Tadas, Timothe eta Matteok euren selekzioekin batera parte hartuko dute abuztuaren 27an hasiko den Europako Txapelketan.
Riga (Letonia), Tampere (Finlandia), Limassol (Zipre) eta Katowice (Polonia) izango dira lau multzotan banatuta egongo den (A, B, C eta D) 2025eko Eurobasketaren lehen fasea hartuko duten hiriak. Baskoniako hiru jokalarik parte hartuko dute Europako torneoan euren taldeen denboraldiaurrean sartu aurretik: Tadas Sedekerskis, Timothe Luwawu-Cabarrot eta Matteo Spagnolo.
Tadas Sedekerskis, gure kapitaina, Lituania ordezkatuko duen jokalarietako bat izango da. Lituaniarra B multzoan kokaturik dago Alemania, Finlandia, Erresuma Batua, Suitza eta Montenegrorekin batera. Bere lehen lehia abuztuaren 27an izango da, 12:30etatik aurrera, Erresuma Batuaren aurka, Tamperen.
Bestalde, D multzoan Timothe Luwawu-Cabarrot arituko da Frantziako selekzioarekin. Bertan, Islandia, Eslovenia, Polonia, Belgika eta Israel izango ditu aurkari final-zortzirenetara igarotzeko. Frantziak abuztuaren 28an, 17:00etatik aurrera, ekingo dio txapelketari Belgikaren aurka.
Italiak, bestalde, 25-26 denboraldirako aurpegi urdin-gorri berrietako bat izango du. Matteo Spagnolo Italiako taldearekin arituko da C multzoan eta Zipre, Georgia, Espainia, Grezia eta Bosnia eta Herzegovinako selekzioekin neurtuko ditu indarrak. Timothek bezala, Matteok ere abuztuaren 28an ekingo dio abenturari, beraren kasuan 20:30etan Greziaren aurka.
Txapelketaren lehen fasea, multzokako fasea, abuztuaren 27tik irailaren 4ra bitartez jokatuko da. Irailaren 6an eta 7an erabakiko dira final-zortzirenetarako kanporaketak, hurrengo egunetan erabakiz final-laurdenak (irailaren 9an eta 10ean) eta finalerdiak (irailaren 12an). Europako titulua lortzeko azken borroka irailaren 14an izango da, 20:00etatik aurrera, Rigan (Letonia).
Baskoniatik zorterik onena opa diegu Eurobasketean parte hartuko duten gure hiru jokalariei.