Eusko Jaurlaritzak webinar bat antolatu du Elikadura Katearen Legearen aplikazioa indartzeko

0
  • “Sortutako balioaren banaketa orekatuagoa bermatzeko tresna, ekoizleetatik banaketaraino”
  • Pérez Iratxeta sailburuordeak gogorarazi duenez, “ekoizleen eta erosleen artean hitzartutako prezioek produkzio-kostu eraginkorrak estali behar dituzte gutxienez, galeretarako salmenta-praktikak saihesteko”
  • Irailaren 24an egingo da, aurretik webgunean izena emanda

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak webinar bat antolatu du irailaren 24an, nekazaritzako elikagaien sektore osoari zuzendua, Elikadura Katearen Legearen sentsibilizazioa eta betetzea indartzeko.

“Horrekin —zehaztu du Raul Pérez Iratxetak, Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeak— Eusko Jaurlaritzak araudi hori aplikatzea bultzatuko du, elikadura-katean sortutako balioaren banaketa bidezkoagoa eta orekatuagoa bermatzeko funtsezko tresna gisa, ekoizleetatik hasi eta banaketaraino”.

Horretarako, Pérez Iratxetak gogorarazi duenez, “ekoizleen eta erosleen artean hitzartutako prezioek, gutxienez, ekoizpenaren benetako kostuak estali behar dituzte, nekazaritzako ustiategien jasangarritasuna arriskuan jartzen duten galeretarako salmenta-praktikak saihesteko”. Betebehar hori ez betetzea arau-hauste larria da, eta 3.000 eurotik milioi bat eurora bitarteko isunak jar daitezke kasu oso larrietan.

Irailaren 24ko jardunaldian Saileko arduradunek eta aditu juridikoek parte hartuko dute, eta araudiaren funtsezko alderdiak, ikuskapen- eta zehapen-prozedura eta merkataritza-harremanetan oreka handiagoa lortzera bideratutako kontratuen eta negoziazio-jardunbide egokien adibide praktikoak aztertuko dituzte.

“Ekintza horrekin, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du Elikadura Katearen Legearen ezagutza hobetzeko, ekoizleen eskubideak babesteko, kontratu-harremanetan gardentasuna sustatzeko, eta elikadura-katearen eredu bidezkoagoa eta jasangarriagoa bultzatzeko konpromisoa, sortzen den balio erantsiaren banaketa orekatua egon dadin”, zehaztu du sailburuordeak.

Online saioa irailaren 24an izango da, goizeko 10:00etan, eta interesa duten pertsona eta erakunde guztientzat dago zabalik. Aurretik Eusko Jaurlaritzako Elikadura Sailaren webgunean izena eman behar da, Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako zuzendaritzan, hain zuzen ere.

 

Izena emateko esteka:

https://forms.office.com/Pages/ResponsePage.aspx?id=7W_IwaAKXkaSvluX4rWE-ZrqlVjr7YVAu7hOga6vl99UNlExTkNZSUM0NEFINVI1TDg4TTBNUFFJRyQlQCN0PWcu