 Aginduan aldaketak egin ditugu, hizkuntza-eskakizun berri horiek edozein herritarrek egiaztatu ahal izateko HABEren azterketa deialdietan”.

Eusko Jaurlaritzak “2020ko irailaren 9ko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren Agindua, euskarazko komunikagaitasun-mailen ebaluazioa eta egiaztatzegintza arautzen dituena, eta euskara-ikasle helduentzako dirulaguntzen deialdietarako irizpideak finkatzen dituena”, aldatzeko prozedura abian jarri du. Hala jakinarazi du Ibone Bengoetxeak, lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Bengoetxeak azaldu duenez, aldaketa hau egitea beharrezkoa da 19/2024 Dekretua, Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua, garatzeko: “Dekretuaren helburu nagusia, oinarrian, Administrazio guztietan eta sektore publiko osoan herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzea eta euskararen erabileran sakontzea da. Honek, besteak beste, herri-erakundeei lanpostu zehatzetan hobeto egokitutako hizkuntza eskakizunak ezartzeko eta malgutasunez bideratzeko aukera ematen die. Hala, sektore publikoa osatzen duten 150.000 lanposturi zabaldu die aukera hori Dekretuak, beti ere, erakunde bakoitzaren errealitate linguistikoaren arabera”.

Hori horrela, Lehendakariordeak adierazi duenez, 9/2020 Aginduan egiten den aldaketa nagusia da “HABEri eskumena ematea Dekretuan jasotzen diren Hizkuntza-Eskakizun berriak edozein herritarrek HABEren azterketa deialdietan egiztatu ahal izateko. Hala, sektore publikoan sortzen ari diren eta sortuko diren Hizkuntza Eskakizun berrien beharretara egokituko dira HABEren egiaztatze prozesuak”.

Hizkuntza eskakizun berriak bi dira:

Hizkuntza Eskakizun Asimetrikoak. Hauen helburua hizkuntza eskakizunak lanpostu bakoitzaren funtzioetara eta beharretara hobeto egokitzea da, erakunde bakoitzaren lanpostuen eginbeharren errealitatea kontuan izanik. Hizkuntza Eskakizun hau emango da lanpostu jakin bateko ahozko eta idatzizko gaitasunak desberdinak direnean eta, kasu gehienetan, ahozko trebetasunek garrantzi edo pisu handiagoa duten lanpostuak dira. Adibidez: B2C1 maila, hau da, B2 maila idatziz eta C1 maila ahoz; edo B1B2 maila, hau da, B1 idatziz eta B2 ahoz.

Hizkuntza Eskakizun Partzialak. Hauen helburua da desgaitasuna duten pertsonei hizkuntza trebetasunak egiaztatzeko aukera ematea euren ezaugarrietara egokituz. Adibidez: gormutuen kasuan, idazmena eta irakurmena egiaztatzeko aukera zabaltzen zaie, ahozkoa eta entzumena egiaztatu gabe; eta desgaitasun psikikoen kasuan, mintzamena eta entzumena bakarrik egiaztatu dezakete. Honetaz gain, azterketa egiteko denbora muga kentzen da eta, horrela, azterketa hobeto egokituko da azterketarien ezaugarrietara.

Lehendakariordeak bere agerraldia burutu du azpimarratuz erakundeetako eta lanpostuetako beharrei erantzuten diela Agindu aldaketa honek, Dekretuak jasotakora egokituz eta hura garatuz: “Ahalik eta zerbitzu publiko onena eman nahi diogu herritarrari: herritarraren hizkuntza eskubideak bermatu nahi ditugu, pertsonak erdigunean jarriz. Euskararen erabileran urratsak ematen jarraitzen dugu, etengabe, eta horretarako beharrezkoak diren tresnak garatzen jarraitzen dugu eta jarraituko dugu”.

Hortaz gain, hiru aldaketa tekniko egingo dira Aginduan, hiru gairekin zerikusia dutenak: euskaltegietan maila guztiak egiaztatzeko aukera zabaltzearekin, baldin eta horretarako baldintza akademikoak ematen badira; euskara ikasteko doakotasun-programaren alderdi teknikoekin; eta azterketen deialdien egiaztatzegintza prozesuaren eraginkortasuna hobetzearekin.

Aginduan aldaketak egiteko prozedurari hasiera eman zaio dagoenekoz eta aurreikuspena da udazkeneko HABEren azterketa deialdirako hizkuntza eskakizun hauek egiaztatu ahal izatea. Prozesuan zehar, ekarpenak egiteko aukera izango da.