Eusko Jaurlaritzak, Palestinako egoerari buruzko Adierazpen Instituzionala onartu du eta idatziaren bidez, berehalako su-eten iraunkorra eskatu du Gazan, eta tristura agertu du hildako pertsona guztiengatik eta erabateko babesa adierazi die senideei.
«Irmoki gaitzesten ditugu gosea gerra-metodo gisa erabiltzea, laguntza humanitarioa ukatzea edo oztopatzea eta Palestinako biztanleen lekualdaketa derrigortu eta masiboak. Langile humanitario, sanitario eta sorosle guztien babesa eskatzen dugu, baita gatazka estaltzen ari diren kazetariena ere. Ildo horretan, UNRWAren zereginari eta asmoari babes esplizitua ematen diogula berretsi nahi dugu; eta inplikatutako aldeei eta nazioarteko komunitateari, eta bereziki Europar Batasunari, bake iraunkorra ahalbidetuko duten konponbide negoziatuak atzerapenik gabe bilatu eta babestea eskatzen diegu «adierazi dute.
15M€ Lanbideren bitartez, Euskadin enplegagarritasuna sustatzeko
Gobernu Kontseiluak bi kudeaketa gomendio onartu ditu gaur 2025-2026 aldirako, Lanbideren bitartez, Euskadin prestakuntza indartzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko.
Ekimen horiek 15 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa dute, eta Hezkuntza Sailarekin eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearekin (HABE) elkarlanean garatuko dira.
Mikel Torres Bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak azaldu duenez, “helburua da Euskadin gero eta handiagoa den langile elebidun kualifikatuen eskaerari erantzutea eta herritarrei garapen profesionalerako aukera berriak eskaintzea, euskararen ezagutzarekin gaitasun teknikoak eskuratu, eta, hori lan merkatuan sartzeko balio erantsi izan dadin. Bi kudeaketa gomendio horiekin, Lanbidek berretsi egiten du enplegagarritasuna hobetzeko, bizialdi osoko prestakuntza sustatzeko eta euskararen normalizazioa sustatzeko konpromisoa” adierazi du.
Pentsioen osagarriari buruzko Herri Ekimen Legegileari buruzko irizpidea
Pentsioen osagarriari buruzko Herri Ekimen Legegilea izapidetzeari buruz, aurkako iritzia adierazi du Eusko Jaurlaritzak.
Torres sailburuak azaldu duenez, proposamena ez da beharrezkoa Euskadik diru sarrerak bermatzeko eredu propioa duelako eta Eusko Legebiltzarrak adostasun politiko zabalarekin onartutako Diru Sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Euskal Sistemaren (DSBIESL) koherentziaren aurkakoa delako. “Pentsioak jasotzen dituztenentzako babesa dagoeneko sisteman txertatuta dago eta 2008az geroztik, Euskadik diru sarrerak bermatzeko eredu propioa du, gutxieneko errenta duinak bermatzen dituena, eta pentsiodunentzako neurri espezifikoak jasotzen dituena” adierazi du.
Gobernuak Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren sendotasuna defendatu du eta ohartarazi du proposamenak bikoiztasuna, desberdintasuna eta finantza iraunkortasunik eza ekar ditzakeela. “Egungo sistemak bikoiztasunak eta desberdintasunak saihesten ditu HELaren proposamenaren aurrean, izan ere, proposamen horrek pentsioak banaka osatzea planteatzen du, eta horrek gainjarpenak sortuko lituzke indarrean dauden prestazioekin, eta lehentasunezko tratua emango lioke kolektibo bati, beste talde zaurgarri batzuen kaltetan. Gainera, neurriaren izaeragatik, estatuari dagokio pentsioen balizko hobekuntza orokorrak egitea, eta HEL aplikatzeak euskal finantza publikoentzako egiturazko gastu jasanezina ekarriko luke” azaldu du Torresek.
Amaitzeko, Jaurlaritzako zerbitzu juridikoen esanetan, proposamenak, gainera, ez ditu betetzen Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduan ezarritako baldintzak.
Euskara ikastearen doakotasuna eta hizkuntza eskakizun berriak
Eusko Jaurlaritzak urratsak ematen jarraitzen du euskara ikastea errazagoa eta doakoa izan dadin. Hala, Gobernu Kontseiluak 2025-2026 ikasturtean A1-A2 oinarrizko mailetan euskara ikasten duten ikasleei eta C1 mailan komunikazio-gaitasuna hobetu nahi duten 16-18 urte bitarteko gazteei dirulaguntza emateko deialdia onartu du gaur.
Lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Ibone Bengoetxeak, azaldu duenez “helburu nagusia da euskara ikastea errazagoa eta guztientzat eskuragarria izatea; erabaki honek aurreko ikasturteetan martxan jarritako doakotasun politikei jarraipena ematen die eta, berrikuntza modura, A2 maila txertatzen du doakotasun-programan. Gobernuarentzat euskara ikastea estrategikoa da, euskararen erabileran jauzia eman ahal izateko. Horregatik, euskara ikasteko bideak bermatzen, zabaltzen eta laguntzen jarraituko dugu”.
Guztira, 4,86 milioi euro bideratuko dira 2025-2026 ikasturtean euskara ikasteko matrikula doakoa izan dadin aipatutako maila horietan; iazko aurrekontuarekin alderatuta, %52,9ko igoera izango da ikasturte berrian.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak 9/2020 Agindua aldatu du, HABEk hizkuntza-eskakizun berriak egiaztatzeko aukera izan dezan, sektore publikoko hizkuntza-errealitate eta -premia berriei erantzuteko.
“Dekretuaren helburu nagusia, oinarrian, Administrazio guztietan eta sektore publiko osoan herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzea eta euskararen erabileran sakontzea da. Honek, besteak beste, herri-erakundeei lanpostu zehatzetan hobeto egokitutako hizkuntza eskakizunak ezartzeko eta malgutasunez bideratzeko aukera ematen die. Ahalik eta zerbitzu publiko onena eman nahi diogu herritarrari: herritarraren hizkuntza eskubideak bermatu nahi ditugu, pertsonak erdigunean jarriz. Euskararen erabileran urratsak ematen jarraitzen dugu, etengabe, eta horretarako beharrezkoak diren tresnak garatzen jarraitzen dugu eta jarraituko dugu” azpimarratu du Bengoetxeak.
Dirulaguntzak euskarari eta ondareari lotuta
Gobernu Kontseiluak gaztelania darabilten hedabideetan euskararen erabilera areagotzeko 2025eko dirulaguntza deialdia onartu du gaur. Eusko Jaurlaritzak guztira milioi bat euro bideratuko du komunikabide hauetan euskara sustatzera.
Bestalde, euskal kultura-ondarea katalogatzeko, digitalizatzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko 100.000 euroko laguntza deialdia ere onartu da gaur. Deialdi honen bidez euskal funts analogikoak baliabide digital estandarizatu bihurtu nahi dira, datozen belaunaldiei transmititzea eta euskal kultura-ondarearen deskribapena eta digitalizazioa sustatzea helburu, ondoren Euskariana – Euskal Kulturaren Atari Digitalaren bidez zabaltzeko.
Hirugarrenik, lau ikerketa-bekaren deialdia onartu da gaur Euskadiko Artxibo Historikoan gordetako artxibo-funtsak eta dokumentu-ondareak ikertzeko. Beka bakoitza 10.000 eurokoa izango da, eta, guztira, 40.000 euro bideratuko ditu Jaurlaritzak deialdi honetara. Deialdi honekin, Jaurlaritzak Euskadiko Artxibo Historikoan gordetako euskal dokumentu-ondarearen ikerketa sustatu nahi du.
Gobernu Kontseiluan onartutako beste gai batzuk
Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzeari, Gasteiz Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunen egoitza gisa sustatzeko prozesua finantzatzeko.
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza, Adminsitrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak azaldu duenez, hitzarmena sinatzeak berekin dakar 50.000.000 €-ko ekarpena, gehienez ere, 12.500.000 € urteko, 2025etik 2028ra bitartean.
“Dirulaguntzaren helburua da, besteak beste, hiri-inguruaren mantentze-lanak egitea, herritarren zein bisitarien segurtasuna zaintzea eta, oro har, zerbitzu publikoak hobetzearren egingo diren gastu eta inbertsioak egitea” azaldu du.
Halaber, Gobernu Kontseiluak onartu du Euskadi Global Education Monitoring Report (Gem-Report) txostenaren Aholku Batzordeko kide izateko hautagaitza ofizial bihurtzea, United Nations Educational, Scientific and Cultural Organization (UNESCO) erakundearekin lankidetza-hitzarmena sinatuz eta dagokion dirulaguntza emanez.
Euskadik foro horretan parte hartzeak aukera ematen du euskal hezkuntza-politika nabarmentzeko eta elkarrekiko intereseko hainbat hezkuntza-politikatan erreferentziako lurralde gisa kokatzeko, hala nola bereizketan, inklusioan, aniztasunarekiko arretan eta hezkuntza-arloko berrikuntza.
Bestetik, 2022ko abenduaren 20ko erabakiaren bigarren aldaketa ere onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Haren bitartez zuzeneko dirulaguntza eman zitzaion Urduñako Udalari Landatas eta Maria Dolores Madaria auzoetan hiria berroneratzeko eta eraikinak birgaitzeko.
“Laguntza bi miloi euro baino zertxobait handiagoa da eta BERPIZTU programaren baitan kokatzen da; Berroneratzeko Opengela eredua sustatzea du helburua, Bultzatu 2050 Hiri Agendaren konpromisoekin lerrokaturik, zeinak jasangarritasuna, energia-eraginkortasuna eta irisgarritasuna hobetzearen alde egin baitu apustu” adierazi du Maria Ubarretxenak.
12 ezkaratz eta 126 etxebizitza birgaitzea aurreikusi da, guztira, proiektuan.
Ubarretxenak aditzera eman duenez, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren bitartez, hitzarmen bat sinatu du Eusko Jaurlaritzak Berdintasun Ministerioarekin LGTBIfobiak eragindako bereizkeriaren eta gorroto-delituen biktimen arretan koordinazioa eta eraginkortasuna hobetzeko.
“Hitzarmenari esker, 028 Arcoiris izeneko telefono bidezko zerbitzu estatalera Euskaditik egiten diren deiak automatikoki birbideratuko dira Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen telefono bidezko zerbitzuaren 900 840 128 zenbakira” gaineratu du.
Hitzarmen honek LGTBIQ+ pertsonen errealitatea berdintasun-politika publikoen erdigunean jartzeko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoari erantzuten dio.
Alor horretan bertan, Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren, Osakidetzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren artean erakundearteko hitzarmen bat sinatzea onartu du, udazkenean, “Barnahus” izeneko eredua abiarazteko helburuarekin. Haur eta nerabeek pairatzen duten sexu-indarkeriaren aurkako arreta integral eta espezializatua eskaintzen duen eredua da Barnahus.
“Proiektu pilotua Araban ipiniko da abian eta arreta homogeneo eta koordinatua eskaintzea du helburua, osasun-, hezkuntza-, gizarte-, polizia- eta justizia-sistemak bat eginik” azaldu du bozeramaileak.
Gobernu Kontseiluak onartutako beste puntuen artean dago, arrantza-enpresentzako laguntzen deialdia, ikasleek arrantza-ontzietan prestakuntza-egonaldiak egin ditzaten.
Eusko Jaurlaritzak 105.000 euro bideratuko ditu “Itsasoratu” programa honetara. Laguntzen helburua da arrantzaren sektorearen errealitatean prestakuntza-aldiko praktika sustatzea, dirulaguntzaren bidez, arrantza-ontzietako enpresek nautikako eta arrantzako prestakuntza-zikloetako ikasleak ontziratze-aldi bakoitzean sortutako gastuak erraztuz.
Azkenik, Gobernu Kontseiluak Eibarko udalari zuzendutako 1.000.000 euroko zuzeneko dirulaguntza onartu du, «Made in Eibar» proiektua aurrera eramateko. Proiektu honen helburua da turismo-produktu integral bat sortzea eta eratzea.






